→Hego Uribe

Saharara bildatzeko tona eta erdi elikagai bildu dituzte Hego Uribe eskualdean

Saharara elikagaiak bidaltzeko bilketa egin dute Etxebarrin, Galdakaon eta Basaurin. Euskal Karabana martxoan abiatuko da Tindufera.

Martxoaren 2an abiatuko da Laudiotik Sahararen Aldeko Euskal Karabana // Argazkia: Munduaz Blai Elkartea

Otsailean zehar Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara elikagaiak bidaltzeko bilketa egin dute Hego Uribeko zenbait udalerrietan, Sahararen Aldeko Euskal Karabanarekin bat eginez. Besteak beste, Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolan, Etxebarriko ikastetxe, kiroldegi eta supermerkatuetan eta Basauriko Bilbondo merkataritza gunean elikagai bilketa egin dute, Etxebarriko Munduaz Blai Elkarteak bideratuta, eta guztira tona eta erdi elikagai eta konpresa bildu dituzte.

Euskal Fondoak, Euskadiko Frente Polisarioaren Delegaritzak eta Otsailak 27 koordinakundeak, Sahararen alde lanean diharduten elkarteekin batera egindako kanpainaren hamabostgarren edizioa izan da aurtengo elikagai bilketa.

Era berean, Kareagako Mendi Martxaren antolakuntzatik ere bat egingo dute Euskal Karabanarekin eta otsailaren 19ra bitartean elikagaiak bilduko dituzte Basauriko zenbait puntutan: Kareaga Gizarte Etxean, Basozelai Gizarte Etxean eta Ibaigane Kultur Etxean.

Euskal Karabana, Laudiotik Tindufera

Sahararen Aldeko Euskal Karabana martxoaren 2an, larunbatez, abiatuko da Laudiotik Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara. “Bertan, 43 urte luzez errefuxiatu egoeran dauden milaka sahararrek egunerokotasunari aurre egiteko oinarrizko elikagaiak jasoko dituzte”, diote Munduaz Blai Elkartetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak