→Hego Uribe

Herritarren berbak (V): “Jaietan Geuriak argitaratutako bideo hura ahaztezina da niretzat”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Igor Zaballa, Esti Larrabide eta Unai Zubillaga.

Igor Zaballa, Esti Larrabide eta Unai Zubillaga

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Igor Zaballa Hortala
Adina: 51 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Euskara irakaslea

1. Artandape aldizkaria aspaldian desagertu ondoren, Hego Uribeko euskaldunok tokiko eta euskarazko komunikabideen aldetik gabezia handia genuen, eta, zorionez, GEURIAk ezin hobeto bete du hutsune hori. Oso hedabide profesionala da. Gure etxean hasiera-hasieratik hasi ginen jasotzen, eta egun ezinbesteko irakurgai bihurtu zaigu.

2. Iruditzen zait GEURIAk bete-betean islatzen dituela euskarazko komunikabide batek bete behar dituen ezaugarriak: lehenik, kalitatezko produktua da; bigarrenik, euskararen normalizazioarekin konpromisoa du; hirugarrenik, informazio zehatz eta askotarikoa ematen du; laugarrenik, iritzi-aniztasuna eskaintzen du; bosgarrenik, hurbila, erakargarria eta modernoa da; eta, azkenik, musu truk iristen da postontzira (hau pagotxa, hau!).

3. Bereziko garrantzia du, GEURIA baita Hego Uribeko herrien gaineko informazioa euskaraz eta euskal ikuspegitik ematen duen bakarra.

4. GEURIAk funtzio garrantzitsu bi betetzen ditu: batetik, ohiko komunikabideen gisara, herritarrak informatzen ditu, euskaraz, gainera, eta, bestetik, ezinbesteko tresna bihurtu da Hego Uriben euskara normalizatzeko, euskal hizkuntzan irakurtzeko aukera paregabea baita.

5. Gure eskualdean euskarak normalizazio-prozesuan pauso sendoak emango baditu, euskaraz bizitzeko aukera gehiago eskaini behar zaie hiztunei. Beraz, nik konpromiso handiagoa eskatuko nieke Hego Uribeko udalei GEURIA komunikabidea sendotu dezaten, egunkariaz eta sareko informazioaz haragoko erronkei heltzeko: GEURIA Telebista eta Irratia.

6. GEURIA delako gure herriei buruzko albisteak profesionaltasunez, euskaraz eta euskal ikuspegiz ematen dituen bakarra.

 

Izena: Esti Larrabide Sagastizabal
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Bankaria

1. Orain dela bi urte, Basauriko jaietako San Fausto egunean, Geuriak sare sozialetara bideo bat igo zuen: egun hartan, euria zela eta, ez zen ospatu sokatira txapelketa, baina, hala ere, lagun batzuekin batera euripean hasi ginen dantzatzen. Geuriako kazetariak momentu hura grabatu eta bideo alai bat egin zuen. Momentu benetan barregarria eta ahaztezina izan zen hura eta horregatik datorkit burura Geuria aldizkaria aipatzen denean.

2. Geuriak bi ezberdintasun garrantzitsu ditu bestelako hedabideekin alderatuta. Alde batetik, hurbileko komunikabidea da, hots, Hego Uribeko gertakizunak soilik jorratzen ditu. Gainera, herritarrok albisteen parte gara eta bertako kazetariak eskualdeko gazte ezagunak dira. Beste aldetik, euskarazko eskaintza egiten duela, eta hori bereizgarri garrantzitsua da; izan ere, Hego Uribe eskualdean ez dago euskarazko eskaintza duen bestelako aldizkaririk.

3. Bai. Herritarrok gure inguruan gertatzen diren berrien gaineko informazioa eduki behar dugu, eta Geuriak eskualdeko albisteak bakarrik ematen dituenez, bai Basauriko, zein inguruko herrietako gertakizunen berri dugu. Gertuko informazioak ematen digu gure eskualdearen gaineko ezagutza.

4.Geuria aldizkariak gure eskualdean euskarazko komunikabide eskaintza egotea lortu du. Hori lortzea oso zaila da, izan ere, Hego Uribe eskualdean gaztelania da nagusi. Hala ere, bereizgarri horrek ematen dio Geuriari bere nortasuna, eta horri esker albisteak euskaraz irakurri nahi ditugun herritarroi aukera hori ematen digu. Beraz, bertako kazetarien lanari esker, herriak Geuria identifikatzea, sare sozialetan jarraitzea, eta albisteak euskaraz irakurtzea lortu dute. Hego Uribe eskualdeko albisteak argitaratzen direnez, herritarrok gure inguru osoko informazioa jasotzen dugu, hots, ez du axola zein herritakoa zaren, guztion gaineko datuak edukiko dituzu. Horrek asko laguntzen dio herrien arteko elkarkidetzari, guztiak eskualde beraren parte sentitzen baikara.

5. Nire ustez Geuria taldea primerako lana egiten hari da. Hala ere, gustatuko litzaidake igotzen dituzuen argazkiak mobilean deskargatzeko aukera izatea.

6. Hego Uribe eskualdeko biztanlea izanik, bere informazio bidea Geuria izatea gomendatuko nioke bertatik jasoko baititu eskualdean gertatzen diren albisteen berri. Aipatuko nioke, Geuriak gai desberdinak lantzen dituela, kultura, politika, jaialdiak, kirola, eta abar, informazio globala lortuz bere eskualdeko gertakizunen gainean.

 

Izena: Unai Zubillaga
Adina: 24 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Zerbitzaria

1. Ba oso originala izango naiz eta “euskara” esango dut. Euskaltegian ikasten hasi nintzenean Geuria irakurtzen ere hasi nintzen. Oraindik Etxebarri proiektuan ez zegoen arren, beste herriei buruz irakurtzen nuen. Nire asmoa euskaraz irakurtzea baino ez zen, praktikatzeko. Orain, ordea, etxebarritar euskaldun gisa irakurtzen dut.

2. Hurbiltasuna. Beti dago momentu garrantzitsuenetan, hauteskundeetan, elkarteen proiektuak ikusgarri egiten… eta nik, Etxebarriko Jai Batzordekidea izanez, jaietan egiten duen lana aipatuko nuke.

3. Jakina, nazkatuta nago Bilbori buruzko berriak irakurtzeaz. Gustatuko litzaidake jakitea zer gertatzen den herrian, eguneroko berriak. Ez beti hiriburuetan gertatzen dena eta hortik sortzen duten sentsazionalismoa. Zorionez, gero eta ohikoagoa da gertuko kazetaritza.

4. Lehen esan dudan bezala, uste dut aipagarria dela elkarteen eta herriko proiektuei ematen zaien garrantzia. Beste komunikabide batzuetan ez da hori gertatzen, eta gertatzen bada, bigarren, hirugarren edo azken planoan jartzen dute, soberan dagoen lekua betetzeko. Bestalde, jakina, euskara bultzatzeko oso aurrerapauso handia da komunikabide euskalduna izatea. Herrian euskararen egoera hain larria izanez, asko eskertzen eta nabaritzen dira horrelako proiektuak.

5. Etxera bi aldiz heltzen zait egunkaria: bat tolestuta harpidetuta egoteagatik eta bestea tolestu gabe. Lehenengoa irakurtezina denez, bigarrena da irakurtzen dudana. Amak eskertzen du sudokuak eta horrelako denborapasak egiteko uzten diodalako, baina oso deserosoa da irakurtzeko.

6. Bertako berriak argitaratzen dituztelako, interesatzen zaizkigun gaiei buruzkoak, herrian gertatzen dena, euskaraz. Eta erdaldunei ere gomendatuko nieke, “spam” moduan: denbora-pasak eginez hasten da euskara pixka bat irakurtzen, gero berri bat… Amarekin funtzionatzen ari da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak