→Hego Uribe

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Hego Uriben

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Hego Uribe eskualdean ere hainbat jarduera antolatu dituzte.

Basauri

Sagarrak-Ekologistak Martxan taldeak ‘Liburu zaparrada’ antolatuko du beste urte batez, Basauriko Udalarekin lankidetzan. “Apirilaren 23an, larunbatez,  ehundaka liburu irakurle berrien bila helduko dira gure herriko auzo guztietara“, diote antolatzaileek: “Libururen bat topatzen duenak bi aukera ditu: hartu irakurtzeko edo bertan utzi beste pertsona batek hartu ahal izateko“.

Etxebarri

Euskarazko XIV. Liburu eta Disko Azoka. Apirilaren 22an, ostiralez (10:00-14:30/17:00-20:00), eta 23an, larunbatez (10:00-14:00/17:00-21:00), udaletxe plazak hartuko du azoka eta bertan zazpi bat saltoki jarriko dituzte. Etxebarritarrek %20ko beherapenaizango dute deskontu bonoa aurkezten badute, eta erosketa bat egiteagatik liburu bat opari jasoko dute. Era berean, “irakurketa txokoa” gaituko dute eta Etxebarriko Liburutegiak eskaintzen dituen liburuan kontsultatu ahal izango ditu bertaratzen denak.

Galdakao

Apirilaren 26tik 28ra bitartean ipuin kontalariak jardungo dira hiru saiotan Liburuaren Eguna ospatzeko. Proiektu honen helburu nagusia da Galdakaoko gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzea, haur liburutegien markoa erabiliz. Bertan tailerrak egingo dira eta ipuin kontalarien bidez liburuetatik hur egoten ohitzea landuko da. Apirilaren 26an Torrezbaleko Haur Liburtegian izango da saioa, hilaren 27an Usansoloko Liburutegian eta apirilaren 28an Aperribaiko Libuurtegian. Hiru saioak 18:00etan hasiko dira.

Zaratamo

Gaur, apirilak 22, Elexaldeko Kultur Etxeak Liburu Eguna ospatuko du. “Galdutako etxea” ipuin-kontalaria, Literatur eta Marrazki lehiaketaren sari-banaketa eta irakurketa-maratoia antolatu dituzte 18:00etatik 20:30era.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak