→Hego Uribe

Rockein lehiaketak 135 artisten lanak jaso ditu seigarren edizioan

basauri rockein 2017 finala kiñubak

Parte hartze errekor berria lortu du Rockein lehiaketak seigarren edizioan. Jaso dituzten 135 proposamenetatik 27 tokikoak dira.

Kiñubak talde galdakoztarrak 2017ko edizioko euskarazko talderik onena saria eskuratu zuen // Rockein

Parte hartze errekor berria lortu du Rockein lehiaketak seigarren edizioan. 135 proposamenetatik 27 tokikoak dira

Seigarren edizioa beteko du aurten Rockein musika lehiaketak eta izena emateko epea itxita (martxoaren 24an), 135 artistek eman dute izena, “hirugarren urtez jarraian bere parte hartze errekorra gaindituz“, diote antolatzaileek. Jaso dituzten 135 proposamenetatik 27 tokikoak dira (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez) eta 24k euskarazko talderik onenari sarira hautagai izateko aukera dute.

Epaimahai batek aukeratuko ditu finalean zein talde arituko diren. Apirilaren 16an jakinaraziko dituzte finalisten izenak. Finala maiatzaren 12an izango da Basauriko Social Antzokian. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Arantzazu Pinto ‘Nara’ Madrileko Mad Cool jaialdiko artisten kontratazio agentea eta, lehenago, Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival edo Sonisphere jaialdietan egondakoa; Álvaro Fierro kritikari musikala, dokumental musikalen zuzendari eta kulturaren alorrean eragin ekonomikoak ikertzen dituen Cultumetría enpresako arduraduna; Amets Rodríguez
Mundaka Festivaleko zuzendaria; Jon Hervás Shake klubaren eta Solifest eta Unisound jaialdien eragile eta Panorama promotorako kidea; Amaia Santana musikan berezitutako kazetaria (MondoSonoro, Rock In Bilbo); Iker Bárbara MondoSonoro aldizkari musikalaren Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzailea; Joseba Vegas BI FMko zuzendaria; Jon Aguirrezabalaga ekoizle musikala eta WAS musika taldeko kidea; Asier Arrieta sormen publizitarioko irakaslea EHUn; Igone Beloki Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotzia; eta Koldo Goioaga Galdakaoko Udaleko Gazteria saileko zinegotzia.

Publikoaren saria bozkatzeko epea, zabalik

Maiatzaren 12an talde irabazlea, tokiko talderik onena, euskarazko talderik onena eta publikoaren saria banatuko dituzte Social Antzokian. Talde irabazleak EP profesional bat grabatu, EPa diseinatu (500 kopia, CD euskarrian), bideoklip profesional bat grabatu, eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskainiko du; tokiko talderik onenak Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian joko du; euskarazko talderik onenak abesti bat grabatuko du eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian joko du; eta publikoaren sariaren irabazleak Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdiaren barnean kontzertua eskainiko du.

Publikoaren sariari dagokionez, martxoaren 26an zabaldu dute talde edo bakarlari gogokoena bozkatzeko epea. Apirilaren 25era arte egongo da aukera bozkatzeko, Rockein-en Facebook profilaren bitartez. Parte hartzaileen artean MAZ Basaurirako bono bikoitza zozketatuko dute.

%58eko hazkundea

Lehiaketaren parte hartzea %58 hazi da 2013ko lehen ediziotik eta hirugarren urtez jarraian marka hobetu dela jakinarazi dute antolatzaileek: 2013an 85 parte-hartzaile izan zituen, 2014an 105, 2015ean 95, 2016an 110, 2017an 129, eta 2018an 135 parte-hartzaile.

Rockein Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da, Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen laguntzarekin. Gainera, seigarren edizio honetan lehiaketak Metro Bilbao eta FNAC bezalako erakundeak bildu ditu proiektura laguntzaile moduan. Honen ondorioz, iragan martxoaren 23an Kiñubak taldeak (2017ko edizioko euskarazko talderik onenak) Bilboko FNAC dendan doako emanaldia eman zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak