→Hego Uribe

Gobernua aldatzeko aukera zabaldu da Arrigorriagan, Galdakaon eta Zaratamon

Ekainaren 15ean osatuko dituzte eskualdeko udalerri ezberdinetako udalbatza berriak eta horietan aukeratuko dituzte zazpi herrietako alkateak nortzuk izango diren.

Botoa pertsonala eta isilpekoa da, nahiz eta udal talde bakoitzak aldez aurretik adostua izaten duen / Geuria

Ekainaren 15ean osatuko dituzte eskualdeko udalerri ezberdinetako udalbatza berriak eta horietan aukeratuko dituzte zazpi herrietako alkateak nortzuk izango diren. Hego Uribeko zenbait herritan ez da sorpresarik espero eta gehien bozkatutako zerrendek lortuko dute alkatetza: Basaurin, Etxebarrin, Ugaon eta Zeberion. Etxebarrin gehiengoa mantendu du Herriaren Ahotsak eta Ugaon eta Zeberion EAJk. Oso bestelako egoera bizi dute Galdakaon, Arrigorriagan eta Zaratamon. Hauxe da herriz herri bizi duten egoera politikoa.

Galdakao

EAJren jaitsierak, EH Bilduren igoerak eta Auzoak talde berriaren sorpresak Galdakaoko udal gobernua alda dezakete, lehenengoz 1979. urtetik. Alderdi jeltzaleak nabarmen egin du behera, hiru zinegotzi eta 1.000 bototik gora galduta. Hala ere, alderdirik bozkatuena izan da. EH Bilduren emaitza onek baina, alkate izatera eraman dezakete Iñigo Hernando: 600 boto eta bi zinegotzi gehiago lortu ditu ezker koalizio soberanistak. Egoera berri honen aurrean, Auzoakek du gobernuaren giltza: talde berriak 2.500 bototik gora eta lau zinegotzi lortu ditu, eta ikusi beharko da bere ordezkariek zer erabaki hartzen duten larunbateko bozkaketan. EH Bildurekin akordiorik lortu ezean edota abstentzioaren alde egingo balute, litzatekeena da Fernando Izagirre jeltzalea alkate izatea, EAJ izan baita zerrendarik bozkatuena. Bilkuraren ordua: 09:00

Arrigorriaga

EH Bilduk irabazi ditu Arrigorriagan hauteskundeak eta lehen aldiz demokrazian, EAJ ez da alderdirik bozkatuena izan. 500 botoko igoera lortu du Maite Ibarra herritarra buru duen ezker koalizioak eta Arrigorriagako lehen indarra da. EAJk eta Arrigorriaga Garak 350na boto galdu dituzte eta NOA talde berriak zinegotzi bat lortu du. 6 zinegotzirekin berdinduta daude EH Bildu eta EAJ, eta gainontzeko alderdiek erabakiko dute alkatea nor izango den. Sorpresarik gertatu ezean, PSEko bi zinegotziek EAJren alde egingo dute, eta ikusi beharko da Arrigorriaga Garak eta NOAk Maite Ibarraren alde egiten duten. Horrela izango balitz, EH Bilduk lortuko luke Arrigorriagako alkatetza. Bilkuraren ordua: 09:00

Zaratamo

Hiruko berdinketa bizi dute Zaratamon. EAJk irabazi ditu hauteskundeak, 100 botoko igoera lortuta, baina 36 botoren bueltan daude EAJ, Gure Herria eta EH Bildu, hiruna zinegotzirekin bakoitza. Zerrendarik bozkatuenak lortuko balu alkatetza, Gaizka Pineda izango litzateke Zaratamoko alkatea. Bilkuraren ordua: 10:00

Basauri

Nagusitasun osoz, EAJk irabazi du Basaurin. Gehiengotik gertu, EAJjren inoizko emaitzarik onekak lortu ditu Asier Iragorri jeltzaleak. Basauri Bai-k galdutako zinegotzia PSEk bereganatu du, izan ere, 1.000 boto gehiago lortu ditu Isabel Cadaval buru duen alderdi sozialistak. EH Bilduk ere gora egin du: hiru zinegotzi eta hirugarren indarra da Basaurin.  PPk, bere aldetik, bere ordezkaritza mantendu du udalbatzan, zinegotzi batekin. Bilkuraren ordua: 12:00

Etxebarri

Herriaren Ahotsak gehiengoa mantendu du nagusitasunez eta Loren Olivak jarraituko du alkate izaten. Hala ere, 100 boto gehiago lortuta ere, zinegotzi bat gutxiago izango du, 12 guztira. EAJ bigarren indarra da Etxebarrin, 200 boto igota eta bi zinegotzirekin; EH Bildu hirugarren indarra da, 70 boto igota eta bi zinegotzirekin ere. PSEk ordezkaria izaten jarraituko du legegintzaldi honetan. Bilkuraren ordua: 12:00

Ugao

EAJk eta EH Bilduk, biek egin dute gora, baina EH Bilduk zinegotzi bat irabazi eta EAJk galdu egin du. Dena den, inoizko emaitzarik onenak izan ditu alderdi jeltzaleak eta gehiengoa mantenduta, Ekaitz Mentxaka izango da alkate. Bilkuraren ordua: 12:00

Zeberio

7 botoren aldea izatetik, 102 botoren aldea izatera igaro da Zeberioko alderdi jeltzalea eta nagusitasunez eutsi dio gehiengoari. Hortaz, 2019-2023 legegintzaldian Karlos Idirinek jarraituko du alkate izaten. Bilkuraren ordua: 12:00

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak