→Hego Uribe

Emakumeen II. Klasikoak Hego Uribe zeharkatuko du ekainaren 1ean

Hego Uribe eskualdeak Emakumeen II. Txirrindularitza Klasikoa hartuko du ekainaren 1ean.

EMAKUMEEN II. KLASIKOA / E.K

Hego Uribe eskualdeak Emakumeen II. Txirrindularitza Klasikoa hartuko du ekainaren 1ean. Hiru lasterketa izango dira orotara: kadete mailakoa, gazte mailakoa eta elite mailakoa. Ugaon hasi eta Arrigorriaga, Zaratamo, Zeberio, Artea eta Areatza zeharkatuko dituzte probek, hasierako tokian bukatzeko, Ugaon.  Kadeteen lasterketak 47,5 kilometroko ibilbidea egingo du, 09:00etan hasita. Gazte eta elite mailakoek 11:00etan dute hitzordua; gazteenek 61,2 kilometro egingo dituzte eta elitekoek 87,8 km.

Ugaoko Txirrindulari Elkarteak antolatu du proba,eta Ugaoko, Zeberioko eta Arrigorriagako Udalen babesa jaso du, Berdintasun Sailen bitartez. Emakumeen Klasikoa 2020ra arte antolatuko dute eta urtero irteera ezberdina izango du: 2018ko irteera eta helmuga Zeberion izan ziren, aurten Ugaon ezarri dituzte eta 2020an Arrigorriagan izango dira.

BERDINTASUNAREN ALDE, KONPROMISOA

Arrigorriagako, Ugaoko eta Zeberioko Udalek hitzarmena sinatu zuten iaz Zeberion 2020ra bitartean Emakumeen Klasikoa lasterketa ospatzeko. “Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunarekin eta kirolarekin dugun konpromisoa erakutsi nahi dugu hiru udalok”, zioten udaletako ordezkariek. “Kirolean emakume profesionalak badaudela ere erakutsi nahi dugu ekimen honekin. Horretarako aldaketa soziala egon behar du, eta hori denon laguntzarekin eta esfortzuarekin lortuko dugu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak