→Hego Uribe

Herritarren berbak (III): “Etxea, kalea, auzoa, plaza, eskola… Geuriak gertutasun hori dauka”

Geuriak 5 urte bete ditu aurten. Horren harira, Hego Uribeko herritarren berbak bildu ditugu: Sara Brizuela, Izaskun Soto eta Mikel Ortega.

Mikel Ortega, Izaskun Soto eta Sara Brizuela

Geuriak 5 urte: https://labur.eus/Geuriak5urte
Hego Uribeko herritarren berbak:

Galderak:
1. Geuriak 5 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?

 

Izena: Mikel Ortega Peña
Adina: 48 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Suhiltzaile kaboa

1. Euskara hutsez plazaratzen den aldizkaria dela. Gaur egun, ez da harrigarria izango baina, garai batean, salbuespen bat edo beste salbu, euskaraz irakurtzeko    aukerak murritzak ziren.

2. Gertutasuna. Eskualdekoari buruzko berriak dira eta. Webgunean ere, irakurtzeko aukera izatea aipagarria da. Dena prezio berean,dohanik.

3. Jakina! Beste hedabidetan gehien irakurtzen ditudan berriak, inguruko udalerriei buruzkoak dira eta.

4. Arlo askotan. Inportanteenetarikoa dena aipatzearren, euskararen erabilera normalizatzeko baliabide bikaina da.

5. Paperezko bertsioan ezer ez. Aldizkaria baino egunkaria ematen duen arren, erosoa da erabiltzea. Webgunea oso txukuna da. Erakargarria eta erabilgarria da oso.

6. Geuria gomendatuko nuke aldizkaria irakurtzea hausnartzea baita. Gure inguruan gertatzen dena ulertzeko oinarria da eta.

 

Izena: Izaskun Soto Lopez
Adina: 23 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Arkitektura masterreko ikaslea

1. Gertutasuna. Etxetik urrun egonda etxeko gertakarien berri jasotzeko aukera izatea asko baloratzen da. Komunikabide guztiek aukera hori ematen dutela pentsatuko duzue, eta bai, eman ematen dute, baina ez eskala berdinean. Hau da, etxeari erreferentzia egiten diodanean etxea berari deritzot, etxe aurreko kaleari, auzoari, herriko plazari, auzokideei, eskolari… benetan gertu-gertuko gertakariei.

2. Sare sozialetan inolako esfortzurik gabe gertakarien berri izateko aukera. Ez dakit gehien gustatzen zaidana den baina bai baloratzen dudan zerbait, hots, egungo gizartean Facebook-en bidez eskualdeko berriak jaso ahal izatea oso erosoa dela uste dut.

3. Bai, oso garrantzitsua, eta are garrantzitsuagoa Zaratamo bezalako herri txiki bati erreferentzia egiten zaionean. Izan ere, askotan herri txikiak ahaztuta gaudela uste eta sentitzen dugu, eta horrelako aldizkari batek kontrakoa erakusten digu, gure herrian, gure egunerokotasunean gertatzen dena ere komunikatzeko beharra dagoela.

4. Herriei eta herritarrei indarra eta ahotsa izaten laguntzen die. Herrigintza bultzatzen du, aurretik aipatu bezala, herriko eta eskualdeko kontuak dituelako oinarri; eta gertakariak azaleratzeaz gain, pertsonak ere azaltzen dituelako. Gainera, eskualdeko lehen aldizkaria euskaraz izateak hizkuntza asko indartzen du.

5. Ez nuke aldaketa handirik egingo, egia esan. Ondo funtzionatzen duela esango nuke. Sare sozialak eta webgunea eguneratua eta ondo antolatuta egotea garrantzitsua deritzot, eta horrela mantentzen duzue. Zeozer gehitzekotan, bururatzen zait, eskualdean aurki daitezkeen lan-eskaintzak edo lan-eskariak agertu zitezkeela atalen batean.

6. Konfiantzagatik, eta herriko gertakarien berri jasotzeko bidea delako. Komunikabide handiagoek hedadura handiagoa dutelarik, gertuko informazio hain zehatza komunikatzea ez dute posible. Bestalde, euskaraz idatzita egotea ere kontuan hartzekoa da.

 

Izena: Sara Brizuela Clinch
Adina: 25 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Erizaintza ikaslea

1. Euskaltegiko klaseak datozkit burura, bertako irakaslearen gomendioz egin bainintzen harpidedun.

2. Eskualde oso bat batzen duen egitasmoa dela. Hau bereziki interesgarria iruditzen zait Zeberio moduko herri batentzat, bi eskualderen artean dagoena.

3. Bai noski, gure komunitatearen egunerokotasunaren isla baita.

4. Euskararen alde egiten duen lana azpimarratuko nuke. Bestalde, komunitate sentsazioa sortzen ere laguntzen du, alboko herrietako nondik norakoak ezagutzeko modua izanik.

5. Euskarriei dagokionez eta inguruko beste proiektuekin alderatuz, Geuria nahiko osatua dagoela deritzot.

6. Garrantzitsua da hedabide bat baino gehiago erabiltzea informatzeko eta horien artean ezin ditugula ahaztu hurbilekoak, gure komunitatearen parte sentitu eta gure balioekin bat egiten duen proiektuari babesa emateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak