→Hego Uribe

Aste Gorria antolatu dute Hego Uribeko gazte asanbladek Langileen Egunaren harira

hego uribe gazte asanbladak 2018 apirila topaketa abadino argazkia arrigorriagako gaztetxea

Apirilaren 24tik maiatzaren 2ra bitartean Hego Uribeko gazte asanbladek Aste Gorria antolatu dute, Langileen Nazioarteko Egunaren harira.

Hego Uribeko gazte asanbladak, Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen topaketetan, Abadiñon // Arrigorriagako Gaztetxea, Facebook

Apirilaren 24tik maiatzaren 2ra bitartean Hego Uribeko gazte asanbladek (Ugao, Galdakao, Arrigorriaga, Arrankudiaga eta Zollo, Zeberio eta Basauri) Aste Gorria antolatu dute, Langileen Nazioarteko Egunaren harira (maiatzak 1). Besteak beste, hitzaldiak, mahai inguruak eta zine foruma antolatu dituzte eskualdean.

Aste Gorria 2018 – Egitaraua

Apirilak 24, asteartea
18:00 Hitzaldia: Errepresioaz hausnartzen-AKAB. Tximelarren, Galdakao

Apirilak 25, asteazkena
18:00 Hitzaldia: Baserri mundua eta klase borroka. Iraultzarako baldintzak egungo nekazal eremuan. Hizlaria: Gorka Menéndez. Zeberioko antzineko ermitan

Apirilak 26, osteguna
18:00 Hitzaldia: Nazio askapen borrokak Euskal Herrian. Tximelarren, Galdakao

Apirilak 27, ostirala
17:30 Hitzaldia: Ikasle mugimenduaren bilakaera. Hizlaria: Ikasle Abertzaleak-eko militante ohia. Arrigorriagako Gaztetxean

Apirilak 29, igandea
18:00 Mahai ingurua: Langileon elkartasuna ehuntzen. Hizlariak: Red de Autodefensa Laboral (Iruñerria) eta Eragin (Bilbo). Basauriko Gaztetxean

Apirilak 30, astelehena
18:00 Hitzaldia: Sobietak-Langile boterearen eraikuntza Errusiar Iraultzan. Hizlaria: Jon Kortazar Billelabeitia. Ugaoko Herriko Tabernan

Maiatzak 1, asteartea
14:00 Gazte bazkaria Arrigorriagako Gaztetxean

Maiatzak 2, asteazkena
17:00 Zine foruma: La clase obrera va al paraiso (Elio Petri, 1971). Arrankudiagako Gaztetxean


Hego Uribeko Gazte Asanbladen irakurketa

1886. urteko maiatzean Chicagon 8 orduko lanegunaren alde burututako manifestaldi ugari eman ziren. Bertan gertatutako istiluak eta geroko epaiketetan kondenatuak eta exekutatuak izan ziren 5 langileen omenez mundu osoan zehar Maiatzaren Bata langileon eguna izendatua izan da, borroka eguna, langile klasearen bizi baldintzak hobetzera aldera eta hauek kapitalismoaren baitatik askatzearen aldeko egitasmo bezala.

Ordutik hona egoera zeharo aldatu den arren (lantokiak, lan prozedurak, lanorduen disposizioa…) manifestaldi horiek bere horretara eraman zituen funtsa oraindik bertan dirau. Gaur egun gure bizitzaren eta eguneroko ordu gehienak lanaren zerbitzura pasatzen ditugu, bai lantegian, bai hurrengo egunerako atseden hartzen, betiere kapitalaren metaketaren dinamiken beharren menpe.  Gure lan indarra salduz edo gure burua lan salgarri bezala heziz.

Are gehiago, lanaren produktibitatearen handitzearekin burgesiaren irabaziak esponentzialki hazi egin dira, iraultza industrialeko kapital metaketa gaurkoarekiko kuantitatiboki ia konparaezina bihurtu delarik. Horrek gure gain, langileongan sekulako ondorio larriak ditu, gure esplotatzaile eta langile klasearen arteko amildegia zeharo handitu dituelarik.

Ezin baitugu ahaztu bi klaseen arteko borroka batean murgilduta gaudela. Batetik badago klase bat bestearen patu eta bizitzaren jabe dena, eta haren izerdiaren bidez bizi eta egoera hau birsortzen duena, eta bestetik, gu, langileok, historian zehar desjabetuak, zokoratuak, esplotatuak izan garenak,  egunero gure urrezko kateak sortzen ditugunak.

Lehen iradoki bezala, gazteok ere bagara guda horren partaide, kapitalaren balorizazioaren zikloan gure rola baitugu.Batetik, langile bezala; izan ere, gazte garen heinean, hau da, gure jana, jantziak, etxea, eta oro har beharrizan guztiak familiak bermatuta ematen direnez, gure bizitzaren erreprodukzioa oso merke ateratzen da, eta arrazoi horrexegatik lan neketsu, itogarrienak eta txarren ordainduenak egokitzen zaizkigu.

Gu, langileen seme alabak izanik ez dugu nahi haien etorkizun bera izan.

Bestetik, gure papera prozesu horren aurreko fasean gertatzen da baita ere, batetik soldatapeko lan baterako prestakuntza teknikoa jasoz, eta bestetik haurtzarotik jaso izan ditugun jarrera sorta alienatzaileak barneratuz: disziplina, sumisioa, muturreko indibidualismoa, berdinon arteko konpetentzia… Hauek guztiak lanaren eguneroko infernura egokitzeko dira garatuak. Lasterketa amaigabe honen barnean gure bizitza bere horretan birsortzeko besterik ez. Guzti hauek beste alde batetik gure bizitzaren gainontzeko harremanen izaera erabat gaiztotzen dituzte, baldintza berdintsuak sufritzen ditugunon artean lehia sorraraziz, gure buruarekiko frustrazioa sortuz eta finean gure burua bakardadean murgilduz, hurrengo egunean iratzargailua noiz esnatuko gaituen zain.

Honen guztiaren aurrean gazteok gure egoerari buelta ematea erabaki dugu. Gure burua suzko gurpil honetatik askatu nahi dugu, gure bizitzaren norabidea geure gain hartzeko.

Grin horren ildoan kokatzen dira jardunaldi hauek.Gure inguruan bizi eta ikusten ditugun egoera eta gure artean sortzen diren galderei erantzuna emateko helburua dute, gure zapalkuntzaren zergatiak eta agerpenak aztertzeko eta haien aurrean ekintzak gauzatzeko. Egunerokotasunetik gure problematikei heldu eta hauei erantzun eraginkor eta asegarriak sortu nahi ditugu gure jardun, pentsamenduen eta ekintzen jabe izateko. Askatasunean bizitzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak