→Hego Uribe

Herritarren berbak (IV): “Instagrama zabaltzea ideia ona litzateke, gazteak bertan daude”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Olatz Zarraga, Alain Celaá eta Itxaso Ferreras.

Olatz Zarraga, Alain Celaá eta Itxaso Ferreras

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Olatz Zarraga Ellakuria
Adina: 21 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Turismoan goi-mailako zikloa

1. Eskertzekoa da eskualdean aldizkari bat izatea eta gainera euskarazkoa.

2. Gertukoa dela eta fidatzekoa. Gauza asko saldu nahi dizkigute urte hauetan guztietan, eta egia merezi dugu.

3. Gertuko kazetaritza garrantzitsua da beharrezkoa den bezala. Gauza asko gertatzen ari dira egunero eta norbaitek kontatu behar ditu.

4. Geuriak euskara, herrigintza, herri eskolak, elkarbizitza, eta beste hainbat kontzeptu biltzen eta bultzatzen ditu. Gaur egun apenas gogoratzen dugu nor garen, nori eta zeri esker garen…

5. Aldizkari konpletoa da. Eskualdeko herri guztietako albisteak ditu, garrantzi handia edo gutxiago izan arren. Marrazki eta jolasak ere denbora pasatzeko modu onak dira.

6. Aldizkariak egon badaude, baina gutxi dira benetan gauzak diren bezala kontatzen dituztenak. Hego Uribeko gertakizunez informatuta egotea bada asmoa, irakurri Geuria.

 

Izena: Alain Celaá
Adina: 28 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Hotel harreragilea

1. Hurbiltasuna. Inguratzen gaituen zonaldeko informazioa modu eraginkor batean ezagutzea. Gure ingurunearen errealitatea ezagutzea ahoz-ahokoa ez den modu batean zaila egiten zaigu.

2. Tratatzen dituzten gaietako aniztasuna eta pertsona-mota guztiek eskaintzen dituzten iritzi desberdinak.

3. Gure ingurunea ezagutzeko eta errealitatearen analisi bat egiteko beharra dagoela uste dut.
Gure herri eta komunitateetan dauden iritzi eta ‘arazo’ak ekiditeko eta denon artean ingurune osasuntsu bat sortzeko aukera ematen duen aldizkari bat izatea garrantzitsua da.

4. Nire ustez, Geuriaren errezeta modu arina eta identitatea sortzen duen hizkuntza batean identifikatu daitekeen komunitatea sortzea da. Garai hauetan gure lantokian, gure ikasgeletan eta gure lanbide ingurunean euskararen sustapena jarraitu behar da. Geuriak modu erraz eta dinamiko batean honetan laguntzen du.

5. Agian sare sozialetan sistema zuzenago bat erabiliz edota perfil berriak irekiz (Instagram, adibidez). Horrela, gazte gehiagorengana irits daitekeela uste dut. Modu honetan gazte askok Geurian eskaintzen diren albiste eta informazioetan interes gehiago izango lukete.

6. Gaur egun komunikabideetan demagogia eta interes asko dagoela uste dut. Horregatik, informatzeaz gain ere olgatzen diren komunikabideak egon daitezela eskertzen da.

 

Izena: Itxaso Ferreras Santamaria
Adina: 39 urte
Herria: Basauri. Gaur egun Bartzelonan bizi da
Lanbidea: Komunikatzailea

1. 5 urte jada? Azkar igaro dira bost urte hauek eta tinko eutsi diozue Geuria hedatzeari. Hego Sudanetik bueltatu nintzenean izan nuen Geuriaren berri. Ilusio handia egin zidan euskarazko hedabide bat sortu zela ikusteak. Hasieratik izan nauzue Geuriazalea.

2. Gehien erakartzen nauena hizkuntza da. Euskaraz izateak  meritu handia du. Lan handia egiten duzue euskara sustatzeko. Gainera, diseinua, informazioaren banaketa eta sare sozialen bidez zabaltzen dituzuen berrien jarraitzaile amorratua ere banaiz.

3. Basaurin urtean behin ala bitan bakarrik izaten naiz, baina beti izango naiz. Nire herria da. Bartzelona, ez dago Hego Sudan ala Burkina Faso bezain urrun. Herrialde horietan Mugarik Gabeko Medikuakekin eta Oxfam Intermonekin egindako bidaien berri emateko hitz egin dut zuzenean Geuriaren bitartez, Afrikako errealitatea urrunago dago, eta bizi duten egoera latzak arduratzen nauenez ere, bertan gertatzen denaren berri ere izaten saiatzen naiz. Azola zaidana herriko gauzak gertu sentiarazten nau Geuriak.

4. Informazioa zabaltzen, iritziak sortzen, gertuko gizartea ezagutarazten, euskara zabaltzen. Informazioak gure burua elikatzen du.

5. Herri mugimenduei eta herritarrei hitza emango nioke gehiagotan.

6. Herrikoa da, gertuko informazioari buruz eta gainera EUSKARAZ!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak