→Hego Uribe

[Sakonean] Trena gertu dugunean

basauri euskotren 2016 trena pasabidea

Renfe, Feve eta Euskotren enpresek maila bereko hamabi pasabide dituzte Hego Uribe eskualdean. 2007tik zortzi ezbehar izan dira.

Trenbideen maila bereko pasabideen auzia beti egon da herritarren ahotan. Gehienetan horien kontra. Izan ere, arriskua ekar diezaiekete oinezkoei, baita gidariei ere. Zentzu horretan, Espainiako zein Euskadiko Trenbide Sareek arazo horiei aurre egiteko proiektuak martxan jartzeko helburua zabaldu dute lau haizeetara.

Euskadin, guztira, maila bereko 185 pasabide daude -gehienak Bizkaian-: 152 Euskotreni dagozkionak eta 133 Feveri dagozkionak. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, maila bereko 12 pasabide daude eta horietatik 4 trenek, kotxeek zein oinezkoek partekatzen dituzte. Adif-Renferi eta Feveri 4 pasabide dagozkie (bina bakoitzeko) eta Euskal Trenbide Sareari (ETS) 8.

Datuak datu, Basaurik maila bereko pasabide gehiago ditu bere gain. Hain zuzen ere, sei ditu: San Migeleko pausalekua (Renfe), Larrazabal eta Ibaizabal kaleetako bidegurutzekoa (Feve) eta Ariz-Urbikoak, lau (Euskotren). Gainontzekoak Arrigorriagan (Ollarganen), Etxebarrin, Zaratamon eta Galdakaon daude.

Maila bereko pasabideak kentzeko proiektuak Euskadin

Iaz adierazi zuenez, Euskal Trenbideen Sareak (ETS) maila bereko bederatzi pasabide kentzeko prozesua hasi behar zuen 2015 eta 2016 urte artean. Plan horri hasiera eman zion ETSk 2010ean eta iazko martxoan eguneratu zuen.

Horiek horrela, oinezkoek, kotxeek eta trenek elkarbanatzen dituzten lau puntu arriskutsu kentzeko aurreikuspena egin zuen iaz ETSk, aurrekontuarekin bat eginik eta ukitutako udalerriekin lankidetzan: hiru Muxikan (Landajo, Camino Landajo eta Jesus Uribarri) eta beste bat Bedian (Mendizur). Era berean, beste udalerri batzuetako trenbide pasaguneak ezabatzeko proiektuak erredaktatzen hasi zen. Tartean, Hego Uribe eskualdean, Zaratamokoa (Praderena eremuan dagoen pasabide bakarra), baita Kareagakoa (Bedia), Eubakoa (Durango), San Kristobalekoa (Busturian) eta Heredadesekoa (Erandio) ere. Horietako batzuek dagoeneko berrikuntzak izan dituzte, baina ez guztiek.

Espainiako Trenbide Azpiegituren Kudeatzailearen (Adif) kasuan, 2024 urtera arteko proiektua martxan jarri du aurten Estatu osoari dagokiona. Hain zuzen ere, Euskadin guztira maila bereko zazpi pasabide ezabatuko omen ditu: hiru Gueñesen, bi Zallan (orotara, 44 trenbide pasabide ditu), bat Ortuellan eta azkenekoa Trapagan. Momentuz, Hego Uribe eskualdean ez dago maila bereko pasabiderik ezabatzeko proiekturik.

Arartekoa, herritarren segurtasunaren alde

Arartekoak, herritarren defendatzaileak, ETSren inguruko hausnarketa egin du azken urteotan eta ondoko ondorioak atera ditu: “Bilbo-Donostia korridoreko geltokien erdiak gabeziak ageri ditu irisgarritasunari eta segurtasunari dagokienez. Ekipamenduen %82tan ez da bermatzen joan-etorri seguru eta autonomorik kaletik nasaraino. Bide bikoitzeko lau geltokitik hiruk ez du joan-etorri segurua eta funtzionala bermatzen nasen artean. %50etan beharrezkoa da trenbideak gainazaletik igarotzea. Geltokien %63k gabeziak ageri ditu segurtasun seinaleztapenaren gaian nasetan. Ekipamenduen %31k irregulartasunak ditu zoladuran. Geltokien hurbileneko ingurunean bideratzeko ukimen zerrendarik dagoenik ez da egiaztatu, ezta eraikinetako atondoetan ere. Instalazioen %77k ez du sistema akustikorik edota bisualik, bidaiariari informazioa emateko. Altzariek (eserlekuek, leihatilek), orokorrean, ez dituzte irisgarritasuneko araudi parametroak betetzen”.

Modu horretan, honako gomendioak eman dizkio ETSri: “Trenbide-pasaguneak ezabatzea eta gaineko pasabideak edo azpikoak eraikitzea nasen artean, eta igogailuak instalatzea (eskari handieneko geltokietan). Arrapalak egokitzea sarbideetan eta nasetan. Nasak funtzionaltasunez zabaltzea, eraiki zirenean estu egin baziren edo estutasun hori eragin bazaie. Sarrerako eta barruko ateak automatizatzea. Geltokietatik gertuko oinezko inguruneak egokitzea”.

Begicrossing sistema martxan

Trenbide pasabideetan arriskuak ekiditeko prozesuan, Visual Line euskal konpainiak (Bilbo, 2013) aurreko urtean sistema berri bat landu zuen: Begicrossing. Zentzuzko ikuspen artifizialeko sistema da eta herritarren segurtasuna ahalbidetzeko sortua izan da. Sistema honen helburua da ezusteko posible baten aurrean antzemate lasterra izatea. Kasu honetan, tren gidariak aurretiaz jakitea bidean aurrera ezbeharrik balego.

Ereduzko proba Basaurin egin zuen Visual Line enpresak iaz, Urbiko pasabidean. Guztira, 506 alarma jaso zituen sistemak maiatza eta abuztua bitartean eta horietatik 10 abisu arriskutsuak izan ziren.

Europan ere, antzeko

Europako estatistiken arabera, maila bereko trenbide pasabideetan gertatu diren istripuek heriotzen %29a biltzen dute. Esaterako, 2010 eta 2012 urte bitartean, Espainiako trenbide pasaguneetan 46 istripu izan ziren kotxe eta trenen artean eta 14 pertsona eta trenen artean. Horietatik, 23 heriotza mortalak izan ziren eta 12 lagunek lesio larriak jasan zituzten.

Hego Uriberi dagokionez, 2007tik gaur egunera arte zortzi ezbehar izan dira: lau lagun hil dira eta hiru larriki zauritu.

Joan den hilabetean, Aretako tren geltokian gertatutako ezbeharraren inguruan EH Bilduk, Marian Beitialarrangoitia diputatuaren bitartez, Espainiako Kongresuan agerraldia egin zuen. EH Bilduk egindako galderetan gertakarien inguruko kronograma eskatu dute, baita trenaren iritsieraren inguruan informatu ez izanaren arrazoiak ere. Gainera, Aretakoa bezalako egoeran dauden pasabideak aldatuko diren galdetu dute, eta azkeneko hamar urteetan pasabide horietan emandako istripuak zenbat izan diren.

Gora