→Hego Uribe

La Manadako erasotzaileak aske utziko dituztela salatzeko elkarretaratzeak

Apirilean Basaurin egin zuten kontzentrazioa Bake Epaitegiaren aurrean // Geuria

La Manada kasuko bost gizonak behin-behinean aske uzteko erabakia hartu du Nafarroako Auzitegiak, 6.000 euroko bermea ordaintzen dutenean. Erabaki horren aurrean, mobilizazioak deitu zituzten atzo hainbat herri eta hirietan. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Galdakaon atzo bertan “justizia patriarkalaren aurrean autodefentsa” edota “Ez dago gure hitza epaituko duenik” bezalako kartelak ipini zituen bertako Mugimendu Feministak.

Era berean, gaur, ekainak 22, elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdean. Basaurin Begoñako Andra Mari eta Araba kaleen arteko bidegurutzean deitu dute 19:00etan, Galdakaon udaletxe aurrean 19:00etan eta Usansolon Mailu plazan 19:30ean. Bilbon ere elkarretaratzea deitu du bertako Mugimendu Feministak ekainaren 22an 19:00etan Epaitegien aurrean.

9 urteko kartzela zigorra

Emakume bati 2016an Iruñeako sanferminetan taldeko sexu erasoa egitea leporatuta bederatzi urteko kartzela zigorrera kondenatuta daude bost gizonak. Epai horren aurrean ere, apirilean elkarretaratzeak egin zituzten.

2016ko uztailaren 7an bertan atxilotu eta hilaren 9an behin-behinean espetxeratu zituzten bost gizonak. Legez, gehienez lau urtez egon daitezke egoera horretan, eta bigarren urtea bete orduko espetxealdia berrikusi daiteke. Aste honetan izan da berrikusketa eta Nafarroako Auzitegiko 2. Aretoko hiru epaileetatik bik onartu egin dute defentsako abokatuek baldintzapean aske uzteko eskaria. Hirugarrenak, presidenteak, aurka bozkatu du eta espetxealdia luzatzearen alde agertu da. Modu horretan, behin betiko epaia jakitera eman bitartean aske egongo dira bost gizonak.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|