→Hego Uribe

Elkarlanerako bideari ekin diote Hego Uribeko gazte asanbladek

Urriko Martxa burututa, hausnarketa egin eta ekintza bateratu gehiago prestatzeko garaia izango dute orain.

Hego Uribe eskualdea zeharkatu du Urriko Martxak, Zeberiotik Arrigorriagara arte / Urriko Martxa

Urriko Martxa burututa, hausnarketa egin eta ekintza bateratu gehiago prestatzeko garaia izango dute orain.

Eguraldia lagun izan ez arren, dozenaka lagunek hartu dute parte Hego Uribeko Gazte Asanbladek antolatutako Urriko Martxan. “Giro ederrean pasa ditugu hiru egun hauek, ezin genion gehiago eskatu asteburuari. Plazer handia izan da gure borrokak, esperientziak eta batez ere laguntasuna eskualdeko Gazte Asanblada ezberdinen artean konpartitzea. Talde bikaina osatzen dugu!”, diote martxako bultzatzaileek. Urriaren 26tik 28ra bitartean, Zeberio, Arrankudiaga, Ugao eta Arrigorriaga zeharkatu zuen gazte martxak.
Tartean eskualdeko presoen eta arriskuan dauden gaztetxeen aldeko aldarria egin zuten gazteek Untzeta mendian, asanblada ezberdinek edukitako ibilbideak errepasatu zituzten, etorkizuneko erronken inguruko eztabaida izan zuten, kontzertuak antolatzerako orduan erabili beharreko soinu ekipoen inguruko tailerra egin zuten edota autodefentsa ikastaro batean parte hartu zuten.

Herri ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea eta gazteen arteko harremanak sendotzea ziren martxaren helburuak eta “ederto bete direla” diote antolatzaileek: “Urriko Martxa eskualdeko herri ezberdinetako Gazte Asanbladen elkarlanerako lehen urratsa izan da, lehen topagune erreala. Gure artean ezagutzeko eta beharrizan eta borroka bertsuak konpartitzeko aukera eduki dugu. Hemendik aurrera halako ekimen gehiago etorriko dira”. Arrigorriaga, Arrankudiaga, Galdakao, Ugao, Zeberio eta Zolloko Gazte Asanbladek eta Basauriko Txarraskak osatzen dute Hego Uribeko topagunea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak