→Hego Uribe

Udal kiroldegietako langileek lanuzteekin jarraitzea aurreikusten dute uztaila bukaerara arte

Basauriko eta Etxebarriko udal kiroldegietan, Bizkaiko beste hainbat herritan bezala, lanuzteak egingo dituzte gaur: 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Hortaz, igerilekuak itxita egongo dira ordu horietan eta uretako zein lurreko zenbait kirol jarduera bertan behera geratuko dira.

Kirol zentroetako langileen baldintzak hobetzea da sindikatuen helburua (LAB, ELA, UGT eta CCOO). Langileak kexu dira hainbat arrazoirengatik: jardun murriztu eta aldi baterako kontratu gehiegi daudelako, ikastaroetan finkatutako pertsonen gehienezko kopurua sarritan gainditzen delako, ikastaroen artean atsedenik ez dutelako, klaseen prestakuntzak lanorduetatik kanpo egin behar dituztelako, lan arropa egokiak ematen ez dizkietelako edota langile gutxiegi direlako.Greban ari diren langileek argi utzi nahi dute euren asmoa ez dela erabiltzaileak kaltetzea, “zerbitzuaren kalitatean sakontzea baizik”.

“Lan hitzarmen duin” baten aldeko negoziaketetan, sindikatuen eskakizunak bi arloren inguruan ardazten dira: batetik, lanaldia 35 ordura igotzea, progresiboki bada ere, eta bestetik, enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea: prestakuntzarako eta atsedenerako tartea handitzea, lanpostuak egonkortzea, soldatak egokitzea, materiala hobetzea… Soldatei dagokienez, langileek jakinarazi dute igerilekuko sorosleek 7 euro kobratzen dituztela orduko eta ur ekintzetako begiraleek 8 euro. Diotenez, jai egunetan ere 8 euro kobratzen dituzte.

Sindikatuek 16 hilabete inguru daramatzate CEBEK patronalarekin negoziatzen, irtenbiderik gabe. “Hitzarmen kolektibo duin” bat adostea da sindikatuen helburua. Udal kiroldegietako langileek maiatza bukaeran hasi zituzten mobilizazioak eta lanuzte gehiago aurreikusi dituzte, gutxienez uztaila bukaerara arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak