→Hego Uribe

Hego Uribe finalaurrekoan da bertsolari gazteen BBK Sariketan, Arratia kanporatuta

Bertsolari Gazteen XXVII. BBK Sariketan Hego Uribe taldeak finalaurrekorako txartela lortu du gaur Igorren, Arratia kanporatuta.

Hego Uribe eta Arratia taldeetako bertsolari gaztetxoenak // Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bertsolari Gazteen XXVII. BBK Sariketan Hego Uribe taldeak finalaurrekorako txartela lortu du gaur, Arratia kanporatuta. Aurtengo edizioko bigarren saioa jokatu dute gaur Igorren bi taldeek eta irabazle suertatu dira hegouribetarrak. Modu horretan, lehenengo finalaurrekorako txartela lortu dute. Martxoaren 27an izango da lehenengo finalaurrekoa Deustuko Bidarte Kultur Gunean eta Uribe-Butroe taldea izango dute aurkari Hego Uribekoek.

Itxasne Rodriguez, Gerizeti Zubiaurre, Maider Altuna, Ander Anakabe, Mikel Aiartzaguena eta Peio Molinuevo bertsolariek osatzen duten Hego Uribe taldeak guztira 374 puntu lortu ditu eta Arratiakoak, ostera, 285,50. Gaurko saioko aurkezlea Zihara Enbeita izan da, epaimahai izan dira Miriam Juaristi, Beñat Romero eta Juanjo Respaldiza eta idazkari lanetan aritu da Ione Narbaiza.

Hego Uribe eta Arratia taldeetako bertsolari gazteak // Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Hirugarren kanporaketan arituko dira Enkarterri/Ezkerraldea eta Uribe-Kosta (martxoak 20, Zalla) eta laugarren kanporaketan Lea-Artibai eta Durangaldea (martxoak 21, Markina-Xemein). Bi kanporaketa horietatik aterako dira bigarren finalaurrekoko bertsolariak. Finala apirilaren 3an izango da Bilboko BBK aretoan (18:00).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak