→Hego Uribe

Hego Uribeko bost pilotari arituko dira emakumezkoen binakako txapelketan

Patri Espinar, Irati Ugalde, Maite Jaio, Marian Trigo eta Izaskun Martin eskualdeko pilotariek hartuko dute parte. Txapelketa urtarrilaren 27an hasiko da Galdakaon.

Urtarrilaren 27an hasiko da txapelketa Galdakaon // Argazkia: Emakume Master Cup

Patri Espinar (Usansolo), Irati Ugalde (Galdakao), Maite Jaio (Galdakao), Marian Trigo (Basauri) eta Izaskun Martin (Basauri) eskualdeko pilotariek hartuko dute parte. Txapelketa urtarrilaren 27an hasiko da Galdakaon

Urtarrileko azken asteburuan ekingo diote Eskuz Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketari. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27an, igandez, hasiko da txapelketa Galdakaon. Horretarako udalerriko hiru frontoi erabiliko dituzte: Kurtzeakoa, Elexaldekoa eta Unkinakoa. Guztira 42 partidu jokatuko dituzte Galdakaoko hiru pilotalekuetan 10:00etatik aurrera. Jardunaldia goizez izango da.

Aurrekoetan bezala, aurten ere promozio eta lehen mailako lehiaketa egongo da, eta guztira 110 pilotarik eman du izena. Horien artean, Hego Uribe eskualdeko bostek: Patri Espinar (Usansolo), Irati Ugalde (Galdakao), Maite Jaio (Galdakao), Marian Trigo (Basauri) eta Izaskun Martin (Basauri). Espinarrek lehen mailan jokatuko du eta gainontzeko laurak promozio mailan. Promozio mailan 98 pilotari arituko dira (49 bikote) eta lehen mailan 12 pilotari (6 bikote).

Lehiaketa sistemari dagokionez, aurten berrikuntza bat izango du: lehen mailako txapelketan kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte lehen aldiz. Modu horretan, egun berean bi partida jokatu ordez, bakarra jokatuko dute pilotariek.

Sailkapen fasea urtarrila eta otsaila bitartean izango da Arabako eta Bizkaiko frontoi ezberdinetan (Murgia, Sodupe, Urduña, Orozko eta Gordexola), finalerdiak martxoaren 10ean jokatuko dira Errenterian, eta finalak Zumarragan izango da martxoaren 17an.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak