→Hego Uribe

20 kilometro egingo ditu Gure Esku Dago-ren giza kateak Hego Uribe eskualdean

2014an Durango eta Iruña lotu zituen Gure Esku Dago-ren giza kateak // Gure Esku Dago

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu aurten Gure Esku Dagok antolatu duen ekimenak. Ekainaren 10ean izango da ekimena eta guztira 202 kilometroko ibilbidea lotuko duen giza katea egitea izango da helburua. Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate hau Hego Uribe eskualdetik igaroko da eta guztira 19 kilometro egingo ditu gurean.

Galdakao, Etxebarri, Arrigorriaga eta Ugao zeharkatuko ditu giza kateak, 104. kilometrotik 115. kilometrora (Galdakao-Etxebarri) eta 128. kilometrotik 136. kilometrora (Basauri-Arrigorriaga-Ugao). Hego Uribeko herritarrez gain (Zaratamok ere bat egingo du Arrigorriagan), Bizkaiko beste udalerrietako bizilagunak ere etorriko dira gurera giza katea egitea. Besteak beste, Lemoa, Lezama, Loiu, Busturialdea edota Meatzaldea.

Kilometroka hauek dira Hego Uribeko udalerriei egokitu zaizkienak: 108 Usansolo, 109-111 Galdakao, 114 Etxebarri, 128-129 Basauri eta San Migel, 130 Arrigorriagak eta Zaratamok elkarbanaturik, 131 Arrigorriaga eta 135 Ugao.

500 lagun, kilometro bakoitzeko

Gure Esku Dago plataformak gutxienez 100.000 lagun bildu nahi ditu ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katerako. Hau da, 500 lagun inguru kilometro bakoitzeko. Zentzu horretan, Hego Uribeko udalerri bakoitzari egokitu zaizkion kilometroen arabera, 5.000 lagun inguru beharko liratezke: 500 lagun Usansolon, 1.500 Galdakaon, 500 Etxebarrin, 1.000 Basaurin, 750 Arrigorriagan, 250 Zaratamon eta 500 Ugaon.

Dagoeneko saretze kanpainak abiarazi dituzte eskualdean interesdunek giza katerako izena eman dezaten. Izen emate bakoitzagatik 5 euro ordaindu behar dira eta partaideek zapi bana jasoko dute, ekainaren 10ean erabiltzekoa. Era berean, aukera dago online izena emateko esteka honen bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak