→Hego Uribe

Euskal Herriko Itzuliak Hego Uribe eskualdea zeharkatuko du apirilaren 11n eta 12an

Laugarren etapa Arrigorriagan bukatu baino lehen, Ugao, Zeberio eta Zaratamo zeharkatuko dituzte txirrindulariek. Apirilaren 12an Arrate izango du jomugan pelotoiak eta Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu Txorierrira igaro aurretik.

Euskal Herriko Itzulia

Laugarren etapa Arrigorriagan bukatu baino lehen, Ugao, Zeberio eta Zaratamo zeharkatuko dituzte txirrindulariek. Apirilaren 12an Arrate izango du jomugan pelotoiak eta Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu Txorierrira igaro aurretik.

Hego Uribeko txirrindularitza zaleak zorioneko dira. Apirilaren 8tik 13ra ospatuko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia eta sei etapetako bi gure eskualdetik igaroko dira. Zumarragatik abiatuko da lasterketa, erlojupeko etapa batekin, eta Eibarren bukatuko da sei egun geroago. Hain zuzen ere, laugarren eta bosgarren etapak dira Hego Uribetik pasatuko direnak.

Apirilaren 11n Arrigorriaga izango du helmuga pelotoiak: Gasteiztik abiatuko dira txirrindulariak eta Garateko mendatea pasata, Ugaora iritsiko dira. Ugaotik Zeberiora bidean jarriko dira. Arbildu, Santa Kurtze, Bekolanda, Olatzar, Presalde, Zabale, Zubialde eta Ermitabarri auzoak zeharkatu eta Undurragara (Zeanuri) joango dira goi mailako mendatea igotzeko. Hura jaitsi eta Orozkora abiatuko dira, goi mailako beste mendate bat igotzeko. Orozkotik Arrigorriaga bidean jarriko dira, Arrankudiaga eta Ugaotik pasata. Arrigorriaga albo batera utzi eta Arkotxara joango dira txirrindulariak, Zaratamoko Elexalde auzora igotzeko. Laugarren etapako azken mendatea igo beharko dute Zaratamon, 3. mailakoa. Hura menderatuta, Arrigorriagara jaitsiko dira etapako helmuga bertan zeharkatzeko.
Apirilaren 12an Arrigorriagan ekingo diote bosgarren etapari, Eibarko Arrate auzoa jomugan. Gipuzkoara salto egin baino lehen, Bizkaiko kostaldea zeharkatuko dute txirrindulariek eta haraino iristeko Basauritik eta Galdakaotik pasako da pelotoia, Erletxesetik Larrabetzura bidean jarri eta Txorierri eskualdea zeharkatzeko.

Ibilbidearen berezitasunak
42 urte dira Euskal Herriko Itzulia erlojupeko batekin hasten ez zela. 1977an izan zen azkenekoz. Azken urteetan, antolakuntzak erlojupekoa azken egunerako utzi izan du, baina, iaz, joera hori aldatu, eta laugarren egunera aurreratu zuen. Neurriak txirrindularien eta zaleen onespena izan duela ikusita, aurten are gehiago aurreratu dute. Bestelakoan, 784,3 kilometro izango ditu Itzuliak, eta 22 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: lehen mailako bost, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hamabost.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak