→Hego Uribe

Etxebarri, Ugao eta Zaratamoko eskolek 4.000 euro aurreztu dituzte kontsumo energetikoan

ugao leitoki eskola

Etxebarri, Ugao eta Zaratamoko ikastetxeek energia aurrezteko Euronet 50/50 Max proiektua gauzatu dute ikasturte honetan, bigarren aldiz.

Ugaoko eskolak 2.069 euro aurreztu ditu, Zaratamokoak 1.357,19 euro, eta Etxebarrikoak 760,54 euro // Argazkia: Geuria

Etxebarri, Ugao eta Zaratamoko ikastetxeek energia aurrezteko Euronet 50/50 Max proiektua gauzatu dute ikasturte honetan, bigarren aldiz, Nerbioi-Ibaizabaleko Udaltalde 21 erakundearen eskutik. Zentzu horretan, kontsumo energetikoan aurreztu egin dute hiru ikastetxeek: Kukullaga ikastetxean kontsumo energetikoaren aurrezpena % 3,45ekoa izan da, Ugaoko eskolan % 4,08koa eta Zaratamoko eskolan % 14,28koa. Guztira, 4.186,83 euro aurreztu dituzte ikastetxeek: Ugaoko eskolak 2.069 euro aurreztu ditu, Zaratamokoak 1.357,19 euro, eta Etxebarrikoak 760,54 euro.

Proiektuak ikastetxeetan energia aurreztea du helburu eta metodologiak energiari eta horren derrigorrezko erabilerari buruzko ezagutza handiagoa lortzen laguntzen du. Horren ondorioz, aurrezpen ekonomikoa sortzen da eta zentroak horren onurak jasotzen ditu. Hain zuzen ere, ikasleek, irakasleek eta irakaskuntzakoa ez den pertsonalak energiaren eragingarritasunaren arloan burutu dituzten neurriei esker, aurreztutakoaren % 50a hezkuntza-zentroari itzuliko diete, finantza-ordainketaren edo konpentsazio-neurrien bidez. Gainerako % 50a Udalaren fakturazio ekonomikoan igarriko da, Udalak berak ordaintzen baititu fakturak. Aldi berean, ingurumenari dagokionez, begirunetsuagoa den komunitate bat sustatzen du proiektuak.

Etxebarri, Ugao eta Zaratamoko Udalek balorazio “oso positiboa” egin dute, “ikastetxeek kontzientzia areagotzeko eta energiaren aurrezpena sustatzeko eskaini duten laguntzagatik eta egin duten ahaleginagatik”, diote. Era berean, ikasleek ingurumeneko kontzientziazioaren eta aldaketa klimatikoaren alde sentiberatzeko eta inplikatzeko konpromisoa ere goraipatu dute Udalek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak