→Hego Uribe

Herritarren berbak (VIII): “Eskualdeko herrien aniztasunaz eta ondasunaz informatzen gaitu”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Iratxe Alaña, Gaizka Ibarretxea eta Agurtzane Emaldi.

Iratxe Alaña, Agurtzane Emaldi eta Gaiza Ibarretxe

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Iratxe Alaña
Adina: 44 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea

1. “Geuria da” kanta herrikoia. “Geuria da, da geuria / geuria da, da geuria […] geuria da, da, da, da, Euskal Herria”.

2. Euskara hutsean argitaratzen dela eta eskualde osoaren berri ematen duela.

3. Bai. Gure ingurune hurbilenean gertatzen denaren gainean informatuta egotea guztioi gustatzen baitzaigu.

4. Nire ustez , Geuriak hainbat onura eskaintzen dizkigu. Batzuk aipatzearren, kohesioa; hau da, eskualdeko auzotar guztiekin elkartzen gaituelako eta horren ondorioz, ikusgarriago eta sendoago egiten gaituelako. Bestalde eta hizkuntzari dagokionez, geure euskarari ematen dion bultzada. Horrez gain, askotariko edukiak; aniztasun hori ezagutzeak gure herrien aniztasunaz eta ondasunaz kontziente egiten gaituelako. Eta ziur nago horrek guztiak herri hobea egiten gaituela. Azken finean, horrelako hedabideak herritik sortu behar dira , hau da , herritarrok elikatu behar ditugu. Beraz, auzotarrentzat mesedegarria da.

5. Nire iritziz jada nabarmen hobetu da urte hauetan. Hori dela eta, gaur egungo maila jarraitzea arrakasta itzela izango litzateke.

6. Hego Uribe eskualde mailan dugun euskarazko komunikabide bakarra delako.

 

 

Izena: Gaizka Ibarretxe
Adina: 37 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Irakaslea

1. Euskarazko aldizkaria. Euskaraz hilero dohan jasotzen dugun aldizkari bakarra delako.

2. Alde batetik euskaraz idatzita egotea eta bestetik inguruko herrietan gertatzen ari denari buruzko berriak jasotzea.

3. Bai. Telebistan, irratian edo egunkarietan albiste orokorrak, bai atzerrian zein inguruan gertatutakoak azaltzen dizkigute. Baina normalean gure inguru hurbileko berriak ez dituzte aipatzen. Eta niri behintzat Hego Uribeko herrietan gertatzen ari denaren edo gertatuko denaren berri izatea ere interesgarria iruditzen zait.

4. Garrantzitsua eta aberasgarria iruditzen zait euskaraz izatea. Gure hizkuntzan egindako edozein gauzaren alde nago. Euskara zabaldu eta indartu behar dugulako. Beste aldetik, gai desberdinak jorratzen dituelako: politika, gizartea, kirola, kultura, berdintasuna, enplegua… Azken aldi honetan, nork gobernatzen duen jakitea, zer nolako ekintzak egin edo egingo dituzten berri izatea, berdintasunaren arloan zer egiten ari diren ikustea, kirola eta udara begira kontzertuak, jaiak…

5. Ba egia esan ez dakit. Badakit web orria baduzuela eta sare sozialetan zaudetela (Facebook) eta agian erosoagoa dela bertan irakurtzea, baina ni klasiko bat naiz eta egunkariak, liburuak paperean irakurtzea gustuko ditut. Berdin mantenduko nuke.

6. Beste komunikabideetan albiste berdinak ikuspuntu desberdinekin (segun nondik datozen edo nork idazten duen) ikus edo entzun ditzakegu. Baina interesatzen bazaigu gure inguruko herrietan gertatzen ari dena, uste dut Geuria dela aldizkari edo komunikabiderik hurbilena eta onena.

 

Izena: Agurtzane Emaldi Etxebarria
Adina: 52 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Euskara eta hezkuntza teknikaria

1. Eskualdeko euskarazko erreferentea datorkit burura, gure errealitate hurbila euskaraz jasotzeko tresna erakargarria.

2. Alde estetikoari erreparatzen badiogu, kolorea, irudi erakargarrien presentzia…edukiei begiratuz gero udalerri bakoitzean gai desberdinak, berritzaileak eta hainbat gizarte-balio  kontuan dauzkatenak argitaratzen dira.

3. Bai. Egun bizi dugun mediatizazioak urrunera begiratzera behartzen gaitu, globalak diren gaietara eta hurbileko perspektiba galdu egiten dugu, daukaguna gehiago preziatzen lagundu ahal digu honek guztiak, beti ere argitaratzen den horrek irakurleen artean ahalik eta interes zabalena pizten badu. Egungo bizimoduko arlo askotan gertatu ohi zaigu hau: aisialdian bidaiekin esaterako.

4. Eskualdean euskal komunitatea osatzen eta sendotzen laguntzen du dudarik gabe. Euskalgintza arloan eskualdean ekimenak  aurrera ateratzeko tresna gisa baliatu beharko litzatekeela uste dut.

5. Tira ba ez dakit… euskarara hurbiltzen ari den edonori Geurian bidea apur bat erraztea, adibidez ale bakoitzean artikuluren bat modu errazean argitaratzea, hiztegi lagungarria batekin edo… Bestetik Eskualdean dugun hizkuntza  eta kultur ondarea jakinarazteko ere baliatuko nuke, eskualdeko ohituren eta  euskararen testigantzak…uste dut horretarako badaukagula urteetan egindako ikerketa lana argitaratuta eskualdeko udalok  zuztarretatik ahora izeneko proiektua, honek zein beste edozein ekimenetatik eratorriko lanek geure ondarea jakinarazten lagundu ahal digute.

6. Formatu erakargarria, freskoa, anitza eta hurbila daukalako.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak