Sareak

☉ Hego Uribe

Zientzia eta teknologia tailerrak antolatuko dituzte eskualdean, 14 eta 17 urte bitartekoentzako

Kriptografia, musika digitalean barneratzeko tailerra, desafio zientifiko-teknologikoen ginkana diseinatzeko edota mugikorretarako aplikazioak sortzeko tailerrak izango dira eskualdean.

|

Bizilabe ginkana Arrigorriagako jaietan // Argazkia: Elhuyar Fundazioa

Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal ekimena jarri dute martxan eskualdean. Bizilabek STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) arloetan sakontzea du helburu, gazteen zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa piztearekin batera, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuz. Ildo horretan, urritik urtarrilera bitartean zientzia eta teknologia tailerrak antolatuko dituzte eskualdean. Tailerrak 14 eta 17 urte bitartekoei daude zuzenduta.

Urrian hasita, 10 tailer izango dira guztira Nerbioi-Ibaizabaleko zortzi herritan (Urduña, Orozko-Arakaldo, Ugao, Zeberio, Arrigorriaga-Zaratamo, Basauri, Etxebarri eta Galdakao). Hilean behin, bi orduko saioa jasoko dute gazteek euren herriko aisialdi-gunean. Urtarrilera bitarte, lau saioetan zehar, hainbat eduki landu eta sortuko dituzte partaideek. Horiek 2020ko otsailaren 15ean Basaurin ospatuko den Bizilabe STEAM Festibalean aurkeztuko dituzte.

Eskualdean abiatu berri den Bizilabe Nerboi-Ibaizabal ekimena Elhuyarrek 2017an martxan jarritako Bizilabe proiektuaren baitan kokatzen da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nerbioi-Ibaizabaleko udalerrietako Gazteria Sailek bultzatzen dute. Abiatu berri den Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal ekimenak 2020 urtean segida izango du, eskualde mailako STEAM diagnosiarekin: eskualdeko gazteek STEAM arloei buruz duten perzepzioa zein den ikertuko da eta horren araberako eskualdeko STEAM estrategia zehaztuko da.

Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal 2019 – Tailerrak

2019 Urria – 2020 Urtarrila

  • Arrigorriaga
    Kriptografia eta kode sekretuak. Scape Room bat eraikitzeko tailerra.
    Urriak 19, azaroak 23, abenduak 20, urtarrilak 18. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Arrigorriagako Gaztegunea
  • Basauri
    Mugark gabe. Guztiontzako etxeak diseinatzeko tailerra.
    Urriak 25, azaroak 8, abenduak 13, urtarrilak 10. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Basozelai Gizarte Etxea-Gaztegunea
    – Txispak ateratzeko eta herria sutan jartzeko esperimentuak.
    Urriak 26, azaroak 9, abenduak 14, urtarrilak 11. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Basozelai Gizarte Etxea-Gaztegunea
  • Etxebarri
    – Argien marrazkilari. Argiekin eta argazkiekin irudiak sortzeko tailerra.
    Urriak 16, azaroak 13, abenduak 18, urtarrilak 15. 16:30-18:30
    Informazioa eta izena ematea: Talka-Cime
  • Galdakao
    – Tekno-musikaria naiz. Musika digitalean barneratzeko tailerra.
    Urriak 24, azaroak 21, abenduak 26, urtarrilak 23. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Indarra Topagunea
    – Galdakaoko asmakuntza fabrika. Energian oinarritutako gailuak eraikitzeko tailerra.
    Urriak 18, azaroak 22, abenduak 27, urtarrilak 24. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Aperribaiko Topagunea
  • Ugao
    – Ginkana egin dezagun. Desafio zientifiko-teknologikoen ginkana diseinatzeko tailerra.
    Urriak 4, azaroak 8, azaroak 29, urtarrilak 3. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Ugaoko Gaztelekua
  • Zeberio
    – Nireapp. Mugikorretarako aplikazioak sortzeko tailerra.
    Urriak 25, azaroak 22, abenduak 27, urtarrilak 24. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Zeberioko Gaztelekua
  • Orozko
    Orri biziak. Ilustrazio zientifikoaren tailerra.
    Urriak 19, azaroak 9, abenduak 14, urtarrilak 11. 18:00-20:00
    Informazioa eta izena ematea: Induma Gazte eta Kultura, Informazio Gunea
  • Urduña
    – Zientziatuberra naiz. Zientzia Youtuben zabaltzeko tailerra.
    Urriak 26, azaroak 30, abenduak 28, urtarrilak 25. 11:00-13:00
    Informazioa eta izena ematea: Alondegia Gizarte Etxea

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Arrigorriagan galdutako teckel arrazako txakur baten bila dabiltza Hego Uribe eskualdean

Joan den apirilaren 7an galdu zen Milka Arrigorriagako Ollargan auzoan eta zenbait aldiz ikusi dute Ugaotik azken boladan

|

Milka // Utzitakoa

Joan den apirilaren 7an teckel arrazako 15 hilabeteko Milka izeneko txakur bat galdu zuten Arrigorriagako Ollargan auzoan.

Marroi kolorekoa da Milka eta lepoko gorri bat du. Bertan, jabeen izenak eta telefono zenbaki bat ageri da. “Txakurra ikustekotan, ez ezazue jarraitu”, azaldu dute Milkaren jabeek. “Ikusi zer egiten duen eta 637 030 770 telefono zenbakira deitu jarraibideak emateko. Aukera izanez gero argazkia atera, mesedez”.

Milka galdu zenetik zenbait alditan ikusi dute eskualdean zehar eta azken aldiz Ugaotik ikusi zutela azaldu diote jabeek GEURIAri. “Edozein motako laguntza eskertuko dugu, espero dugu Milka laster etxean egotea”.

Milka // Utzitakoa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

#A21 / Hego Uribe / EAJ garaile argia, EH Bildu gero eta indartsuago eskualdean

#A21 / Hego Uribe / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak eta irakurketa

|

Lehia estua aurreikusten zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ eta EH Bilduren artean, eta inkestetan aurreikusitakoa bete zen oraingoan. Gurera ekarrita, EAJri garaipen argia ematen zioten inkesta guztiek Bizkaian, eta hala izan bazen ere, aipatzekoa da EH Bilduren igoera. Modu berean, beste datu garrantzitsu bat da parte hartzeak gora egin duela, 2020ko Hauteskundeak pandemia betean egin baitziren.

Hego Uriben ere, EAJ gailendu da: Guztira, 19.184 boto jaso ditu, 2020an baino 2.583 boto gehiago. Garaipena lortu du Basaurin, Galdakaon, Etxebarrin, Arrigorriagan, Ugaon edo Zaratamon.

Bestetik, aipatzekoa da EH Bilduk botoetan gehien hazten jarraitzen duen alderdia dela: ezker koalizioak 14.589 boto irabazi ditu eskualdean, 2020an baino 4.626 boto gehiago. Zeberion eta Usansolon lehen indarra izan da, EAEko hauteskundeetan lehen aldiz, eta hazkunde nabarmena izan du Galdakaon edo Arrigorriagan. Hori gutxi ez, eta Basaurin zein Etxebarrin bigarren indarra izatea lortu du, aurrenekoz, PSEri aurre hartuta.

Podemosek izan du kolperik handiena eskualdean. Izan ere, 2020an laugarren indarra izan zen Hego Uriben (2016an bigarren indarra izan zen eskualdean), eta aurtengo hauteskundeetan seigarren indarra izatera pasa da, PPren eta Sumarren atzetik. Duela lau urteko datuekin alderatuta, 2.618 boto galdu ditu Podemosek Hego Uriben.

#A21 / Hego Uribe / Emaitzak

EAJ: 19.184 boto (+2.583 boto)
EH BILDU: 14.589 boto (+4.626 boto)
PSE: 7.674 boto (+1.547 boto)
PP: 3.094 boto (+1.197 boto; 202oan Cs-rekin aurkeztu zen PP; 2016an Pk 3.506 boto jaso zituen; Ciudadanosek 897)
SUMAR: 1.674
PODEMOS: 1.142 boto (-2.618 boto)
VOX: 976 boto (+360 boto)
PACMA: 264 boto (+18 boto)
EB-AZ: 117 boto (+16 boto)
PH: 71 boto (+35 boto)
IZAN: 64 boto
PUM+J: 57 boto (+14 boto)
PCTE/ELAK: 43 boto (-15 boto)

Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortu dituzte: alderdi jeltzaleak lau ordezkari galdu ditu eta ezker koalizioak sei irabazi ditu.

PSE (12 eserleku, +2) hirugarren alderdi bozkatuena izan da, eta laugarrena PP (7 eserleku, +1).

Sumar sartu da lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean eserleku batekin, VOXek adina (2020an sartu zen alderdi ultraeskuindarra).

#A21 / Hego Uribe / Herriz Herri / Emaitzak

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Autobus zerbitzu osagarria jarri du Metro Bilbaok Etxebarri eta Basauri artean

Autobus zerbitzua 20 minuturo izango da Etxebarritik zein Basauritik, gaurko eguna bukatu arte. Trenak hasi dira bi geltokien artean zirkulatzen, baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira

|

Trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi dira, baina trenbide bakar batetik, eta hortaz, maiztasuna txikiagoa da // Artxiboko irudia, Geuria

Gaur goizean Basauri metro geltokia itxi dute katenarian gertatutako “sute txiki” baten ondorioz, eta Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua etenda egon da.

Metro Bilbaok duela ordubete jakinarazi duenez, 15:10etik aurrera autobus zerbitzua jarri du martxan Etxebarri eta Basauri arteko ibilbidea betetzeko, bi noranzkoetan.

Autobusak Etxebarritik, metro geltokitik, zein Basauritik (Arizko Ikastolaren ondotik eta Begiratokietatik) aterako dira 20 minuturo (15:10-15:30-15:50… hurrenez hurren), Arizen gelditu gabe. Autobus zerbitzua gauera arte luzatuko dute.

Gainera, trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi direla adierazi dute, “baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira”, diote.

Metro Bilbaotik adierazi dutenez, matxura gauean zehar konponduko dute, “goizeko lehen ordutik ohiko zerbitzua eskaini ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko dozenaka pentsiodun Gasteizen batu dira 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko

|

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira Gasteizko mobilizaziora // Utzitakoa

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioa egin du gaur Gasteizen.

“Apirilaren 21ean hauteskundeak izango dira EAEn. EHPMk zuzenean interpelatuko diegu aurkezten diren alderdi politikoei, 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzeko konpromisoa hartzeko; genero-arrakalarekin amaitzeko; eta osasun-zerbitzu publikoak eta mendekotasunaren eta zaintzaren arretarako zerbitzu publikoak hobetzeko neurri eraginkorrak hartzeko”, diote.

Datuak datu, 2024ko martxoan EAEn 165.000 pentsiodunek eta Nafarroan 50.000k 1080tik beherako pentsioak dituztela adierazi dute EHPMtik, “horietatik 110.000 EAEn eta 32.000 Nafarroan emakumeak”.

“Egia esan, EAEko emakume pentsiodunen % 44k eta Nafarroan % 52,7k 1080tik beherako pentsioak kobratzen dituzte. Esan daiteke 2023ko martxoko zenbakiak oraingoko berdinak zirela: ez da ezer aurreratu”, diote.

Mozioak udaletan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mozioak aurkeztu ditu azken urteetan udaletxeetan eta Batzar Nagusietan, gutxieneko 1080 euroko pentsioaren alde.

Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali diguten argazkietako bat // Utzitakoa

“Gaur gaurkoz 179 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek gure eskaria babestu dute; Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusien eta beste udal batzuen jarrera falta da, baina EAEko eta Nafarroako udal erakundeen erdiak baino gehiagotan gure mozioa onartu izana ospatzen dugu”, diote.

Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Zaratamon eta Zeberion mozioa onartu zuten, eta Basaurin eta Ugaon, ordea, ez.

3.000 pentsiodun

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira mobilizaziora, tartean Hego Uribeko dozenaka lagun ere.

“Hego Uribetik autobus bat eta auto bat bertaratu da Gasteizera: Galdakaotik, Ugaotik eta Basauritik. Eskualdetik guztira 60 lagun etorri gara”, adierazi diote GEURIAri.

Pentsio duinen aldeko borroka 2018ko urtarrilean hasi zuen EHPMk. Ordutik astelehenero batzen dira udaletxe aurreetan.

“Duela sei urte baino gehiagotik astelehenetik astelehenera egiten ari garen mobilizazioekin batera, babes horiek borrokan jarraitzera bultzatzen gaituzte. Bizi-baldintzen narriadura eta pentsiodun nagusien artean pobrezia-mailak handitzea ez da murrizten”, diote.

Hauek Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali dituzten argazkiak:

Osorik irakurri