→Hego Uribe

Beldur Barik lehiaketa abiarazi dute Hego Uribe eskualdean

basauri beldur barik 2017 sari banaketa 0

Indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketa abiarazi dute bederatzigarren urtez EAEn. Hego Uriben ere lehiaketa lokalak izango dira.

Basauriko 2017 tokiko lehiaketako partaideak sari banaketan // Argazkia: Geuria

Indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketa abiarazi dute bederatzigarren urtez Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurtengo edizioko leloa “Beldur barik jarrera partekatu” izango da, sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzeko.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat dago zuzenduta, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. “Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin. Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin”, diote antolakuntzatik. Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 9ra arte. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta bestetik, 18-26 bitartekoak. Iazko edizioan 390 lan eta 2.664 gazte aurkeztu ziren.

Aurten Beldur Barik topaketa Araban izango da azaroaren 24an. Bertan, lehiaketa orokorraren irabazleak emango dituzte jakitera. Lehiaketa orokorraren oinarriak hemen daude irakurgai. Guztira, 2.200 euro banatuko dituzte saritan: lehenengo eta bigarren kategoriako sari nagusiak (500 euro bakoitzeko), lehenengo zein bigarren kategoriako aipamen bereziak (300 euro bakoitzeko), ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria (300 euro) eta parte-hartzeari saria (300 euro).

HEGO URIBEKO LEHIAKETA LOKALAK

Aurreko urteetan bezala, aurten ere lehiaketa lokalak izango dira Hego Uribe eskualdean. Iaz 20 lan aurkeztu zituzten Hego Uribetik: Arrigorriagatik 4, Basauritik 10, Etxebarritik 1, Galdakaotik 2 eta Ugaotik 3.

Arrigorriagan tokiko lehiaketaren sariak eta diplomak banatuko dituzte azaroaren 23an, Emakumeen indarkeriaren aurkako 2018ko kanpainaren barruan. Sariei dagokienez, lehenengo kategorian 300 euro banatuko dituzte (bi irabazle baleude 150 euro bakoitzarentzat eta hiru baleude 100 euro bakoitzarentzat) eta bigarren kategian 200 euro (sari bakarra). Arrigorriagako epaimahaia osatuko dute gizarte eta kulturaren arloko ordezkariek. Informazio gehiago jasotzeko Gazteria edo Berdintasun arloetara jo ahalko dute interesdunek (Gazteria saila -Gaztegunea-: 946 001 876, gaztegunea@arrigorriaga.eus. Berdintasun saila: 944 020 200 -luzapena 1026-, berdintasuna@arrigorriaga.eus).

Basaurin tokiko lehiaketaren sari banaketa azaroaren 27an izango da Marienean, 19:00etan. Kategoria bakoitzeko 300 euroko saria banatuko dute. Interesdunek informazio gehiago jasoko dute Marienean, 946 124 102 telefono zenbakian edo beldurbarikbasauri@gmail.com helbide elektronikoan.

Beldur Barik programa Berdinsarea izeneko sarearen barruan sortu zen 2009an. Gaur egun, Emakunde erakundeak antolatzen du, Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Eitbren laguntza dauka.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak