☉ Hego Uribe
Jon Gago (psikologoa): “Koronabirusagatik hildakoen familiek dolua jasateko deiak izan dira gehien jaso ditugunak”
Bizkaiko Psikologia Elkargoko kidea da Jon Gago. Psikobizi arreta zerbitzua jarri dute martxan, erabat doan, edozein herritarrek konfinamenduan erabil dezan.

Egunetik egunera itxialdiak eragiten dituen egoera berriak ikusten ari gara. Horietako bat, eragin psikologikoa. Adinaren arabera eragina ezberdina bada ere, batera edo bestera guztioi eragin ditu, eta horiek arintzeko asmoz zerbitzu asko martxan jartzen ari dira. Basauriko Udaleko teknikariek 80 urtetik gorakoei telefonoz deitzen die eta eurekin berba egiten dute: euren egoeraren zein den galdetzen diete, ea zerbait behar duten, erosketa zerbitzuak behar dituzten. Ugaoko Udalak, aldiz, 65 urtetik gorako herritar guztiekin telefonoz berba egiten ari da. Galdakakaoko Udalak arreta sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua eskaintzen ari da adingabeak dituzten familientzat, konfinamenduak iraun bitartean. Udaleko Gizarte Ekintza Arloko hezitzaile eta psikologoen taldekoek (EISEP) eskainiko dute zerbitzua. Eurekin harremanetan jartzen eise@galdakao.net helbide elektronikoa eta 648 200 272 whatsapp zenbakia daude eskuragarri.
Horiek horrela, Bizkaiko Psikologia Elkargoak Psikobizi doako arreta zerbitzua martxan jarri zuen martxoaren erdialdean. GIPEC larrialdietan berezitutako psikologoek arreta psikologikoa eskaintzen dute: edozein herritarrek erabili dezake, telefono bidez (686 202 918) zein emailez (psikobizi.bizkaia@cop.es). Jon Gago elkargoko psikologoa da eta, besteak beste, konfinamenduaren eragin psikologikoez, errutina bat finkatzeaz edota alarma egoera bukatu ondorengoaz aritzen da zerbitzua erabiltzen duten herritarrekin. Era berean, konfinamendua eramangarria izan dadin aholkuak eman dizkigu.
Hilabetea egin dugu konfinatuta. Hasierako beldurrak, osteko barreak eta oraingo negarrak.
Egoeraren eta pertsonaren araberakoa da hori. Adibidez, ez dauka zer ikusirik landan edo baserrian bizi denaren bizitza, hirian bizi denaren pertsonarekin alderatuta. Era berean, lagun eta senideekin izan beharreko loturak distantzian mantentzea sentipen desberdinak ekarriko dizkigu. Uste dut gomendio ona dela itxialdia luzea edo laburra izango den pentsatu beharrean, gure burua egin beharrekoetan jartzea. Kontrolaezina da egoera hau, beraz, ezin dugu entzungorrarena egin, baina gauza asko gure eskuetan daude eta aldaketak edo hobekuntzak egin ditzakegu, posible den egoera onenean aurrera egiteko.
Eta alarma egoera bukatzen denean, zer? Kostatuko zaigu lehengo bizitzara bueltatzea ala indartsuago itzuliko gara?
Oraindik ere murgilduta gauden krisialdi honen ondoren zer etorriko den ez dakigu. Aldaketak nabariak dira jada eremu askotan: ekonomian, bizikidetzan, kontsumoan… Egoera berria da guztiontzat. Baliteke batzuk konfinamendua amaitu eta ospatzera aterako dira eta beste batzuen kasuan egoera guztiz desberdina izango da senide baten galera izan duenaren agur aproposa bilatuko dutelako, adibidez. Geure barne bileretan honen inguruan hausnartzen gabiltza ere eta ideien artean batzutan entzun daiteke egoera honek “lehengo bizitza” hura goitik behera aldatuko duela etorkizunean. Nork daki?
Etxean itxita egoteak eragin psikologikorik izango du herritarrongan.
Jendarteak nabaritu duen bezala, etxean itxita egoteak badauzka ondorioak. Isolamenduan gero eta egun gehiago pasa, baliteke antsietatearen edo depresioaren inguruko sentipenak jasaten hastea. Baina, beharrezkoa da jakitea horrela sentitzea normala dela.
Zelan eragingo die helduei, adin txikikoei, bakarrik bizi direnei edota familian bizi direnei?
Konfinamenduak ez die ondo egiten, adibidez, umeei. Horrek gurasoen eta umeen irudimena asko lantzera behartuko ditu, eta hori izaten ari da familia askoren ardatza seme-alaben aktibitatea eta ikasketa gosea asetzeko. Helduetan, ostera, ariketa fisiko, psikologiko eta emozionalak etxetik lantzeko eskura dugun tresnekin moldatu beharko dira. Etxetik kanpo genituen jokaerak aldatu ditugu, batik bat senideengan edo auzokideengan oinarrituz. Eta bakarrik bizi direnak baliteke triste sentitzea. Horregatik garrantzitsua da egunerokotasun batean lan egitea, ohitura berriak sortu, eta egin beharrekoak ondo planifikatu.
Errutina eta ordutegi bat finkatzea garrantzitsua da orduan.
Oso gomendagarria da, lana egiteko eta denbora pasatzeko ordutegi finko bat edukitzea. Errutina edo ordutegi finko bat izateak ordena ematen dio gure buruari eta, orokorrean, eremu ordenatu batean hobeto moldatzen gara. Interneten hainbat aholku irakur daitezke, baina informazio gehiegi dago, askotan kontraesanak, eta hori ez da ona. Bizkaiko Psikologia Elkargotik aholku hauek proposatzen ditugu: eguna antolatzea eta planifikatzea; informazio egokia eta ofiziala bilatzea; lagunekin, senitartekoekin zein lankideekin modu birtualean harremanetan jartzea; jan, arnastu, mugitu eta ondo lo egitea; sormena lantzea; eta ongizatea lortzeko, lan egiteaz gain, emozioak, pentsamenduak, sentsazioak eta ekintzak orekatzen ikasi behar dugu.
Itxialdiak ondorio positiboak eta negatiboak ditu baina.
Bakardade honek -edo isolamendua hobe esanda-, gure bizitza eredua guztiz kolokan jarri du. Batzuei etxean uneoro egoteak ezinegona sor dezake; beste batzuei, berriz, bakardadeak tristura eragingo die. Beraz, egoerari neurria hartu behar diogu, egoeraren arabera eta pertsonaren arabera. Sentipen hauek guztiak normalak direla azpimarratu behar dugu, egoera bera ezohikoa baita. Baina badago egoera honi ondorio positiboak bilatzeko aukera. Hala nola, senideengan geneukan loturak eta hauen garrantziaz hausnartzeko aukera, edo gure burua zaintzeko aukera: musika ikastea, marraztea, idaztea edota errezeta berriak prestatzea.
Telelanean, langabeengan… horietan ere eragina du itxialdiak, jakina.
Telelana egin behar badugu, etxeko toki konkretu batean eta ordu jakin batzuetan egin behar dugu. Hauek errespetatzea oso garrantzitsua da, bai gure onerako bai gurekin bizi direnentzat. Beste alde batetik, ERTE batengatik lanik gabe geratu direnek egoera hau ez dela betiko izango jakin behar dute. Beraz, pazientziaz eta aholku egokiz hornitu behar gara egunotan.
Bizkaian Psikobizi zerbitzua abiarazi duzue, erabat doan.
Psikobizi Bizkaiko Psikologia Elkargoak finantziatutako doako larrialdi-arreta psikologikoko zerbitzua da. GIPEC larrialdietan berezitutako psikologoek ematen dute zerbitzua. 30 langile daude zerbitzuan lanean eta beste lau koordinazioaz arduratzen dira. Kasu bakoitzaren datuak kudeatu ondoren, esku-hartze telefonikoa egiten dugu, hau da, telefonoz deitzen diogu laguntza behar duenari. Zerbitzua alarma egoera ezarri zenetik, gehien behar duten pertsonenganako arreta eskaintzea zuen helburu (osasun arloko langileak, COVID-19ak jota hil direnen familiak, beste aurrez-aurreko zerbitzuetan lan egiten duten profesionalak…), baina orain gizarte osoari ireki dugu. Edonork erabil dezake.
Jende asko dago zuk aipatu duzun egoeran.
Lehenengo astean jada kontsulta asko izan genituen eta asteek aurrera egin ahala kontsultek gora egin dute, nabarmen. Adibidez, laguntza psikologikoa behar duten osasun langileen eskakizunak izan ditugu, edo aurretik antsietate-nahasmendu edo bestelako nahasmendu psikologikoak jasan duten pertsonen deiak ere bai. Hala ere, COVID-19agatik hildakoen familiek dolua jasateko edo arreta jasotzeko deiak izan dira gehien jaso ditugunak.
Zeintzuk dira profesional batzuek jasaten ari diren presioaren ondorio psikologikoak?
Egoera honetan lan egiten duten pertsonek sentipen desberdinak izan ditzakete: hauskortasun fisiko zein emozionala, bere burua eta senitartekoak ez kutsatzeko beldurra, lana txarto egitea materiala edo tresneria eskura ez izateagatik edota memoriaren galera estres egoera denboran luzatzeagatik. Horregatik, egunotan oso garrantzitsua da zainketa pertsonala bermatzea, gure burua zaintzeko beharrezkoak ditugun detaile txiki horiek mantetzea.
Konfinamenduan arazo psikologikoren bat hedatu dezakeen pertsonaren perfil zehatzik badago?
Ez dago perfil zehatzik. Berez egoera latza da eta horrek pertsonen sentipenetan kalte zuzena eragiten du, pertsonen eta egoeraren arabera, arinagoa edo larriagoa izango da. Baina koronabirusaren inguruko ikerketak gero eta gehiago dira, eta ziur aski, Psikologiak egin beharreko ekarpenak zeresana izango du.
Bestetik, konfinamendua aurretik arazo psikologikoak zituztenak badaude.
Bai. Aurretik arazo psikologikoak dituzten pertsonek arreta psikologikoa jasotzeko aukera ere badute, arreta telematikoa eskaintzen duten psikologoen kasuan behintzat. Arreta psikologikoa telematikoki eskaintzea tresna ezinhobea bilakatu da azkenengo asteotan, eta badaude arreta mota hau eskaintzen duten psikologo asko, behintzat Bizkaian. Era berean, Psikobizi zerbitzua ere eskuragarri dago.
☉ Hego Uribe
ZOZKETA / ‘Ezinbestekoak’ diren bi saskien zozketa, Errigora eta GEURIAren eskutik
Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

Martxoaren 10etik 26ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.
Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 31ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.
Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.
Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.
ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK
BASAURI
+Bolintxu AEK
GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola
☉ Hego Uribe
Bideoa | Berbalagun egitasmoa martxan da Basaurin eta Galdakaon, nobedade askorekin

Martxan da Basaurin eta Galdakaon Berbalagun egitasmoa. Aurtengoa hamabosgarren edizioa da Basaurin eta hogaita batgarrena Galdakaon.
Programaren helburua da euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eramateko zubi lana egitea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzea.
Hasierako asmoa zen taberna batean euskaraz berba egiteko taldeak sortzea, baina urtetik urtera hedatu egin da ekimena eta interes talde desberdinak eratu dituzte bai Basaurin bai Galdakaon. Hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.
Eta, aurten, nobedade gehiago izango ditu egitasmoak: “Basaurin kakorratz taldea sortu da eta aurten gure erronka izango da gurasoberriak edo haur txikiak dituzten gurasoak elkartzea parke edo plaza batean euren artean harreman euskaldunak sortzeko; horri Parkelagun deitu diogu”, dio Ioritz Lopez de Alda Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak.

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunak eta Basauriko eta Galdakaoko udal ordezkariak // Geuria
Txakurlagun taldeak ere eratu nahi dituzte Basaurin, baita Galdakaon ere. “Ikasturte honetako erronka da Txakurlagun taldeak sortzea; izan ere, eskualde honetan hainbat txakur daude eta jabeak askotan entzuten ditugu eurei euskaraz egiten”, esan du Asier Martin Galdakaoko Berbalagun arduradunak.
Eskualdeko ondarea ezagutzen
Eskualdeari begira ere talde berri bat martxan jarriko du Berbalagun egitasmoak: Euskal Herriko ondare kulturala ezagutzeko taldea, hain zuzen.
“Basauriko eta Galdakaoko kultur ondarea ezagutzea da asmoa. Hilean behin batuko gara, eta hasteko, azaroaren 8an Galdakaon izango dugu hitzordua. Elexalde auzoan elkartuko gara, Guzur Aretxaren ondoan, eta ibilalditxoa egingo dugu”, dio Martinek.
Abenduan Basauriko ondare kulturala ezagutuko dute: “Oraindik data zehazteke dago —abenduaren 13an edo 14an izan daiteke—, baita zein ibilbide egingo dugun ere”, adierazi du Lopez de Aldak.
“Eskualdeko ondare kulturala ezagutu nahi dugu, baina baita Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa ere. Hirugarren hitzordurako Bermeora irteera antolatu nahi dugu. Aurrerago emango dugu informazio gehiago”, diote.
Izena ematea: doan!
Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.
Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.
Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus (Galdakao) edo hegouribe@aek.eus (Basauri) helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.
Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.
Agenda | Hego Uribeko Berbalagun
2025 Urria-Abendua
Urriak 26, igandea | Basauri-Galdakao
Mendi irteera: Belatxikieta
09:00 Basauriko udaletxe pareko autobus geltokia
Urriak 30, osteguna | Basauri
Mintzodromoa
10:00 Solobarria plaza
Azaroak 4, asteartea | Galdakao
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Ganguren taberna
Azaroak 8, larunbata | Galdakao
Ondare taldearen lehen txangoa: Elexalde
10:00 Elexaldeko Guzur Aretxa plaza
Azaroak 13, osteguna | Basauri
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Bonboi taberna
Abenduak 4, osteguna | Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia
Abenduak 12, ostirala | Basauri-Galdakao
Baskot Gaua
19:00 Bananas tabernatik
Abenduak 13 edo 14 | Basauri
Ondare taldearen bigarren txangoa: Elexalde
Abenduak 19, ostirala | Galdakao
Gurasolagun taldearen lehen hitzordua
17:15 Galdakaoko AEK Euskaltegian
☉ Hego Uribe
Palestinaren alde elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Hego Uriben, lanuzte orokorrarekin bat eginez
Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon udaletxeen aurrean burrunbak antolatu dituzte

Gaur, urriak 15, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenetik Hego Uribe eskualdeko hainbat udalerritan, lanuzte orokorrarekin bat eginez.
“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik. “Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.
Gaurko mobilizazioen helburua, Palestinarekin Elkartasunatik azaldu lez, Eusko Jaurlaritzari, Nafar Gobernuari, Espainiako zein Frantziako Gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presio egitea da, “Israelekin harreman oro eteteko”.
Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Basaurin, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon burrunbak antolatu dituzte.
Elkarretaratzeak: Hego Uribe eskualdea
Basauri
Bentako plazan
Galdakao
Udaletxeko plazan
Arrigorriaga
Udaletxeko plazan
Ugao
Herriaren plazan
Etxebarri
Etxebarriko plazan
Usansolo
Izar Gorri plazan
☉ Hego Uribe
GEURIAk bat egingo du Palestinaren aldeko lanuzteekin

GEURIAk bat egingo du Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren alde deitutako lanuztearekin, eta horiek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango du soilik webgunean.
Era berean, arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioen jarraipena egingo dugu bai webgunean bai sare sozialetan.
Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan amaitzen diren jardunaldietan. Arratsaldean 19:00etatik 22:00etara bitartean deitu dituzte lanuzteak.
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreek bat egin dute Donostian Gazako genozidioa salatzeko egingo den manifestazioarekin
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek manifestazioa deitu dute irailaren 24an, asteazkenez, Donostian

Zinemaren eta kulturaren munduak bat egin du Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek Gazako genozidioa salatzeko Donostian irailaren 24an egingo duten manifestazioarekin.
Eta deialdi horrekin bat egin dute Itziar Atienza galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak.
Hain zuzen ere, Atienzak irakurri zuen atzo adierazpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean, Antonio De la Torre aktorearekin batera.
“Hitz egiten ari garen bitartean, haur errugabeak hiltzen ari dira Gazan”, adierazi dute.
‘The Voice of Hind Rajab’ filma
Manifestazioa irailaren 24an, asteazkenez, izango da Donostian 18:30etik aurrera.
Aurretik, ‘The Voice of Hind Rajab’ filma proiektatuko dute Zinemaldian.
Kaouther Ben Haniaren filmak Israelgo Armadaren eraso batean bere familia osoa, ama izan ezik, galtzen duen sei urteko neskato baten istorioa kontatzen du.
“Bere laguntza-oihuek ezin dute salbatu, eta erreskatatu nahi duten anbulantzia-taldeko kideak ere hiltzen dituzte”, aurreratu dute Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordetik, eta gaineratu dute: “Ez da istorio isolatua, palestinarren egunerokoa da: suntsitutako familiak, suntsitutako ospitaleak eta 70.000 pertsona baino gehiago erailak”.
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordearen barruan honako kolektiboak daude: Artistas con Palestina, Campaña Final Comercio de Armas con Israel, Donostia Palestina, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, EPE-thaia, Gernika Palestina Herri Ekimena, Gure Haurrak Ere Badira; Kulturatik, creadorks culturales con Palestina; Rescop eta Trabajadors del Cine x Palestina.









