→Hego Uribe

Hego Uribe eskualdeko bertsolari gazteak arituko dira aurten ere BBK Sariketan

Maider Altuna, Itxasne Rodriguez, Gerizeti Zubiaurre, Ander Anakabe, Mikel Aiartzaguena eta Peio Molinuevo herritarrek osatzen dute Hego Uribeko taldea.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bertsolari Gazteen BBK Sariketea martxan da beste urte batez. Aurten 27. edizioa ari dira ospatzen eta Bizkaiko eskualde ezberdinetako zortzi taldek hartuko dute parte, tartean Hego Uribeko taldea. Maider Altuna, Itxasne Rodriguez eta Gerizeti Zubiaurre -18 urtetik beherakoen mailan-, eta Ander Anakabe, Mikel Aiartzaguena eta Peio Molinuevo -19 eta 25 urte bitartekoen mailan- herritarrek osatzen dute Hego Uribeko taldea. Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta dira gainontzeko eskualde partaideak.

Hego Uribeko taldeak martxoaren 14an hasiko du txapelketa, Arratiaren kontra. Igorren izango da kanporaketa, Arratia institutuan, 11:30ean. Talde irabazleak lehenengo finalaurrekorako txartela lortuko du. Lehenengo finalaurreko horretan arituko den beste taldea Uribe-Butroe izango da, lehenengo kanporaketan Busturialdea taldeari irabazita. Hain zuzen ere, martxoaren 13an eman diote hasiera txapelketari Mungian Uribe-Butroe eta Busturialdea taldeek.

Hirugarren kanporaketan arituko dira Enkarterri/Ezkerraldea eta Uribe-Kosta (martxoak 20, Zalla) eta laugarren kanporaketan Lea-Artibai eta Durangaldea (martxoak 21, Markina-Xemein).

Lau kanporaketak jokatu ondoren, bi finalaurreko izango dira: lehenengoa martxoaren 27an Deustun, Bidarte Kultur Gunean (10:45) eta bigarrena martxoaren 28an Sopelan, Ander Deuna Ikastolan (09:00). Finala apirilaren 3an izango da Bilboko BBK aretoan (18:00).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak