→Hego Uribe

Klima aldaketa ardatz, bideo laburren lehiaketa antolatu dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdean

Euskadiko Klima Aldaketaren 2019ko Asteari begira, bideo laburren lehiaketa antolatu du Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Udaltalde 21 Jasangarritasun Bulegoak.

Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 4ra arte // Argazkia: John Cameron, Unsplash

Euskadiko Klima Aldaketaren 2019ko Asteari begira, bideo laburren lehiaketa antolatu du Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Udaltalde 21 Jasangarritasun Bulegoak. Bideoek Aldaketa Klimatikoaren fenomenoari zuzenean lotutako alderdiak jorratu beharko dituzte (energia, mugikortasuna, kontsumoa, ingurune naturala, ekonomia zirkularra edota birziklapena) eta azalpenak eman. Hala nola, kausak eta eraginak, prebentzio neurriak edota aldaketa klimatikoari egokitzeko neurriak. Kamera digitala edo telefono mugikorra erabili daitezke bideo laburrak egiteko eta euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke.

Lehiaketa Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietan erroldatuta dauden herritarrei dago zuzenduta.

Bideoak 2019ko martxoaren 4a baino lehen aurkeztu behar dira. Partaideek info@udaltalde21.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte bideoak, baita eskabide-orria eta baimena (adingabeen kasuan bakarrik) ere. Lehiaketako oinarriak hemen irakurgai.

600 euro saritan

Lehiaketak bi kategoria izango ditu: haurren kategoria (2003tik aurrera jaiotakoak) eta gazteen eta helduen kategoria (2003a baino lehen jaiotakoak). Haurren kategorian bakarka edo taldeka parte hartzeko aukera egongo da. Kategoria bakoitzak sari bana jasoko du, 300 eurokoa bakoitza

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen ekimen hau Ihobe Sozietate Publikoak babesten du (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikia), hain zuzen ere, Euskadiko 2019ko Klima Aldaketaren Astean herritarrak klima-aldaketaren aurrean mobilizatzeko ekintzak antolatzen dituzten toki-erakundeentzako diru-laguntzen baitan. Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen (Udalsarea 21) parte diren eta herritarrak klima-aldaketaren aurka borrokatzera erakartzeko jarduerak antolatzen dituzten tokiko erakundeei zuzenduta dago diru-laguntza.

Euskadiko Klima Aldaketaren Astea (Asteklima) Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutan egingo da 2019ko martxoko lehen astean, eta Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarra Donostian ospatuko dute martxoaren 6tik 8ra bitartean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak