→Hego Uribe

Euskararen ezagutzak %5 egin du gora Hego Uribe eskualdean

basauri herritarrak

Eustatek 2016ko euskararen ezagutza mailaren datuak eman berri ditu jakitera. Hego Uribe eskualdean 35.096 dira euskaldun osoak.

Euskaldunak eta ia euskaldunak %56,25 dira Hego Uriben, eta %43,75 erdaldunak // Geuria

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2016ko euskararen ezagutza mailaren datuak eman berri ditu jakitera. Datuak 2 urte baino gehiagoko Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleenak dira. Horien arabera, gaur egun Euskadin bost biztanletatik hiruk (%60,7) euskarazko ezagutzaren bat du, eta %42a euskalduna da. Hau da, euskaldunak -euskaraz ulertu eta hitz egin ondo egiten dutenak- 895.942 biztanle dira eta ia euskaldunak -euskaraz ulertu ondo edo erdizka egin arren hitz egiteko zailtasunak dituztenak- 391.897 biztanle.

Datu orokorrez gain, Eustatek datuak herrika ere eman ditu. Aipagarria da Hego Uribe eskualdean euskararen ezagutzak izan duen aurrerapena eta gehikuntza 2011. urtearekin alderatuta. Hain zuzen ere, bataz beste %5,14 euskaldun gehiago daude 2016an Hego Uriben: Arrigorriagan %38,47 (2011n %32,89), Basaurin %28,20 (2011n %23,17), Etxebarrin %35,35 (2011n %26,32), Galdakaon %43,14 (2011n 38,94), Ugaon %43,40 (2011n %37,30), Zaratamon %43,36 (2011n 40,04) eta Zeberion %73,27 (2011n %70,53). Aipatzekoa da Etxebarri, Bizkaiko beste udalerri batzuekin batera (Arakaldo, Lanestosa, Sopuerta, Bakio, Trapaga eta Barakaldorekin), euskaldun kopuru gehien irabazi duenetakoa dela (%9,03 euskaldun gehiago).

35.096 euskaldun

Eustaten datuen arabera, bi urteko eta gehiagoko biztanleak 97.668 dira Hego Uribe eskualdean 2016an. Horietatik 35.096 dira euskaldun osoak (%35,93): 4.520 Arrigorriagan, 11.298 Basaurin, 3.764 Etxebarrin, 12.335 Galdakaon, 1.725 Ugaon, 692 Zaratamon eta 762 Zeberion.

Ia-euskaldunei dagokienez, 19.848 (%20,32) dira eskualdean: 2.485 Arrigorriagan (%21,15), 7.827 Basaurin (%19,53), 2.426 Etxebarrin (%22,79), 5.856 Galdakaon (%20,48), 812 Ugaon (%20,43), 310 Zaratamon (%19,42) eta 132 Zeberion (%12,69).

Erdaldunen kopurua euskaldunena baino handiagoa izaten jarraitzen du 2016an, baina ez, ordea, euskaldunak eta ia euskaldunak batera elkartuta (%56,25). Hain zuzen ere, erdaldunak 42.724 dira Hego Uriben (%43,75): 4.744 Arrigorriagan (%40,38), 20.945 Basaurin (%52,27), 4.457 Etxebarrin (%41,86), 10.400 Galdakaon (%36,38), 1.438 Ugaon (%36,18), 594 Zaratamon (%37,22) eta 146 Zeberion (%14,04).

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak