→Hego Uribe

#M26 | Sei alderdi lehenengoz aurkeztuko dira Hego Uribeko udal hauteskundeetan

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautagaitza mordoa aurkeztu dira Hego Uribe eskualdean. Horren arrazoi nagusia herri plataforma berrien eraketa izan da. Etxebarriko La Voz del Pueblo-Herriaren Ahotsa, Zaratamoko Gure Herria eta Usansolo Herria plataformei honako hauek gehitu zaizkie: NOA Arrigorriagan, Ahora Basauri Orain eta Auzoak Galdakaon.

Galdakaoko Elkarrekin Podemos-equo, Ahora Basauri Orain eta Galdakaoko Ezker Anitza

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautagaitza mordoa aurkeztu dira Hego Uribe eskualdean. Horren arrazoi nagusia herri plataforma berrien eraketa izan da. Etxebarriko La Voz del Pueblo-Herriaren Ahotsa, Zaratamoko Gure Herria eta Usansolo Herria plataformei honako hauek gehitu zaizkie: NOA Arrigorriagan, Ahora Basauri Orain eta Auzoak Galdakaon.

Ez dira berriak, baina lehen aldiz aurkeztu dute euren hautagaitza: NOA Arrigorriaga (No Adscritos Arrigorriaga) 2017an sortu zuten gainontzeko alderdiekin loturarik ez duten zenbait herritarrek. José Ignacio Fernández da alkategaia. EAJ, EH Bildu, PSE eta PP alderdiez gain, NOArekin batera Arrigorriaga Gara ere aurkeztu da.

2015eko udal hauteskundeetan ez zen Podemos-Ahal Dugu marka aurkeztu, baina asko izan ziren kolore morea hartu zuten alderdiak. Basaurin, Basauri Bai alderdia sortu zen 2015ean, maiatzean Elkarrekin Podemos-Basauri Bai izenarekin aurkeztuko dena. Azken hilabeteetan, plataforma independiente berri bat sortu da Ahora Basauri Orain izenarekin.

Galdakaon ere beste bi alderditan banatuko da boto morea: legegintzaldi honetako Galdakao Orain eta Irabazi batzen dituen Ezker Anitza, eta Podemos-Equo marka erabiltzen duen beste alderdia.
Galdakaon ere beste alderdi berri bat sortu dute: Auzoak. Usansolo auzoak badu bere alderdia, Usansolo Herria, baina asko dira Galdakaoko auzoak eta horiei guztiei ahotsa emateko asmoz agertu da Auzoak. Metroaren aldeko elkarretaratzeetan bozeramaile izan den Mari Paz Losada izango da alkategaia.

Zortzi alderdiren artean erabaki

Horiek horrela, alderdien eskaintza oso zabala izango da. Adibidez, zortzi alderdiren artean erabaki beharko dute galdakoztarrek eta basauriarrek. Tartean, Basaurin, Vox-ek hautagaitza aurkeztu du. Hauteskunde orokorretan 502 boto lortu ditu alderdi ultraeskuindarrak, baina ia bikoitza beharko du zinegotzi bat edukitzeko.

Guztira, hamasei alderdi aurkeztu dira Hego Uribeko herrietan, baina horietatik lauk bakarrik izango dute presentzia herri guztietan: EAJ, EH Bildu, PSE eta PP dira eskualdeko herri guztietan hautagaitza duten alderdi bakarrak. Gogora dezagun Espainiako hauteskundeetan eskualdean 1.700 boto jaso dituen Ciudadanosek, esaterako, ez duela hautagaitzarik aurkeztu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak