→Hego Uribe

Herritarren berbak (IX): “Herrigintzan sakontzeko Geuria bezalako lanabesak behar ditugu”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Nagore Ferreira, Alberto Agirregoikoa, Teresa Capos eta Arkaitz Sagasti.

Goian: Alberto eta Nagore; Behean: Teresa eta Arkaitz

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Nagore Ferreira
Adina: 41 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Komunikazioa

1. Hurreko informazinoa, Galdakaoko eta inguruko herrietako informazinoa, beste leku batzuetan topetan ez dodana: hori da bururura etorri jatan lehenengoa gauzea.

2. Beste komunikabide batzuetan ez dagozan albisteak, alkarrizketak, erreportajeak, eta abar, leiduteko aukera izatea.

3. Sano garrantzitsua da, hutsunea handia egon da eskualdean oraintsu arte. Galdakaon Binke! be badaukagu orain. Nabarmen hobetu da panorama azkenengo aldian, poztekoa da benetan be.

4. Danetariko arloak jorratzea, hurrekoak, gure eguneroko bizimoduagaz zerikusia daukienak… sano garrantzitsua da. Eskualdean, batak bestearen barri izateari garrantzi handia emoten deutsat, komunidadea egiten da holan. Eta bide horretatik beste proiektu batzuk sortu leikez. Sano aberasgarria da.

5. Zeozer aldatzekotan maiztasuna aldatuko neuke, astekaria balitz… Osterantzean, nik gustura leidu eta ikusten dodaz barriak bai webgunean, bai sare sozialetan be.

6. Nik gomendatuko neuskiona da Geuria ere leidutea, bertan topauko dabezalako bere herriko eta inguruko herrietako personak, lekuak, jazoerak, anekdotak, gatazkak, historia, koloreak… eta hori benetan eskertzekoa da, sarritan behar dan beste baloretan ez badogu be.

 

Izena: Alberto Agirregoikoa Goti
Adina: 60 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Irakaslea

1. Lehenengo, nondik atera ete duzuen Geuria izena. Eta, horren ostean, bertoko euskarazko komunikabide baten beharrizan itzela genuela eskualdean eta ze ondo bete duzuen eremu hori.

2. Berehalakotasuna. Etxepean gertatutakoaren edo auzoan izango den ekimenaren berri sare horren bitartez beste inondik baino arinago ailegatzen zaigula. Bestetik, paperezkoaren diseinua eta erakargarritasuna.

3. Gure ingurukoen bizipenek pizten digutelako jakin-minik handiena: zelako proposamenak dituzten ondoko herrikoek, non-noiz izango dugun halako ekitaldi ezaguna, zein lagun edo ezagun agertzen diren argazkietan…

4. Eskualdea egiten (nahiz eta eskualde naturala beste bat izan), ez garela herri isolatua jabetzen: Ondo-ondoko jasoeren berri izaten dugu eta, bestetik, urruntxoago dauden herrietako berriek ere interesa eragiten digute; ugaotarron kasuan Galdakaoko urliaren lanak edo Etxebarrin izan daitezkeen berendiaren ekimenak, esaterako. Euskara erdaldunengana ere heltzeko lagungarri da. Sarri ez dute euskara askorik jakin behar Geuria “irakurtzeko”, goiburu handiak, argazki ugari, erakargarria, gai ezagunak… edonork begirada bat egiteko moduan ematen dizkiguzue berriak.

5. Elkarte eta eragileen bisualizazio handiagoa, benetako auzolana eurek egiten baitute, herritarren egitasmoak, gogoak eta indarrak bideratuz.

6. Hortxe topatuko dituelako inguru-minguru hauetako gorabeherak eta bizipenak, argazkiak eta bideoak, komikiak zein iritzi sakonak, dena geure hizkuntzan jasoa.

 

 

Izena: Teresa Campos
Adina: 43 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Arkeologoa

1. Geuriaren berri izan nuen lehenengo aldia. Euskaltegian esan ziguten aldizkari bat martxan jarriko zutela, ale osoa euskaraz, eta pentsatu nuen bazela garaia horrelako ekimen bat abian jartzeko. Beste komunikabideetan bazeuden euskarazko edukiak, baina ez zieten behar zuten garrantzia ematen, formalismo hutsa zen.

2. Hurbil ditugun gertakariei eta ekimenei buruz berba egiten duela. Gogoko dut gure herriko bizilagunek zer egiten duten jakitea, zertan egiten duten lan edo zer asmo duten… Benetan, izugarri interesgarriak diren pertsonak ditugu inguruan!

3. Bai, dudarik gabe. Batez ere herriko identitatea sustatzeko eta gure nortasuna ez galtzeko. Bilbo hain hurbil egonda, gure herrian gauzak egiteko interesa eta ahalmena galtzeko arriskuan gaudela uste dut. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zait gertuko kazetaritza egitea.

4. Nire ustez egunero jasotzen ditugun kanpoko gertakari politikoek, sozialek eta prentsa arrosako informazioek ez dute gure eguneroko bizitza islatzen. Are gehiago, ez dute nire nortasuna islatzen. Baina Geuriak lantzen duen horrek zentzu handia dauka niretzat.

5. Ez dakit zer hobetuko nukeen, baina oso argi dut zer nabarmenduko nukeen: inpresioa eta maketazioa oso atsegina iruditzen zait. Irakurtzeko gogoa ematen du, koloreekin eta bestelako detailetxoekin. Oso egokiak eta oso onak iruditzen zaizkit landutako ale bereziak ere. Gerra Zibilarena, adibidez, klasean erabili dut ikasleekin.

6. Euskaraz bizi nahi baduzu, euskaraz irakurtzea lehenengo urrats ezinbestekoa da, zalantza izpirik gabe. Geuria aldizkariak aukera hori ematen digu.

 

Izena: Arkaitz Sagasti
Adina: 35 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Kolektibo sozialetako kidea

1. Berba bat aukeratzekotan, “geurea” litzake… Hurbila dalako, gure herri eta auzoetako albisteak, gure jai-giroak eta herriko eragileen egunerokoa topatzen dalako hamen. Izena ederto aukeratu dozue egia esan!

2. Eragile eta kolektiboen presentzia. Beste komunikabide batzukaz alderatuta, gure herrietako asanblada eta talde poltikoek leku eta tratamendu nabarmena daukie Geurian. Orain arteko hedabideak Udalen propaganda zabaltzeko besterik ez dira izan, iritzi disidenteak oztonduz.

3. Bai! Bilbo hiriaren gerizpean bizi gara, urbe hain frenetikoa da… Lekuko komunikabide barik inor-gitxik kontatuko leuke Galdakaoko azken okupazioaren epaiketa edo Arrigorriagako asanbladaren urteurrena. Ni Arkotxan bizi naz, imajinatu ahal dozuen moduan, gure herritxoa ez da existitzen medio gehienentzako.

4. Geuriak eragin zuzena deko gure komunitatean, askok nabarituko ez daben arren. Lehenik eta behin, eskualde honetan gero eta euskara gehiago entzuten da, urte askotako lanaren emaitza. Bide horretan sakontzen segitzen dau Geuriak, egindako lanari errekonozimendu eta bultzada emonez.
Bestalde eta gorago aipatu dodan moduan, gure herrietan lan egiten daurien eragileen jarduna zabaltzeko Geuriak egiten dauen lana be goraipatzekoa da. Herrigintza edo munizipalismoaren bidean hau bezalako lanabesak behar doguz, instituzio, alderdi politiko eta enpresen irudiak zuritzeko panfletoen ordez.

5. Geuriak itzelezko lana egiten dau oraintxe berton. Formatu txukuna deko bai paperean zein digitalean, oso atsegina da irakurtzeko. Maiztasuna eta albiste kopurua aproposak iruditzen jataz bebai. Ezer gutxi aldatzeko beraz, hartutako norabidean aurrera segitzea besterik ez. Horretarako, eta proiektua apurka-apurka sendotzeko asmoz, Geuriako lan taldearen baldintzak hobetzea eskatuko nieke Udalei, ekonomikoki zein bestelako baliabideak helaraziz, adibidez. Eragile politiko eta sozialei, proposatuko nieke Geuriara jotzeko informazioren bat zabaldu gure badabe. Herritarroi gure aldetik, Geuria irakurtzeko ohiturarik ez dekienei bereziki, ba aukera bat emoteko, ez zarie damutuko!

6. Geuria hedabide formala da, informazioaren tratamendua eta forma erabat profesionalak dirudite. Gaien artean, politika, gizartea, kirola, jaiak, kultur ekimenak eta abar jasotzen direz. Pentsa liteke gainontzeko komunikabideak bezalakoa dala, baina hau geurea da. Geure herriak, geure auzokideak, geure arazoak, geure ikuspuntuak dira… eta ez dozuz beste inon topatuko!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak