→Hego Uribe

Hego Uribe eskualdeko emakumeak erreferente, WomenBi proiektuan

Emakume profesionalen protagonismoa ikustaraztea eta gizarte mailan egiten duten lana balioan jartzea da WomenBi proiektuaren helburua.

Pili Castro, Lorena Fernandez, Lorea Momeñe eta Zuriñe Garcia // Argazkiak: Bizkaiko Foru Aldundia

Emakume profesionalen protagonismoa ikustaraztea eta gizarte mailan egiten duten lana balioan jartzea da WomenBi proiektuaren helburua

Emakume profesionalen protagonismoa ikustarazteko eta gizarte mailan egiten duten “lan baliotsua eta derrigorrezkoa” balioztatzeko sortu dute Bizkaian WomenBi proiektua. Esparru desberdinetako emakume profesionalen hogei profil jaso eta horien erakusketa inklusiboa egin dute argazki eta ikus-entzunezkoekin. Eta, hogei profil horien artean daude Hego Uribe eskualdeko lau emakume: Pili Castro, Lorena Fernandez, Lorea Momeñe eta Zuriñe Garcia.

Pili Castro Cáritas Elkarteko Adineko Pertsonen Arloko arduraduna izateaz gain, Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea ere bada. Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria eta Inspira STEAM mentorea da, Lorea Momeñe abeltzaina da, eta Zuriñe Garcia Galdakaoko Andra Mari jatetxeko sukaldeburua da.

Adela Asua Zigor Zuzenbideko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Konstituzio Auzitegiko lehendakariorde emeritoa), Itziar Lazkano aktore eta zuzendaria, Itziar Astigarraga Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua eta Umeen Onkologia Unitateko arduraduna, Mireia de Diego Bizkaiko Indusketa Enpresen Elkarteko lehendakaria, Rakel Mateo triatleta paralinpikoa, Deusto Arraun Taldeko Emakumeen Taldea, Sokatirako Euskadiko Emakumeen Selekzioko tiratzaileak, Tamara Claveria Gizarte Integrazioko graduduna eta Asociacion de Mujeres Gitanas (AMUGE) Elkarteko lehendakarirdea, Marta Macho matematikoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea eta zientzia dibulgatzailea, Saioa Lara soinekoen diseinatzailea (soinekoen diseinurik onenaren Goya Saria Handia filmagatik), Maria del Carmen Vazquez Bilbobus Zerbitzuko gidaria, Claudia Elena Favela soziologoa, Fatou Dieng Nazioarteko Merkataritzako teknikaria, Mamen Freitas soldatzailea, Begoña Garcia de Andoin jostuna eta Euskadiko Emakume Alargunen Federazioko kidea, eta Ana Oteiza Tromso-ko (Norvegia) PET Imaging Center-eko I+D taldeko ikertzailea.

bizkaia womenbi proiektua 2018 bfa

WomenBi proiektuko 20 protagonistak // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

“Emakume errealak, hurbilekoak, beste emakume asko eurekin identifikatzeko modukoak direnak dira emakume hauek. Badituzte ezaugarri komunak ere: talentua, profesionaltasuna, eragingarritasuna eta kemena. Emakume hauen guztien atzean kontatzea merezi duen arazoak gainditzeko eta hobetzeko istorio bat dago”, diote Bizkaiko Foru Aldunditik. Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jarri dute martxan WomenBi proiektua.

Erakusketa ibiltaria

WomenBi argazki eta ikus-entzunezko erakusketa gaur, azaroak 15, inauguratu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, eta urtarrilaren 31ra arte ikusgai egongo da. Ondoren, izaera ibiltaria izango du erakusketak eta Bilbo eta Bizkaiko herrietako beste areto batzuetan erakutsiko dute. Era berean, Metro Bilbaon ere argazki erakusketa ikusgai egongo da azaroaren 15etik aurrera. Urtarrilean Basauriko Bidasoa irteeran izango da erakusketa.

Proiektuaren egileak Enrique Moreno Esquibel argazkilaria eta Marta Fernández Rivera kazetaria izan dira eta, aldi berean, Metro Bilbaoren laguntza du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak