→Hego Uribe

Euskara ohitura bihurtu

bilbo euskaraldia 2017 aurkezpena argazkia tokikom

Euskarak 365 egun dinamikaren baitan, Euskaraldia ekimena jaio da, euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duena.

Azaroaren 23an aurkeztu zuten Euskaraldia ekimena Bilboko Arriaga antzokian // Tokikom

Euskarak 365 egun dinamikaren baitan, Euskaraldia ekimena jaio da, euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duena. Hego Uribeko herriek parte hartuko dute eta dagoeneko jarri dira 2018ko ekimen erraldoiari begira

Euskaraldia ekimena sortu da, zenbait eragileren eskutik. Azaroaren 23an aurkeztu zuten, Bilboko Arriaga antzokian. Ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez zen zorizkoa izan. Izan ere, urtebete barru, azaroaren 23an bertan abiatuko da euskararen lurralde osoan batera egingo den aktibazio ekimen erraldoia. Hala, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia. Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, hamaika egunetan zehar, beraien ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuarekin.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Elena Laka, Euskaltzaleen Topagunea-ko lehendakaria; Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia; Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun elkarteko kidea; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna; eta Arrate Illaro, Euskaraldia-ren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topagunea-ko kidea. Eurekin batera, orain arte egitasmoan laguntzeko gogoa agertu duten hainbat erakunde sustatzaileren babesa izan zuten aurkezpenean. Aurrerantzean ere, atea irekita egongo da entitate gehiago ekimenera batzeko.

Herritar euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea da ekimenaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan dinamikaren baitan kokatzen da ekimen hori, eta bi mugarri ditu: batetik, hiztunen hizkuntza ohituretan eragin eta berauen harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da lortu nahi dena; bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.

Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabili dezaten lortu nahi dutelako koordinatzaileek.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi eta belarriprest bihurtu nahi dituzte. Lehenaren ardura izango da euskaraz hitz egitea ulertzeko gai diren guztiei, haiek erdaraz erantzun arren. Bigarrenaren zeregina, aldiz, dakienari euskaraz hitz egiteko gonbita egitea izango da. Nolanahi ere, euskaraz hitz egiteko gai diren parte-hartzaileek eurek erabakiko dute bataren edo bestearen rola jokatu.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistiko zein tokian tokiko errealitatera moldatzeko modu- koa izango da. Antolaketan, beraz, hainbat auzo, herri eta eskualdetako euskaltzale taldeak arituko dira, baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere.

Hego Uribe eskualdea, prest

Horiek horrela, aurrerapausoa emateko ordua heldu zaie Hego Uribeko herriei, nahiz eta batzuk dagoeneko bidean dauden, Arrigorriaga kasu: belarriprest-ak eta ahobizi-ak martxan jarri dituzte eta ‘3 egun euskaraz’ ekimena egingo dute abenduaren 1etik 3ra bitartean.

Basauriko eta Galdakaoko Udalek ekimenean parte hartuko dutela baieztatu eta etxeko lanak egiten hasi dira. Lehen pausoa litzateke herri mailako batzordea eratzea. Basaurik badu euskara elkartea, Euskarabila, eta badu Euskara Aholku Batzordea. Euskara sailetik diotenez, “ekimen kolektibo erraldoia izango denez, ezinbestekoa izango da euskaltzaleak lanean batera jardutea gizartearen aldekotasuna lortzeko. Horretarako funtsezkoa izango da Batzordea osatzea eta denon artean lanean hastea, adostasunak lortuz eta ezarritako kronograma jarraituz”. Galdakaon ere Batzordea eratzeko lanean dihardute, nahiz eta herrian bertan euskara elkarterik ez izan, Usansolon badago. Bai Basauri, bai Galdakao Batzordea osatzeko balioko duten aurkezpen saioak noiz eta zelan egin aztertzen ari dira.

Ugaon ere aurreikusten dute Euskarak 365 egun dinamikan parte hartzea. 2018ko lehen hiruhilekoan batzorde ireki berezi bat eratzeko asmoa dute, datorren urteko Euskararen Egunaren aurreko hamaika egunetan aurrera eramango den dinamika prestatzeko.

Hortaz, eskualdeko udalak datorren urteko Euskal Herri mailako ekimen kolektibo erraldoiari begira daude, eta berau prestatzeko ibilbideari ekingo diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak