→Hego Uribe

Jone Guenetxea: “Gainontzeko hedabideok gure egiten ditugu Geuriaren arrakastak”

Tokikomeko presidentea izateaz gain, Anboto hedabideko zuzendaria da kazetari abadiñarra. 17 urte dituen durangaldeko komunikabidearen zuzendaritzan dihardu.

Tokikomeko presidentea eta Anbotoko zuzendaria / Jone Guenetxea

Jone Guenetxea Arrinda (Abadiño, 1978) Anboto komunikabideko zuzendaria da 2008az geroztik eta tokian tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom elkarteko presidentea 2017tik. Kazetari abadiñarrak eskarmentu handia du tokiko hedabideen arloan, bertan burutu baitu bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena. Tokikomeko presidente izendatu zutenean argi utzi zuen Bizkaiko euskarazko hedabideen presentzia indartzearen aldeko apustua, eta Geuriaren bosgarren urteurrena ospatzea albiste pozgarria dela dio, “Hego Uribe eskualdeko herritarrentzat, jakina, baina baita gainontzeko hedabideontzako ere. Bost urte hauetan Geuriak izandako bilakaera itzela izan da eta bereziki aipatzekoak dira eguneroko lanaz aparte egin dituzten ale edo produktu bereziak”. Tokikoen egungo errealitateaz eta erronken inguruan berba egin dugu berarekin.

Zergatik gara beharrezkoak tokian tokiko hedabideak?
Bi arrazoi nagusi nabarmenduko nituzke. Batetik, herritarrek euren inguruko informazioa eskuratzeko duten tresnarik funtsezkoena gara. Datuek erakusten dute jendeak gero eta gehiago kontsumitzen duela tokiko informazioa. Zergatik? Informazioaren uholdea bizi dugun garai hauetan gure inguruan gertatzen dena eta gure egunerokoan eragin zuzena duena inporta zaigulako gehien. Eta hori da guk egiten duguna. Tokiko hedabideok gainontzeko hedabideek lantzen ez dituzten gaiak lantzen ditugu, herriaren egunerokoan murgilduta gaudelako, gertaerak bertatik bertara bizi ditugulako edota horien protagonistak gertukoak ditugulako. Landutako eduki askok maila nazionalera salto egiten dute ondoren, tokiko informazioak muga geografikoak gainditu eta hedabide ‘handientzako’ informazio hornitzaile ere garenaren seinale. Bestetik, euskaraz bizi nahi duten horiei euskaraz informatuta egoteko eskubidea bermatzen diegu. Informazioaren uholdea aipatu dut, baina informazio horren gehien gehiena gaztelaniaz dago. Guk kalitatezko informazioa lantzen dugu egunero, euskaraz, eta horrek izugarrizko garrantzia du bizi garen tokiko hizkuntzaren normalizaziorako. Guk egiten duguna ez du beste inork egiten.

Hedabide nazionalek ere badute tokiko informaziorako tartea.
Lantzen dute bai, baina agerikoa da ezberdintasuna. Guk kaletik egiten dugu lan, ez dugu urruneko bulego batetik idazten. Bertokoak gara, berton bizi gara eta herritarrak ezagutzen ditugu. Horrez gain, tokiko hedabideok kazetaritza egiteko dugun modua ere nabarmenduko nuke: elkarlanean oinarritutako kazetaritza, alegia. Profesionalez osotutako lantaldeak egiten du eguneroko lana, bai, baina kolaboratzaile, iritzi emaile, iritzi sortzaile eta hamaika elkarteren laguntzarekin. Tokiko elkarteen eta herritarren erreferente gara: guk haiengana jotzen dugu eta haiek gugana jotzen dute, eta sinergia honek izugarri aberasten du tokiko hedabideen proiektua. Jendeak badaki lantalde baten atzean herritarrak daudela, ezagunak, eta haientzako komunikazio kanal erabilgarria izan gaitezkeela, izan irakurleen talde batentzat, kirol talde batentzat edo musika taldea osatu nahi duen bizilagunarentzat.

Hego Uribe eskualdean Geuriak hartu zuen ardura hori, duela bost urte.
Sekulako albiste pozgarria izan zen tokiko kazetaritzan ari garen gainontzeko hedabideontzat. Bizkaian tokiko hedabideak indartzea bada Tokikomen helburuetako bat, eta Geuria bezalako proiektu batek asko aberasten du gure ekosistema. Geuriari esker, Hego Uribe eskualdeko zenbait herritan euskarazko informazioa kontsumitzeko aukera dute, kasu askotan lehen aldiz. Hizkuntzaz harago, zenbait herritan bertoko informazioa jarraikortasunez lantzen duen hedabide bakarra da Geuria, eta hori aukera eta indargune ederra da. Bestetik, eguneroko lanaz gain, bereziki nabarmentzekoak dira Geuriak noizean behin egiten dituen produktu bereziak. Horren adibide argia da iaz egin zenuten Berba Eta Irudia monografikoa: tokiko planoa orokorrarekin uztartu eta euskal kulturgintzarekiko interesa duen edonorentzat eduki interesgarria osatu zenuten. Horrelako lanek argi uzten dute tokiko ikuspegitik abiatuta interes orokorreko kalitatezko edukiak landu daitezkeela, eta merezita irabazi zenuten Tokikomen Eduki Onenaren saria. Gainontzeko hedabideok gure egiten ditugu zuenak bezalako arrakastak, poztasunez, eta guk ere antzeko zerbait egin dezakegula gogorarazten digute.

Ingurune erdaldun batean, nola eragiten du tokiko euskarazko kazetaritzak?
Herritar askorentzat gure lana da euren etxeetan sartzen den euskara bakarra, eta hori bada zerbait. Dela buzoian hartu dutelako, toki publikoetan hartu dutelako edo seme alabek eskolatik eraman dutelako. Bestetik, euskarazko tokiko hedabideen inguruan egindako ikerketek diote erdaldun kopuru jakin bat erakartzen dugula euskarazko informazioarekin. Zergatik? Pertsona erdaldun horri interesa piztu dion gai zehatz horri buruz guk bakarrik idatzi dugulako. Baliteke pertsona hori eduki osoa ulertzeko kapaz ez izatea, baina baliteke titularra ulertzeko gai izatea edo ondokoari galdetzea ea zer jartzen duen bertan. Sare sozialetan ere gaztelaniazko iruzkinak egiten dituzte gure postetan, eta euskaraz erantzunda, mezua ulertzeko kapazak dira. Gauza hauek oso garrantzitsuak dira euskararen normalizazioari dagokionez, eta gainera agerian uzten du tokiko hedabideok benetan herritarrentzako interesgarriak diren edukiak lantzen ditugula.

Gazteek zer nolako garrantzia dute tokiko hedabideontzat?
Oso garrantzitsua da herritarrek bere sentitzea hedabidea, eta umetatik landu beharreko zerbait da hori, etorkizunean eurak izango direlako gure kontsumitzaile eta informazio iturri nagusiak. Etxe askotan familiak modu naturalean transmititzen dio umeari gure produktua, baina egia da ere beste etxe askotan ez dela hori gertatzen, senideak erdaldunak direlako edo beste arrazoiren bat dagoelako tarteko. Baliteke umeek gure aldizkaria bere osotasunean ez irakurtzea, baina inportantea da existitzen dela jakitea eta horretarako gure presentzia bermatu behar dugu inguruko eskoletan. Durangaldeko eskolek bisitak egiten dituzte Anbotoko erredakziora, eta erronka bera luzatzen diegu beti: ‘Hartu egunkaria, bota gainbegiratu bat eta ziur nonbait ezagunen bat aurkitzen duzuela’. Ez du hutsik egiten. Bada modu bat belaunaldi gazteenak gurera erakartzeko. Gazteak dira etorkizuna eta funtsezkoa da gure hedabidea euren erreferentea izatea, urte batzuen buruan, elkarte bateko kide, idazle, musikari, kirolari, politikari edota iritzi emaile izango direlako eta gure ateak irekita izango dituztelako, behar dutena ezagutzera emateko.

17 urte ditu Anbotok. Ia bi hamarkadako ibilbidearen ondoren, zeintzuk dira hedabideak dituen erronkak?
Eman dezake hedabidea hazi dela hazi behar zuen beste, baina erronka ugari ditugu, arlo askotan lantzeko. Alde batetik, oso argi dugu papereko edukiek eta sareko edukiek geroz eta lanketa berezituagoa behar dutela, eta hausnarketa handian murgilduta gaude. Bateragarriak dira biak, noski, baina edukiek oso ibilbide ezberdina dute batean eta bestean. Webguneko datuak gorantz doaz etengabe, kontsumitzaileek denbora errealean nahi dute edukia eta kazetariok ezin dugu berdin idatzi astekari-hilabetekari batean edo sarean. Internetek berehalakotasuna eskatzen du eta testua baino, irudiak, argazkiak, bideoak, grafikoak… Paperean funtzionatu dezake lau orrialdetako elkarrizketa bat, webgunean ez. Horrek baina, ez du esan nahi elkarrizketa edo erreportajea egiteari utzi behar diogunik, formatua aukeratzean dago gakoa. Herritarrek asko estimatzen dute papera, jasotzen duten ale horren parte sentitzen baitira. Utz ezazu banatu barik buzoi batean eta segituan duzu deia erredakzioan! Diseinu erakargarria eduki sakonekin uztartu behar dugu paperean eta webgunean eduki multimediaren alde egin behar dugula uste dut. Mobile journalism ereduan trebatzen ari gara gu: kazetari batek mugikor batekin bideoa egin, editatu eta sarera kalitatezko eduki multimedia bat igo ahal izatea da honen helburua.

Eta sareko edukien hedapenerako, sare sozialak aipatu behar ditugu halabeharrez.
Jakina! Webgunera datorren bisitarien erdia baino gehiago Facebooketik dator, eta Instagramek ere gero eta jende gehiago erakartzen du. Klik batera dagoen edukiz josita daude gure sare sozialak eta, gainera, komunikatzeko eta elkarrizketak ahalbidetzeko tresna itzela da. Lehia ere handia da, gaztelaniaz eta elebidunak diren hedabideekin, horretarako, gertutasuna gako bihurtu da. Tokikook elkarrizketa eta gertutasun horren bitartez desberdintzea lortu dugu, komunitatearen fideltasuna lortu dugu. Gainera, sare sozialen bitartez heltzen zaigun informazio uholde horretan euskarak bere tokia izatea ahalbidetu dugu, eta horrek ere gainontzekoetatik ezberdintzen gaitu. Bestetik, Interneten lehenak izatearen lehia horretan, ez dugu ahaztu kalitatezko edukiak eta kontrastatutako informazioak eskaini behar ditugula beti.

Tokiko hedabideen bideragarritasun ekonomikoari buruz galdetuko banizu…
Krisi ekonomikoak gogor jo zuen bai tokikoan eta bai orokorretan, baina gehiago igarri genuen tokikoan. Zailtasunen artean bizi izan gara beti eta aurrera egiten asmatu dugu, trebeak gara horretan. Hala ere, tokikook bereziki zaindu behar dugu arlo komertziala: publizitatea astiro suspertzen ari da, baina oraindik ere aurreiritzi asko dago euskarazko hedabideen irismenaren inguruan. Guk gure lanarekin erantzuten diogu horri, gero eta kalitate handiagoa baitu, bezeroek merezi dute eta zentzu horretan eskertzekoa da tokiko komertzioek gertuko hedabideetan egiten duten apustua. Bestetik, webguneko publizitatean lan handia egin behar dugu oraindik: jendeak nahiago du papera, nahiz eta irismenik handiena sarean lortzen dugun.

Martxan jarritako azken proiektu gehienak, herrika baino, eskualdeka edo bailaraka jaio dira, saretuta. Bide onetik goaz?
Indar txikiak batzeko beharra eztabaidaezina da. Argi dugu hedabide bakoitzak bere berezitasunak dituela eta horri eustea garrantzitsua dela, baina elkarrekin joan ezean zailtasun izugarriak izango genituzke hainbat arlotan. Lehena, eta garrantzitsuenetako bat, arlo ekonomikoan. Diru laguntzak eta finantzaketak eskualdea hartzen duen proiektu globalago batera bideratzea eraginkorragoa da, eta irismena handiagoa. Sasoi berrietara etengabe moldatzeko eta erronka handiei aurre egiteko ere, ezinbestekoa dugu indarrak batzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak