→Hego Uribe

Hego Uribeko ludoteka zerbitzuek ikasturtea hasiko dute iraila eta urria artean

arrigorriaga umeak 2016 ludoteka

Eskualdeko ludotekek iraila eta urrian artean zabalduko dituzte ateak. Ugaon, Basaurin eta Arrigorriagan oraindik ere izena emateko epea zabalik dago.

Eskualdeko ludotekek iraila eta urrian artean zabalduko dituzte ateak ikasturte berrian. Dagoeneko Galdakao eta Zaratamo hasi dira ludoteken zerbitzua eskaintzen.

Galdakaoren kasuan, 3 eta 11 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta zerbitzua eta hilero egitaraua argitaratzen dute. Momentu honetan, 800 haur inguruk eman du izena zerbitzu honetan, baina jarduerak adin-tarte horretako ume guztientzat zabalik daude. Zaratamon Elexaldeko eta Arkotxako Kultur Etxeek eskaintzen dute ludoteka zerbitzua 2 eta 6 urte bitartekoentzat.

Izena emateko epea zabalik: Etxebarri, Ugao, Basauri eta Arrigorriaga

Etxebarriko ludoteketan (5-9 urte) ikasturtea irailaren 18an hasiko da eta izen-emateak hilaren 13an eta 14an egin ahal izango dira Metakal zein Kultur Etxean.  

Ugaoko  ludoteka zerbitzuan (4-7 urte) izena emateak eta ordainketak hiruhilero egiten dira. Zentzu horretan, ikasturteko lehen hiruhilekoan (irailaren 19tik abenduaren 21era) izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 17ra arte. Zozketa eta onartutakoen zerrenda irailaren 18an argitaratuko dute. Bigarren txanda urtarrilaren 9tik martxoaren 22ra bitartekoa izango da eta hirugarrena apirilaren 10etik ekainaren 21era. Ugaon erroldatuta daudenek 3 euro ordainduko dituzte hiruhilabe bakoitzeko, eta kanpokoek 60 euro.

Basauriko ludoteketan (4-12 urte) izena emateko epea zabalik dago hilaren 19ra arte eta ikasturtea urrian hasiko da maiatzera arte. Onartuen zerrenda irailaren 21ean kaleratuko dute eta matrikula ordaintzeko epea hilaren 22tik 27ra bitartean egongo da zabalik. Astean 3 eguneko ludoteka zerbitzuagatik 96 euro ordaindu beharko dira, 64 euro bi egunengatik eta 32 euro egun bakarragatik. Urriaren 2an emango diote hasiera ikasturteari.

Arrigorriagako ludoteka zerbitzua urriaren 4an hasiko da eta hiru talde egongo dira Lonbon (4-10 urte) eta bi Abusun (4-11 urte). Irailaren 22ra arte irekita egongo da izena emateko epea. Eskaintzen direnak baino eskabide gehiago badaude, zozketa egingo dute irailaren 28an eta hilaren 29an behin betiko zerrenda publikatuko dute Kultur Etxeko iragarki-taulan eta Abusu Zentro Soziokulturalean. Matrikula urriaren 11ra arte ordaindu ahal izango da. Arrigorriagarrek 20 euro ordainduko dituzte eta bertan erroldatuta ez daudenek 30 euro.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak