→Hego Uribe

Ibai Villapun: “Hego Uriben gehiago dira komunean ditugunak ezberdintasunak baino”

BIBA! agentzian koordinatzaile eta komunikazio aholkulari gisa aritzen da kazetari basauriarra. GEURIA komunikabidea sorreratik ezagutzen du.

Ibai Villapun, Komunikazio aholkularia / David Herranz

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

Arimaz eta pentsaeraz gaztea bada ere, ilea zuritzen hasi zaiola esan ohi du. Jakituriaren seinale, akaso. Izan ere, hogei urtetik gora daramatza komunikazioan lanean: kirol eta musika kazetaritzan, komunikazio proiektuen kudeaketan eta prentsa-buru enpresa pribatuan. Egun, BIBA! agentzian komunikazio aholkulari ari da, esaterako, Bilbao Mendi Film eta Basque Dok moduko proiektuetan bidailagun dute. Geuriaren parte ere bada Ibai Villapún (Basauri, 1979). Administrazio lanetan laguntzeaz gain, proiektuaren erronkak, jomugak eta etorriko direnak planifikatzen eta aurreikusten ditu. Ez da marka makala. Bost urte beteko ditu aurten Geuriak eta besteak beste, hedabidearen sorreraz, egiten duen kazetaritzaz eta erronka ekonomikoez aritu gara berarekin.

Zergatik existitu behar du tokiko hedabide batek Hego Uribe eskualdean?
Lehenengo begiratu batean, ondoriozta genezake gure eskualdearen oinarria gehiago dela administratiboa kulturala baino. Uste genezake Zeberioko batek ez daukala zerikusi handirik Etxebarriko batekin, edo Galdakaoko batek Ugaoko batekin. Baina, aldi berean, Hego Uriben badira hamaika lagun herri batean bizi eta albokoan lan egiten dutenak edo senitartekoak dituztenak eskualdeko beste herrietan… Eskualdearen kontzeptua, edozein modutan, oso modu pragmatikoan ikusten dut nik. Gehiago dira komunean dauzkagun gauzak ezberdintasunak baino. Tokiko hedabide baten helburuak ez luke izan behar eskualde nortasun artifizialak sortzea, baizik eta herritarren interes edo kezka nagusiak artikulatzea modu eraikitzaile eta erabilgarrian.

Eta zergatik euskaraz?
Euskaraz informazioa jasotzeko eskubidea bermatzeko, hizkuntza normalizaziorako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta uste dudalako euskarak ekar ditzakeen mugek, aldi berean, beste kazetaritza mota bat egiteko aukera baliatu dezaketela. Eta azkenik, baina garrantzitsuena: etorkizunean gero eta euskaldun gehiago izango ditugulako.

Zer nolako garrantzia du herrien eta eskualdeen ikuspegiak halako proiektu batean?
Erabatekoa. Tokiko euskarazkoak, komunikabidea izan aurretik, herri eragile eta komunitatearen beste agente bat behar du izan. Lurraldearekiko erroak, erantzukizuna eta lotura ezinbestekoak dira. Ezin da herria erredakziotik begiratu, albiste-iturri soil moduan. Kaletik sentitu, usaindu eta bizi behar da komunitatearen parte izateko eta hortik abiatuta kazetaritza egiteko.

Zer zailtasun ditu Geuriak Hego Uriben?
Ez dut inongo sekretutik esango Hego Uribe ez dela euskararekiko eskualde bereziki friendlya esaten badut. Baina kontuz! Uste dut bertokoek beste eskualde batzuk (Uribe Kosta, Aiaraldea edo Bilboko zonalde batzuk) gurea baino euskaldunagoak direnaren ideiaren zama eraman dugula urteetan zehar, baina oso antzekoak direla esango nuke. Dena den, oso baikorra naiz zentzu horretan. Euskarak gero eta atxikipen gehiago dauzka, beste modu batera izan ez daitekeen bezala. Eta gurean ere horrela izango da urteak aurrera joan ahala. Beste gauza bat da hizkuntzaren erabilera edo euskal kulturaren sustapena, baina onarpen aldetik gauzak gero eta errazagoak izango direla uste dut.

Eta nola eragin ingurune erdaldun batean?
Bilatu behar duena da audientzia zabalarentzat erakargarria, erabilgarria eta onuragarria izatea. Euskaldun, ia-euskaldun eta, zergatik ez?, erdaldunarentzat ere bai. Zaila dirudien arren, badaude horretarako formulak, eta Geuriak horietako asko erabili ditu: diseinu erakargarriak, komiki tirak, argazkiak, bideoak, umeentzat edukiak (gurasoentzat ere, amu)…

Zeintzuk izan dira Geuriaren lorpenak bost urteotan?
Proiektuari eman zaion egonkortasuna (aurretik ez da izan eskualdean tokiko euskarazko komunikabiderik lau urteren muga pasatu duenik); hazkunde iraunkorra eta kontrolatua; lehen urteetako lan isila eta harreman publikoak balizko kritikak emaitzekin isilarazteko; eta komunikabideak izan duen izaera herrikoia (kaletik egin da kazetaritza eta herritarrei eman zaie hitza, beste interes edo presio batzuk alde batera utzi behar zirenaren pedagogia eginda). Geuriaren finkatzea guztion erantzukizuna zenaren ideia sustraitzea lortu da.

Geuriak duen kazetaritza egiteko moduaz eta orokorrean tokikoenaz galdetuko banizu…
Klitxeei heltzen badiegu, esango nuke Geuriaren funtzionamendua ez dela, lerro nagusietan erreparatuz gero, tokiko estandarretara %100ean egokitzen. Komunikabide berria da, bost urte besterik ez ditu, gaur egun jaio dela esan dezakegu, ez du konbertsio digitalik egin beharrik izan, oraindik ez du bere burua askotan birziklatu beharrik izan. Salbuespenak salbuespen, eta ez dut inor haserretu nahi, tokikoen maila (gaztelaniazkoak barne) ez da gustatuko litzaigukeen bezain altua izan urte gutxira arte. Dela giza baliabide urriengatik, dela diru laguntzekiko edo erakunde publikoekiko menpekotasunagatik… Baina gaur egun egoera azkar aldatzen ari da: gero eta tokiko komunikabide gehiagok erakusten dute goi-mailako kazetaritza egitea posible dela eta gai garela erronka handiei heltzeko. Gainera, tokikoen profesionalizazioak lan-aukera asko eskainiko dizkie etorkizuneko kazetari gazteei.

Zerk ezberdintzen du Geuria beste komunikabideetatik? Edo ez da oso ezberdina?
Hiru buruko munstroa bezalako dokumentala egiten duen komunikabideak ekarpen handia egiten dio tokikoak duintzeko erronka horri. Askotan, iraganean, euskarazko produktuek gure txikitasunean eroso egoteko joera okerra indartu izan dute. Geuriak transbertsalitatea bilatu du bere ildo editorialean, muga horiek modu naturalenean hausteko nahia, aipatutako dokumentala horren adibide garbiena izan daiteke.

Galdera potoloa: Kazetaritza egiteko era etengabe ari da aldatzen. Norantz begiratu beharko luke Geuriak?
Geuriak komunikazioa kontsumitzeko joera globalei begiratu behar die, Hego Uriben hanka bat duela. Hau da, lehenengo eta behin bere audientzia ezagutu behar du, kalean eta kontsumo ohiturek ematen dizkioten estatistiken bitartez. Baina, aldi berean, mundu zabalean komunikabideek eta komunikazioak etengabe bizitzen dituzten azken aldaketen berri izan behar du, horietako asko gurera ekarri eta komunikazio azpiegitura handiekin bere txikitasunak ematen dion bizitasuna baliatuta lehiatzeko.

Horren garrantzitsuak al dira sare sozialak? Edo komunikabideok sare sozialetatik aldendu beharko ginateke?
Sare sozialak komunikabide batek sortzen duen informazioa zabaltzeko beste baliabide bat besterik ez dira. Garrantzitsua, baina batzuetan, ez newsletter bat baino garrantzitsuagoa, adibidez. Geuriak Hiru buruko munstroa sareen bitartez (Facebook, Youtube eta bere web ataria) argitaratu zuenean grazia egin zidan beste tokiko paperezko komunikabide batek nola jarri zuen albistearen izenburuan: “Youtuben argitaratutako dokumental batek […]”. Hau guztia Netflixen garaian. Azken zortzi urteetan mugikorretatik egiten den informazioaren kontsumo globala %5etik %28ra igo da. Geuriaren kasuan portzentaia hori %80tik gorakoa da egun. Prest dago, beraz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Baina horrek ez du esan nahi paperezko euskarriak zentzurik ez daukanik. Sarean modu batera komunikatuko da eta gai edo formatu batzuk lehenetsi beharko ditu (argazkiak, bideoak, zuzenekoak…) eta paperean, beste batzuk, agian atenporalagoak baina sakontasun handikoak.

Erronka ekonomikoei buruz galdetuko banizu, bideragarriak al dira komunikabide tradizionalak?
Edozein komunikabide finantzatzea oso zaila da gaur egun. Euskal Herrian gehientsuenek menpekotasun handia daukate erakunde publikoen diru laguntza edo publizitatearekiko eta hori ez da goi mailako kazetaritza independentearekin bateragarria izaten. Baina beste finantzazio modu batzuk agertu dira azken urteetan, irakurle edo babesleen mikro mezenasgoarena kasu. Oraindik ekarpen txikiak dira komunikabide gehienen finantzazio nagusiaren baitan, baina horiek sendotzeko komunikazio-kultura zabaltzea eta pedagogia egitea ere beharrezkoa da. Euskarazko produktuen kasuan, egun, oraindik ezinbestekoak ikusten ditut diru laguntzak gaztelaniazko merkatuarekin lehiatu ahal izateko.

Iragarleek pentsa lezakete euskarazko hedabide bat izanik, publizitatearen irismena urriagoa dela.
Arestian izandako komunikazio-kulturaren zabalkundeari heldu beharko genioke hemen ere. Azaleko klitxe asko dago honen inguruan eta hori aldatzeko erantzukizuna komunikazio korporatiboaren inguruan lan egiten dugunona da, neurri handi batean. Komunikazioaren gizartean bizi garen honetan, oraindik desinformazio handia dago. Youtuben ateratzeak ez zaitu dirudun egingo eta paperezko 150.000 aleko tirada duen egunkari batean zure publizitatea ateratzeak ez du bermatzen zure negozioak gora egingo duenik. Publizitatea (edo edukiak) erosterako orduan ez da bakarrik zenbat lagunengana heltzen garen kontutan izan behar, baizik eta zein audientzia-motara iristea komeni zaigun. Geuriaren adibidera bueltatuta, Hiru buruko munstroak 30.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute. Jai herrikoien, Korrikaren edo Albert Riverak Ugaora egindako bisitaren bideoek gaztelaniazko komunikabide jeneralista askoren audientziak berdintzen edo gainditzen dituzte. Mesedegarria litzateke tokikoen -euskarazkoen eta gaztelaniazkoen- benetako irismena eta edukien kalitatea modu garden eta inpartzialean neurtzea.

Komunikazioaren negozioa beti existitu da, baina gero eta negozio txikiagoa da.
Facebook, Amazon, Netflix, Instagram edo Youtuben negozioa ere komunikazio-negozioa da. Aktoreak aldatu dira, komunikazio kanalak ere bai, baina komunikazioari buruz hitz egiten dugunean, horiek ere badira, eta ez dira negozio makalak. Beste gauza bat da negozio horien etekinak zenbaten artean eta zein proportziotan banatzen diren.

Aldi berean, kazetaritzak eta komunikazioak inoiz baino indar gehiago duela uste duzu?
Kazetaritzak, bere jatorrizko adieran, ez dauka aspaldiko indarra. Gizarte mailan gutxietsitako ogibidea izatera iritsi zen, boterea fiskalizatzeko indarra galdu zuen eta lan baldintza prekarioak nagusitu ziren, beste komunikazio kanal batzuk bultzatutako intrusismoaren aurrean. Behin hori esanda, kazetariak eta komunikabide zintzoak inoiz baino beharrezkoagoak dira fake news eta azpiegitura handiek kontrolatutako erabiltzaileen datuen garaian. Eta ez bakarrik kazetari bezala aritzeko, baita komunikazio korporatibo lanetan aritzeko ere. Kazetariak badu sare sozialetan, prentsa ohar edo newsletterretan lan egiteko dohain berezia edo hartzailearekiko (izan eroslea, izan komunikabidea) gertutasuna garatzeko. Social media eta e-marketingaren egungo kulturek eragindako ogibide berrietan, aldiz, askoz ere itxurakeria handiagoa ikusten dut kasu gehiegitan. Oraindik sinesten dut kazetariek asko daukagula esateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak