→Hego Uribe

Herritarren berbak (VI): “Usansoloko albiste batekin egin nuen topo eta esan nuen: Geuria geurea da!”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Ainhoa Etxabe, Antton Irusta eta Laura Martin.

Ainhoa Etxabe, Antton Irusta eta Laura Martin

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Ainhoa Etxabe Chamorro
Adina: 39 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria

1. Izenordain bihurkari orok adierazten didana, alegia, gertutasuna eta kidetasuna. Geuria, zeuria, neuria, denona, herriarena.

2. Tokian tokikoa, garaian garaikoa eta euskaraz dela.

3. Erabat. Kasu, Albert Rivera herrira etorri zenekoa. Herritarrek izan zuten jarrera eredugarriaren isla objektiboa helarazi zenuten Geurian. Gizartean errotuta dauden “bertoko” beste komunikabide batzuek ez zioten gertakariari trataera bera eman.

4. Herrigintzan hainbat aktore egon ohi da. Euskara hutsez agertzeko erabakia hartzen duen proiektu orok badu bere baitan sistema errotik aldatzeko premia eta funtsa. Duela 5 urte, hein handi batean erdaraz bizi den eskualdean euskaraz informatzeko erabakia hartu zuen Geuriak eta erabaki hori da izaera eraldatzailea ematen diona Geuriari berari. Hortaz, funtsean, Geuriak geure inguruan euskara prestigiatzen laguntzen du, alegia, dagokion lekuan jartzen.

5. Euskaraz informatzea ez da helmuga izan behar. Gizarte ekimen indartsua ardatz liteke Geuriaren inguruan.

6. Beste gauza batzuen artean, 3. galderan erantzun dudanagatik.

 

Izena: Antton Irusta
Adina: 56 urte
Herria: Usansolo
Lanbidea: Idazlea

1. Gainbegirada egin eta pentsatu nuen: kontxo, kontxo, itxura ederra zeukak! Ireki eta gozo-gozo irakurtzen jardun nuen. Redios! Hego Uribeko albisteak zekartzan, batzuk laburrak eta beste batzuk luzeagoak. Jarraian Usansoloko albiste batekin egin nuen topo eta orduan esan nuen: Geuria Geurea da. Gertuko dut Geuria eta egia esan Usansolori buruzko albiste eta berriak txukun-txukun idatzita daude. Horixe baietz!

2. Aldizkariak dituen atalek oreka handia dute. Eta batez ere, ARGAZKI ederrez eta ikusgarriz hornituta daude. Jendea ekarrarazten duzue, batez ere testu laburrak eta argazki ikusgarriekin txukuntzen duzuelako aldizkaria. Aisia, Agenda, Hitz bitan…

3. Aldizkaria arrakastatsua izango bada, ahalik eta hur eta gertuen izan behar du, derrigorrean. Euskara aberatsa darabilzue, eta ulertzeko modukoa; ez da erraza izaten, ez. Gertukoa duzue zeharo eta horrek bizipoza dakar, zalantzarik gabe.

4. Geuria aldizkaria irakurtzen dudanean, Hego Uriben ikusten dut neure burua eta ondoko herriek dituzten kezkak eta nahiak jasotzen ditut. Hego Uribe osatzeko komunitatea ezinbestekoa da aldizkaria eta komunikazioa errazten du. Gainera, aldizkariak herrigintza suspertzen du eta komunikazioa sendotu.

5. Paperezko edizioa maite dut eta esku artean izateak nolabaiteko interesgunea sortzen du. Orriz orri idazten hasten naiz, poliki-poliki eta iritzi artikuluak gustuko ditut. Ni neu gaur egun duzuen aldizkari formatuarekin identifikatzen naiz. Badakit atal bakoitza non dagoen eta irakurterraza eta praktikoa da

6. Lanean zuengatiko kanpaina egiten dut eta beste eskualdeko lagunek esaten didate haien tokian ez dutela halako aldizkaririk. Ez hori bakarrik, nire batxiko ikasleekin irakurketa ordua dugunean, zuen aldizkariko iritzi artikuluak irakurtzen ditugu. Hego Uribe eskualdean euskaraz bizi nahi duen nonori gomendatuko nioke zuen aldizkaria. Euskara ederrean egina, bizia eta irakurterraza.

 

Izena: Laura Martin
Adina: 44 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Begiralea eta auxiliaria

1. Nire AEKko euskara taldea, bertan hasi nintzelako Geuria jasotzen.

2. Tokiko berriak euskaraz irakurtzeko.

3. Noski! Tokian tokiko berriak gustuko ditut: zer gertatzen den nire herrian edo non ospatuko den hurrengo jaia…

4. Niretzat oso garrantzitsua izan da euskarazko hiztegia edukitzeko… Edozein berriri buruz hitz egiten du eta horrek asko lagundu dit.

5. Agian txikiagoa izatea paperezko egunkaria, poltsan hobeto eramateko!

6. Euskaraz delako, gure herrietan zer gertatzen den jakiteko oso erabilgarria delako eta noizean behin pertsona ezagunak agertzen direlako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak