→Arrigorriaga

Indarkeria sexista gaitzesteko Beldur Barik lehiaketa martxan da

arrigorriaga beldur barik lokala 2014

Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa martxan da azaroaren 13ra arte. Hego Uribe eskualdean lehiaketa lokalak ere egingo dituzte.

Arrigorriagako talde batek 2014an aurkeztutako lanaren zati bat // Geuria

Indarkeria sexistaren aurkako Beldur Barik lehiaketa abiarazi dute zortzigarren urtez. Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat dago zuzenduta. “Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin“, diote antolakuntzatik. Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 13ra arte (24:00ak arte).

Aurten Beldur Barik topaketa Eibarren izango da abenduaren 2an. Bertan, lehiaketa orokorraren irabazleak emango dira jakitera. Lehiaketa orokorraren oinarriak hemen daude irakurgai.

Guztira, 2.200 euro banatuko dituzte saritan: lehenengo eta bigarren kategoriako sari nagusiak (500 euro bakoitzeko), lehenengo zein bigarren kategoriako aipamen bereziak (300 euro bakoitzeko), ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria (300 euro) eta parte hartzeari saria (300 euro).

Hego Uribeko lehiaketa lokalak

Aurreko urteetan bezala, aurten ere lehiaketa lokalak izango dira Hego Uribe eskualdean. Iaz 25 lan aurkeztu zituzten Arrigorriagatik (6), Basauritik (7), Etxebarritik (3), Galdakaotik (8) eta Ugaotik (1).

Basaurin, tokiko lehiaketaren sari-banaketa abenduaren 4an izango da, Marienean. Kategoria bakoitzeko 500 euroko sariak banatuko dituzte.

Arrigorriagako tokiko lehiaketaren sari-banaketa azaroaren 25ean izango da, Emakumeen indarkeriaren aurkako kanpainaren barruan. Sariei dagokienez, lehengo kategorian 300 euro banatuko dituzte (bi irabazle baleude 150 euro bakoitzarentzat eta hiru baleude 100 euro bakoitzarentzat) eta bigarren kategian 200 euro (sari bakarra).

Beldur Barik programa Berdinsarea izeneko sarearen barruan sortu zen 2009an. Gaur egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta EITBren laguntza dauka.
Gora