→Hego Uribe

Herritarren berbak (VII): “Hiztegia, albisteen egitura, ulermena… ikasleekin lantzeko erabiltzen dut”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Peio Molinuevo, Aitziber Cobo eta Bego Gonzalez.

Aitziber Cobo, Peio Molinuevo eta Bego Gonzalez

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Peio Molinuevo
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea

1. Hego Uriben gertatzen diren gauza “txikien” ahotsa dela esango nuke.

3. Bai, nire iritziz ezinbestekoa. Komunikabide handiek maila globaleko notiziak kaleratzen dituzte batik bat eta gehienetan maila lokaleko albisteak ez dira inon plazaratzen. Hori dela eta, herrietan gertatzen diren gauzek eta egiten diren ekintzek ez dute inongo lekurik horrelakoetan. Baliteke berri hauek egunero inguratzen gaituzten eragin handiagoko berrien jakin-min eta intriga berbera ez piztea, hala ere gertuen daukagunaren berri izatea bestea bezain komenigarria da.

4. Gure kasuan, Arrigorriagako Gaztetxean edo Arrigorriaga Harrera Sarean egiten ditugunen berri emateko oso baliagarria zaigu Geuria bezalako komunikabide bat, eskualde mailan gure ekintzak ezagutarazteko (honetarako prestutasun handia erakutsi digute beti) eta modu berean, gu ere gure inguruan gertatzen ari denaz jabetzeko. Gauza eta gertakizun txikiak, izaera umil hori izate hutsagatik ez dute esan nahi garrantzitsuak ez direnik eta lan horri ahotsa ematea benetan eskertzen diogu Geuriari. Gainera hau guztia Euskaraz egiten da eta hori ere zoriontzekoa da gure eskualdeko euskararen egoera traketsa ikusita. Bestalde, Arrigorriagako Gazte Asanbladak komunikatiboki, gazteengana heltzeko gaitasun handiagoa du sare sozialen bitartez. Geuriari esker, adin-muga hau gaindi dezakegu edade ezberdineko irakurleengana heltzen baita eta honek hutsune hori betetzea ahalbidetzen digu.

5. Nik Geuriarekin dudan harremana bi eratakoa da: alde batetik irakurlearena eta besteetan, kolaboratzaileei gure ekintzak kaleratu ditzaten txapa ematen dienarena. Bi parte-hartze moduetan pozik nago, irakurle zein txapa-emaile bezala ez naiz kexu. Dena dela, Arrigorriagako Gazte Asanbladatik natorrenez eta eskualdeko Gazte Asanblada ezberdinak ezagutzen ditudanez, badakit herri batzuetako Gazte Asanbladen jarduna ez dela normalean publikatua izaten. Ez diot inondik inora Geuriaren hutsegitea denik baina alternatibak eraikitzen diharduten gazteekin lotura estuagoa bultzatzen saiatuko nintzateke, gaur egun gure eskualdean bizi duguna loraldi bat dela esango bainuke eta honek ere hauspotze komunikatiboa behar duelako.

6. Lehenago aipatu dudan bezala, eragite-maila handiagoko berriak uneoro eta nonahi aurki ditzakegu. Maila lokaleko notiziak jasotzeko berriz, zailtasun handiagoak ditugu eta Geuriaren bitartez gure herrietan eta ingurukoetan gertatzen dena ezagutu dezakegu.

 

Izena: Aitziber Cobo
Adina: 25 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: LH irakaslea

1. Geuria entzutean, guztiona eta guztiontzako den egunkaria datorkit burura. Herriko eta inguruko herrien informazioa jasotzeko aukera eskaintzen digulako ulertzen dut guztiontzako egunkaria dela: albisteak, jaiak, gertakizunak… Zure herrian gertatu edo gertatuko dena alboko herritarrek ezagutzea interesgarria dela pentsatzen dut. Beharbada herrira hurbildu daitezke haien intereseko ikuskizun, jaialdi… batera. Eta hori herritarron arteko harremanetan aberasgarria dela uste dut.

2. Gehien gustatzen zaidana, herri orori eskaintzen zaion tartea da. Hego Uribeko herritarrok prestatzen ditugun ekitaldiak, jaiak, gertatzen diren arazoak edo egoerak bertan islatzen dira eta herrikoentzat ez ezik, alboko herrietakoentzat ere interesgarri suerta daitezke.

3. Zalantzarik gabe, bai. Askotan munduko beste puntako arazo edo berri gehiago ezagutzen ditugu gure begien aurrean gertatzen direnak baino. Jakina garrantzitsuak direla, baina lehendabizi gertu dugun errealitatea ezagutzea ezinbestekoa dela esango nuke. Askotan inguruan zer gertatzen den, baten batek laguntza behar duen… ez dakigu eta beharbada hurbil ditugun kasu horietan laguntza jaso zein eman genezake. Gizarte hobea eraikiz denon artean.

4.Alde batetik, zonalde bereko herritarroi jakinaren gainean egoteko aukera ematen digu, hau da, toki bakoitzeko lehen eskuko informazioa jasotzen dugu. Hurbil gaudenon arteko komunikazioa oso aberasgarria delakoan nago. Askotan, alboko herrietan burututako ekimenak ezagutzea eta horietatik ideiak hartzea gure herrian proposatzeko aparteko aukera dela uste dut. Horrez gain, irakasle izanda aipatu beharra dut, zenbaitetan ikasleekin euskara lantzeko erabili dudala: hiztegia, albisteen egitura eta ulermena, denbora pasak… lantzeko.

5. Haurrentzako tartetxo bereziren bat uztartzea. Irakurmena sustatzeko eta bizi diren edo alboko herrietan gertatutako egoerekiko interesa pizteko.

6. Geuria egunkariaren bidez, gertuko informazioa jasotzen duzulako.

 

Izena: Bego Gonzalez Garcia
Adina: 43 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Aisialdia, interpretea

1. Geuria hitza entzun eta geure berriak etortzen zaizkit burura, geure errealitatea ezagutzeko era bat, gertuko informazioa eta gainera euskaraz!!

2. Euskararen aldeko apustu ausarta egin izana. Gaur egun, euskara gero eta presenteago dago gure jendartean, baina oraindik gutxi batzuk euskaraz irakurtzeko ohitura dute. Euskaraz mintzatzen gara, euskara bultzatzen dugu, euskaraz bizi nahi dugu, baina batzuetan erosotasunera jotzen dugu eta gazteleraz aritzen diren komunikabideei kasu egiten diegu. Geuriak aldiz, gogoratzen digu informazioa euskaraz eta era sinplean ere zabaldu ahal dela.

3. Estatu eta mundu mailako berriak entzun eta irakurtzeko aukera anitza dugu, gertukoak berriz eskuratzeko ez dugu hain errez, ezta askoz gutxiago ere gure herrietako bitxikeriak. Informazioa boterea dela diote, zenbat eta aukera gehiago beraz, hobeto, ezta?

4. Euskarari, zalantza barik, fabore handia egiten dio, eta nola ez, euskaldunoi. Baina horretaz gain, gure herrietako zuzeneko gaurkotasuna ematen digu. Gure egunerokotasunean buru belarri sartuta egoten ohi gara, eta askotan ez gara ohartzen ezta gure ondoan gertatzen ari denaz ere. Geuriak informazio hori gerturatzen digu.

5. Ikuspegi feministagoa, emakumeen presentziari eta bisibilizazioari garrantzia handiagoa emanez, adibidez.

6. Ez nioke gomendutako Geuria aukeratzea beste bat baino, baizik eta “beste” horretaz gain, Geuria ere irakurtzeko, geuria delako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak