→Hego Uribe

Bertso harrobia Hego Uribe eskualdean

hegouribe bertsolaritza 2016 bbk sariketa finala

Hego Uriben 1.562 ikasleek hartzen dute parte Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen bertsolaritza ikastaroetan. Gainera, bi bertso eskola daude eskualdean.

Hego Uribe eskualdean 23 ikastetxek hartzen dute parte Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen bertsolaritza ikastaroetan: Arrigorriagako eskola, Basauriko ikastetxeak (Arizko ikastola, Etxegarai, Kareaga Goikoa, Bizkotxalde, Basozelai-Gaztelu, Soloarte, Sofia Taramona, Basauri Kooperatiba, San Jose), Etxebarriko Kukullaga eskola, Galdakaoko ikastetxeak (Aperribai, Urreta, Gandasegi, Unkina eta Eguzkibegi), Ugaoko eskola eta Zaratamoko eskola. “Guztira, 1.562 ikasleek hartzen dute parte ikastetxeetan lantzen dugun bertsolaritza ikastaroetan”, diote Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

BBK Txapelketan irabazle

Joan den martxoaren 18an Bertsolari gazteen BBK Txapelketaren finala ospatu zen Bilboko Kafe Antzokian eta Hego Uribe eskualdeko ordezkariak suertatu ziren garaile Busturialdeko taldearen aurretik. Lehiaketa parekatua burutu ondoren, Ander Anakabe Lekue, Enare Muniategi Etxabe, Iker Garitagoitia Astigarraga, Txaber Ormazabal Villanueva, Andere Molinuevo Martin eta Iker Molinuevo Martin herritarrek osatutako Hego Uribeko taldea izan zen onena.

Bertsoaren ekosistema Hego Uriben

Hego Uribe eskualdean gaur egun bi bertso eskola daude: Arrigorriagakoa eta Galdakaokoa. “Bietan taldetxo bana batzen da astero”, dio Arkaitz Zipitriak, Hego Uribeko bertso-eskolen koordinatzaileak: “Horiez gain, Galdakaon gaztetxoen talde bat sortzea lortu dugu aurten”.

Bertso eskoletan, bakoitzak bere bertso jarduna sortu eta garatzen duela diote Bizkaiko Bertsozale Elkartetik. “Bakarrik zein taldean bertsotan eginez, eta ondorioz, elkar elikatuz”, diote. Era berean, besteei laguntzea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute, “izan ere, elkarrekin ekinez ikasten baita bertsotan”. Gainera, “bertsoaren ekosistema” ezagutzeko aukera ere badago bertso eskoletan, “bertso mundura murgildu eta alde desberdinak jorratuz. Hala nola, bertso saioen antolakuntza, gai-jartzailetza, epailetza, plazako bertsoak edota txapelketakoak. Arlo guztiak ikutzen ditugu bertso eskoletan”, dio Zipitriak.

Bizkaiko Bertsozale Elkartetik diotenez, “beste herrietatik izena eman nahi dutenak Arrigorriagako bertso eskolara bideratzen ditugu”. Horiek horrela, ateak zabalik dituztela gogorarazi nahi dute bai Arrigorriagako bai Galdakaoko bertso eskolek: “Horretarako, Bertsozale Elkartera deitu eta herriaren eta interesen arabera bideratuko zaituztegu batera edo bestera”, diote.

Basauriren kasuan, nahiz eta egun bertso eskolarik ez izan, hainbat saio antolatzen ditu bertako bertsozale talde batek. Esate baterako, San Migeleko eta Basauriko jaietan bertso-saioa antolatzen dute, baita lantzean behin bertso-bazkariren bat edo beste. Era berean, Basauriko bertsozale taldeak inguruko saioak antolatzen ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak