Sareak

☉ Hego Uribe

Herritarren berbak (I): “Zein polita den Geuria zabaldu eta auzokideen erronkak irakurtzea”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Eneko Uterga, Ainara Garcia eta Aitor Palomero.

|

Eneko Uterga, Ainara Garcia eta Aitor Palomero

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Eneko Uterga
Adina: 39 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Euskara irakaslea

1. Gurea, gertukoa. Izenak berak adierazten duen moduan, gertutasuna datorkit burura.

2. Informazioa emateko orduan gertutasuna adieraztea (lekuan lekuko berriak) eta euskaraz izatea.

3. Noski garrantzitsua dela. Askotan orokortasunean mugitzen dira komunikabide asko eta arrotz egiten zaigu informazioa. Beraz, hurbileko berriak jasotzean geure egiten ditugu.

4. Euskaraz komunikatzeko hautua egin zuen momentutik, Geuriak euskarari dagokion gunea emateko ahalegin nabarmena egiten dirau. Euskara ahaldundu eta ahalbidetzen duen heinean, herria bera suspertzen eta elikatzen du.

5. Herri mugimenduetan eragiletza lanetan murgiltzea pixkanaka.

6. Euskara hutsean delako eta gertukoa delako.

 

Izena: Ainara Garcia
Adina: 41 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Autonomoa, idazlea

1. Geuria. Bertakoa dela. Herrigintza: gure inguruko auzo eta herriei buruz jarduten delako.

2. Gaurkotasuna, freskotasuna eta hurbiltasuna.

3. Oso. Euskal Herri eta Estatu mailako kazetaritzak ez du gure errealitatea islatzen. Geuriak berriz, bai.

4. Lehen esan bezala, herringintza gure hizkuntzaren aterpean. Euskara hutsean beti. Zein polita egiten zait Geuria zabaldu eta gure auzokide edo udalek dituzten erronkak eta bizipenak irakurtzea, nire hizkuntzan.

5. Beharbada, sare sozialetan duen esparrua gehiago landu eta zabaldu. Paperezkoa ahaztu barik, mesedez. Ezin dut kontzebidu kazetaritza paperean ez bada. Paperaren eta bere usaiaren xarma. Plazerra.

6. Ez bakarrik gure auzo eta herriei buruz jarduten delako, baizik eta bertako kazetari trebe eta profesionalak Geuria egiten dutelako. Oso lan ona eta freskua. Ufa! 5 urte gure kaleak arakatzen… Zorionak!

 

Izena: Aitor Palomero
Adina: 24 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Langabetua

1. Euskara: hizkuntza hau gure bizimoduaren parte egin behar dugulako eta euskaraz behar garelako.

2. Gure komunitatearen azken berriak eskaintzen dizkiguzuelako.

3. Bai, gu behar duguna da jakitea gure inguruan zer gertatzen den.

4. Adin desberdinetako jendeari iristea, helduak, gazteak… Gainera euskararen bitartez egitea, hizkuntza erabiltzera ohitutzen gaitu.

5. Sare sozialetan baita egunkarietan euskal tradizio edo kulturari buruz artikilu gehiago egitea.

6. Euskaraz aritu nahi duena edonork Geuriarekin egin dezake.

☉ Hego Uribe

Tuberkulosi kasu baten jarraipena egiteko testak burutuko dituzte Arrigorriagako eta Ugaoko ikastetxeetan

Familiak jakinaren gainean daude, eta asmoa kutsatutako pertsonaren kontaktuen azterketa egitea dela adierazi du Osasun Sailak

|

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dituzte testak / Osakidetza

Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Osasun Sailak kaleratu duen oharrean, “dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren”. Zehaztu dutenaren arabera, “pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik”.

Hala ere, eta protokoloak zehazten duenari kasu eginda , testak egingo dituzte Arrigorriagako Eskolan eta Ugaoko ikastetxean maiatza eta ekainean zehar. Dagoeneko gutuna igorri zaie familiei, arreta telefonoa dute eskuragarri, eta hurrengo egun eta asteetan bilerak egingo dituzte prozedura zehatzago azaltzeko.

Hori horrela, eta  “prebentzioagatik” , nahiz eta “ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren”, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko du Osakidetzak.

Halaber, zera gogorarazi nahi izan dute: “Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da”.

Bukatzeko, Osasun Sailak “lasaitasunerako” mezua zabaldu nahio izan du: “izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko”.

 

 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIA Basauriko eta Galdakaoko Euskara Planen lanketan ari da herrietako eragileekin batera

Hurrengo urteetako Euskara eta Erabilera Planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

|

Basauriko eta Galdakaoko lan mahaiak / Geuria

Bi udalerrietako euskararen egungo egoera abiapuntutzat hartuta, hurrengo urteetako euskara eta erabilera planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

Basauriren kasuan, euskarari buruzko udalerriko datu soziolinguistikoak aztertu dituzte, azken urteetan euskara sustatzeko planaren barruan egindako ekintzak baloratu, eta hobetzeko proposamenak jaso. Batzar sektorialak ere egin dira, eta  atzo, maiatzak 9, plan berria garatzeko lan bilera egin zuen Udalak eragile ezberdinekin, GEURIA bertan zela.

Galdakaoko Udalari dagokionez,  euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa (AROA) diseinatzen ari dira. Planak Galdakaoko gizartearen beharrei erantzun nahi die eta gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean.

Hori horrela, atzo  planaren balorazioa egin zen, otsaila-martxoan egindako galdetegiaren datu nagusiak aztertu ziren, eta galdera baten bueltan aritu ziren partaideak, tartean GEURIA: euskararen egoerak zelako izan beharko luke 2034. urtean?

Hurrengo pausoak ere zehaztuta daude, bai Basaurin eta bai Galdakaon:

GALDAKAO

• Maiatzaren 23an, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan. Planaren helburu nagusien aurkezpena egingo da.

Aurkezpenaren ostean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza hizkuntza-eskubideez hitz egiteko. Eta bukatzeko, erakunde biek hitzarmena izenpetuko dute, aurrera begira elkarrekin eman ditzaketen urratsak aztertze aldera.

BASAURI

• Ekainak 1ean, 10:30ean, Solabarria plazan Open topaketa. Bertan orain arteko prozesuaren ondorioak azalduko dira, eta plan berria aurkeztuko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko Rally 48 taldeak VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du

Eskualdeko laukoteak lau kontzertu eskainiko ditu estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan, VSB Tour 24 sariarekin

|

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Arrigorriagako Chois eta Mark-L, Galdakaoko M. Sanchez eta Etxebarriko Quiet-Gk VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi dute Rally 48 izeneko bandarekin eta sari modura VSB Tour 24 esperientzia biziko dute: lau kontzertu eskainiko dituzte estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan. Gainera, Rally 48 taldeak, lehiaketan sariak jaso dituzten Kalipotxo, Mikosis, S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira), Markos García eta Gydeon taldeekin batera Mikel Amundarain eta Andoni Barinaga musikarien aholkularitza-saioak jasoko dituzte.

VillaSounBilbaoko azken kontzertua joan den apirilaren 25ean eskaini zuen Rally 48k eta zapore onarekin utzi zituen bandako kideak. Taldekoak, kideak baino lagun onak dira. Horrela azaldu dio behintzat GEURIAri Mark-L arrigorriagarrak: “Betidanik gustatu zaigu musika eta VillaSoundean izena emateko aukera zegoela ikustean elkartzea erabaki genuen”, aitortu du eta sariak taldearen esperientziarako oso “positiboak” zirela gehitu du. “Bira edo tour bat egitea, jaialdi batean kantatzea… sari oso deigarriak ziren eta lehiaketan parte hartzea esperientzia itzela izan da. Eta horixe bera da orain egin behar duguna: taldeari era honetako esperientziak gehitzea”.

Mark-L: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”

Rally 48 eskualdeko lau lagunek osatzen dute eta horietako bi eskualdeko Belardi Rockers proiektutik datoz eta beste biak, beste musika proiektu batetik: “Proiektuak berez hilabeteko ibilera baino ez dauka: duela hilabete bi hasi ginen elkartzen”, dio Mark-Lek. “Asier (Choisy) disko bat kaleratzekoa zen eta ni EP bat prestatzen ari nintzen, horrela, zenbait lagun elkartu ginen disko bat kaleratzeko”. Hasiera batean kide bi zirenak Rally 48 izeneko laukoteean bihurtu zen eta egun batzutara izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Bertan hiriko soinuak, popa, rocka eta rumba uztartzen dituzten eskualdeko musikariek, “erritmo freskoak eta urbanoak”.

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Eta orain zer?

VillaSoundBilbao lehiaketa irabazita, ikusgarritasuna lortzea da taldearen hurrengo helburua: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”.

156 taldek eman dute izena aurtengo VillaSoundBilbao lehiaketan eta horietatik 12k kontzertuak eskaini zituzten Bilborocken. 12 horietatik seik sari bat irabazi dute: VSB Tour 24 (Rally 48), BIME Live (Kalipotxo), Aste Nagusia (Mikosis), Musika Bulegoa (S.A.D), Bilbao Basket (Markos García) eta Lokal Session (Gydeon).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Iñaki Larrabeiti zaratamarrak 2.500 kilometroko bidaia-solidarioa egingo du bizikletan Almeriara galdakoztar birekin

Bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak Galdakoztar birekin: bost asteko bidaia izango da eta 30 etapetan banatuko dute, helburu solidario batekin

|

Eduardo Traver, Iñaki Larrabeiti eta Pedro Ramirez, Peña Hincadan (Errioxa) // Utzitakoa

Ekainaren 1ean Almeriako Cabo de Gatara abiatuko da Iñaki Larrabeiti (Zaratamo, 1959) bere bizikletarekin, Elkartasunezko Bizikleta Bira burutzeko. “Betidanik maite izan dut txirrindularitza eta zale modura praktikatu dut ere”, azaldu dio zaratamarrak GEURIAri. “Bizikleta gainean bidaia luze bat egiteko gogoa betidanik izan dut . Izan ere, azken urteetan astebeteko irteerak egin izan ditut lagunekin baina inoiz ez naiz harago joan”.

Oraingo honetan bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak: bost asteko bidaia izango da 30 etapetan banatuta. “Asmoa Kantauri isurialdea zeharkatzea da Galiziaraino eta behin Galizian Portugalerantz jo, hegoalderantz, Faroraino. Portugal atzean utzi eta Andaluziarantz abiatuko naiz”. Etapa bakoitzean 80 kilometro egitea aurreikusten du eskualdeko kirolariak, ondo bidean.

Bidaiaren hasieratik amaiera arte konstante bakarra Iñaki bera izango bada ere, etapa jakin batzuetan eskualdeko txirrindulari batzuk izango ditu bidelagun: Kantauriko isurialdetik Portugaleraino Pedro Ramirez galdakoztarraren laguntza izango du eta Portugaletik Sevillarainoko tartean Eduardo Traver galdakoztarra gehituko zaie pedalei eragiten. Beren ibilbidea egunez egun jarraitzeko eta proiektuaren berri izateko Whatsapp kanal hau zabaldu dute.

Solidaritatea gurpiletan

Baina zer ezkutatzen du bidaia honek? Erronka hau ez dute kirolean zentratu soilik; elkarlaguntza solidario batekin uztartu nahi izan dute abentura honen sortzaileek. Izan ere, Eduardo Traver bidaiaria eta farmazeutikoak Kooperako Ekuma proiektua kudeatzen du: “Kirol erronka hau elkarlaguntza proiektu batekin lotu nahi genuen hasieratik Koopera Euskadi GKEarekin”, azaldu du Larrabeitik.

“Gure ekintza maila bitan sailka daiteke”, gehitu du Eduardo Traverrek: “Alde batetik erabili beharreko materiala eramaten dugu Ginea Bissaura eta bestetik kontsultak eta ebakuntzak egiten bertan”. Gineako taldea anestesista bik, kirurgialari bik, ginekologo bik, oftalmologo bik, erizain batek eta farmazialari koordinatzaile batek osattzen dute. “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”, azaldu du Traverrek. Urtean bidaia bi egiten dituzte bertara eta egonaldiak 15 egunekoak izan ohi dira. Bertara joaten diren langileak boluntarioak dira eta 10 orduko lanaldiak egin ohi dituzte.

Eduardo Traver: “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”

Elkartasunezko Bizikleta Biraren bitartez jasotako dirua 2017tik Ginea Bissaun burutzen ari diren Ekumara bideratuko dute. Horretarako, proiektuan parte hartu nahi dutenek transferentziak bidali ditzakete ES 81 2100 1551 7102 0020 1653 kontura edo BIZUMa 629 252 812 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

Osorik irakurri