→Hego Uribe

Korrika 21 | Piztu euskara, euskaraz bizitzeko

Klika da aurtengo Korrikaren lema: klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskara erabiltzea eta euskara babestea. Klika! egin eta euskara ikasten ari diren zazpi ikaslerekin berba egin dugu

Ius Perez, Katarzyna Szarkowska, Andone Soldevilla, Jean P. Rousseau, Laura Martin, Txemi Hazas eta Nerea Rodriguez // Geuria

Klika da aurtengo Korrikaren lema: klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskara erabiltzea eta euskara babestea. Klika! egin eta euskara ikasten ari diren zazpi ikaslerekin berba egin dugu

Apirilaren 4an hasiera eman diote 21. Korrikari. Aurten Klika da euskararen aldeko ekimen erraldoiaren leloa. “Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea”, diote Korrikako antolatzaileek: “Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea”.

Hego Uribe eskualdean AEK euskaltegiak, udal euskaltegiak eta euskaltegi pribatuak daude, eta denetan daude, noski, euskara ikasleak. Eskoletan ikasten duten ikasleak zein autoikaskuntzako ikasleak. Basaurin Ius Perez, Etxebarrin Katarzyna Szarkowska, Usansolon Andone Soldevilla, Zeberion Jean P. Rousseau, Arrigorriagan Laura Martin, Ugaon Txemi Hazas eta Zaratamon Nerea Rodriguez. Arrazoi ezberdinengatik, denek erabaki dute euskararen aldeko hautua egitea: euskal kultura hobeto ezagutzeko, seme alabekin eta lagunekin euskaraz hitz egiteko, gizartearen parte sentitzeko edota curriculuma hobetzeko.

Ius Perez

Basauri

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Gero eta gehiago erabiltzen dut euskara. Baditut hainbat lagun euskaraz dakitenak, baina normalean ez dute euskaraz hitz egiten. Argi dago hizkuntzarik onena erabiltzen dena dela.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Orain dela 14 urte hasi nintzen Bilboko euskaltegi batean ikasten, baina utzi behar izan nuen. Gure hizkuntza, nahiz eta oso erraza ez izan, benetan zoragarria da eta merezi du euskaraz ikasteak. Horregatik, aurten berriro hasi naiz Basauriko Bolintxu euskaltegian. Gainera, asko maite dut euskal kultura: musika, dantzak, bertsoak…Eta horiek hobeto ulertzeko balio dit euskarak.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Euskaltegiko giroa da gehien gustatzen zaidana; mintza-saioak, adibidez, oso aberasgarriak dira, eta nire ikaskideak primerakoak dira, dudarik gabe.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Informatikaria naizenez, euskal gramatika errazagoa iruditzen zait. Uste dut naturaltasunez hitz egitea erronka itzela dela. Horregatik mintzanet.net zerbitzuaz baliatzen ari naiz eta uste dut helburua lortuko dudala azkenean.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Jakina, laguntzailea izango naiz. Gure abesbatzak, Zirzira Ahots Taldeak, beti lagundu du Korrika. Duela bi urte ere korrika egin nuen eta bertan egotea esperientzia oso gomendagarria da. Aurten “Klika” egingo dugu askok eta askok.


Katarzyna Szarkowska

Etxebarri

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Azaroan, adibidez, ahobizi/belarriprest ekimenean parte hartu nuen. Euskaraldia eta Korrika bezalako ekimenak oso interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit, hizkuntzak gure aberastasunik handienak baitira. Nahiz eta euskara oso polita izan, zaila ere bada. Ahal duguna egin behar dugu jendeari euskara hurbiltzeko, gero eta jende gehiagok hitz egin dezan. Oso esperientzia polita izan zen Euskaraldikoa. Jendeak ez zuen sinisten, poloniarra izanda, euskaraz ulertzen nuenik.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Alde batetik, nire senarra euskaldun zaharra delako. Orain etxean hiru hizkuntza erabiltzen ditugu. Berak bizkaieraz hitz egiten du gure seme-alabekin eta nik polonieraz. Uste dut umeentzat hobea dela txikitatik etxean hizkuntzak ikastea. Denborarekin geroz eta gehiago ulertzen nuen euskara baina ez neukan astirik modu serioan ikasteko. Pasa den urrian, ordea, langabezian geratu nintzen eta pentsatu nuen aukera ezin hobea zela niretzat euskara ikasteko. Uste dut euskara jakitea garrantzitsua dela lanpostu bat lortzeko, are gehiago atzerritarra bazara. Sei hilabete daramatzat Etxebarriko euskaltegiko ikastaro trinko batean euskara ikasten.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Nire senarrarekin eta bere familiarekin euskaraz hitz egin ahal izatea. Umeek euskaraz hitz egiten dute aitarekin, baina elkarrekin ari garenean gaztelaniaz hitz egiten dugu, niretzako errazagoa delako. Ohitura hori aldatzea nahi nuke.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Alde batetik, kalean ia ez dela euskaraz entzuten, eta beraz, ez daukat ikasitakoa etxetik kanpo praktikatzeko aukerarik. Bestetik, lotsa handia ematen dit euskaraz hitz egiteak, nire maila ez delako batere ona.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Bai, noski! Gure sostengu guztia merezi du euskarak.


Andone Soldevilla

Usansolo

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Korrikan parte hartzen dut, bai, nire herriko kilometroetan, baita bukatzen den egunean ere. Diruz ere laguntzen dut: materiala erosten dut eta korrika laguntzaile txartela ere badut. Euskararen guztiz aldekoa naiz: euskaraz hitz egiten dut eta euskara ikasten jarraitzen dut.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Duela 40 urte hasi nintzen euskara ikasten, geure amak bultzatuta, nahiz eta bera kanpotarra izan. Beti esaten zigun euskaraz ikasi behar genuela, Euskal Herrian bizi ginelako. Gaur egun, euskara ikasten eta hobetzen jarraitzen dut.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Batez ere, alabak eta Euskal Herriak berak motibatzen naute.  Alde batetik, argi izan dut beti nire alabarekin euskaraz berba egin behar nuela eta etxeko hizkuntza euskarak izan behar zuela. Bestetik, Euskal Herria maite dudalako, euskara ikasi eta berba egitea beharrezkoa ikusten nuen nire bizitzan. Hizkuntzek herriak sortzen dituzte.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Zailtasunen artean, instituzioetatik bideratutako euskara politikak gabezia itzelak dituela. Doakoa izan beharko lukeena garesti ateratzen zaio herriari.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Korrikan parte hartuko dudan? Bai, jakina. Beti parte hartu izan dut, lehenengo korrika hasi zenetik. Urte batzuetan, Euskal Herritik urrun egon arren, parte hartu izan dut, zailtasunak zailtasun. Korrikan parte hartzeak sentimendu bereziak eta hunkigarriak sortzen dizkigu euskara maite dugun guztioi.


Jean P. Rousseau

Zeberio

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Euskara ikasten dut eta lagunekin hitz egiten dut. Gainera Korrika Kulturalean parte hartzen dut.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Orain dela hiru urte hasi nintzen, nire lagunekin euskaraz hitz egin nahi nuelako.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Bazterketa soziala eta politikoa ekiditea.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Batez ere, klasera nekatuta joaten naizela, lan asko egiten dudalako.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Orain dela bi urte, irakaslearekin Otxandiora joan ginen eta urte honetan, Ugaon hartuko dut parte.


Laura Martin

Arrigorriaga

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Korrika kulturalean parte hartzen dut. Azaroan Euskaraldian parte hartu nuen. Ingurukoekin euskaraz egiten saiatzen naiz.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Eskolan hasi nintzen, baina A ereduan ikasi nuenez, institutua bukatzean euskaltegian eman nuen izena. Zenbait urtez euskara ikasteari utzi nion eta orain dela 5 urte eskolako AEK-ko talde batean eman nuen izena. Orain auto-ikaskuntzaren bitartez ari naiz trebatzen.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Hasieran alabari laguntza emateko ikasten hasi nintzen. Orain, ordea, harro sentitzen naiz euskaldun jendearekin hitz egiten dudanean eta horrek motibatzen nau.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Denbora falta eta praktikatzeko leku gutxi egotea.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Aurten lan egin behar dut Korrika Arrigorriagatik pasatzen den orduan, baina askotan parte hartu izan dut. Dena den, saiatuko naiz beste herriren batean parte hartzen.


Txemi Hazas

Ugao

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
Euskaraz egiten ahalegintzen naiz eta neurri handi batean lortu egin dut. Etxean osatu dugun familia euskalduna da eta kalean ahal dugun guztiekin euskaraz egiten dugu.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
16 urterekin Galdakaoko Aita Barandiaran euskaltegian apuntatu nintzen. Txikitatik euskaldun askoren inguruan ibilitakoa nintzen eta haientzat oztopo bat nintzela sentitzen nuen. Euskaldundu nintzenean, hizkuntza-oreka lortu nuen nire inguruan.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Euskal zaletasunak erraztu zidan euskaraz ikastea. Gaur egun, berriz, C1 maila prestatzen ari naiz eta AEK-ra bueltatu naiz horretarako.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Zerotik hasi nintzen euskaraz ikasten eta jendaurrean hitz egiteko lotsa kentzea izan zen zailena. Behin hori gaindituta, erraza egin zitzaidan euskalduntzeko prozesua. Orain berriz, azterketa prestatzea askoz traumatikoagoa iruditzen zait.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Oso gaztetatik hartu dut parte. Gogoratzen dudan lehenengoa 5. Korrika da. Gainera, Ugaoko kilometro batean lekukoa eroateko ohorea eduki dut.


Nerea Rodriguez

Zaratamo

Zer egiten duzu euskara / Korrikaren alde?
4 urtez jarraian euskaltegira joatea, ondo dago ezta? Denbora badaukat,  irratia eta telebista euskaraz entzuten saiatzen naiz egunero.

Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Orain dela lau urte hasi nintzen euskara ikasten. Nire semeak hiru urte zituen eta pentsatu nuen nagusiagoa zenean bere etxeko lanekin lagundu ahalko niola horrela, bai eta berarekin euskaraz egin ere. AEKn hasi baino lehen, lana bilatzen ari nintzenean, udal euskaltegian hasi nintzen, duela 20 urte edo. Nire helburua, ordea, oso ezberdina zen orduan: euskara ziurtagiria lortzea eta nire curriculuma osatzea.

Zerk motibatzen zaitu gehien euskara ikasteko?
Inguruko jendea ulertzeko gaitasuna izatea eta jendeak ni ulertzea.

Zeintzuk dira euskara ikasteko zailtasun handienak?
Zailtasunik handiena nire barruan dago: segurtasun eza, lotsa eta beldurrak.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Laneko ordutegia dela eta aurten ezin izango dut Korrikan parte hartu, eta tamalez, berdina gertatzen zait beti. Duela bi urte arrapalan heldu nintzen taldera batzeko asmoz, baina heldu nintzenerako pasatuta zegoen eta ezin izan nuen korrikarik egin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak