→Hego Uribe

Birziklapena errazteko gida zabaldu du Nerbioi-Ibaizabaleko Udaltalde 21ek

basauri bosgarren edukiontzia 2017 pozokoetxe

Hondakinak hobeto bereiztera bideratutako herritarrentzako informazio kanpaina abian jarri du Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Udaltalde 21 erakundeak.

Argazkia: Geuria

Hondakinak hobeto bereiztera bideratutako herritarrentzako informazio kanpaina abian jarri du Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Udaltalde 21 erakundeak. Kanpainak iraun bitartean, eskualdeko etxeetan hondakinak nola bereizi argitzen duen gida praktikoa banatu dute postontziz postontzi. Gida hori Arakaldon, Arrankudiaga-Zollon, Arrigorriagan, Etxebarrin, Orozkon, Ugaon, Urduñan, Zaratamon eta Zeberion banatu dute. Era berean, gida online kontsultatzeko aukera ere badago, eta aipatutako udaletxeetan eta udal-ekipamenduetan ere eskuragarri daude gidak.

Eskuliburuak zehazten du edukiontzi bakoitzean zer bota daitekeen eta zer ez, tamaina handiko hondakinak non eta zer ordutegitan utz daitezkeen, edota hondakin organikoak birziklatzeko zer egin behar den.

Birziklatzea aurreztea dakar

“Hondakinak birziklatuz, ingurumena nabarmen hobetzeaz gain, aurrezpen ekonomiko garrantzitsuak ere lortzen dira”, diote Udaltalde 21etik: “Izan ere, masan jasotako hondakin tona bat tratatzea birziklatzeko aurrez bereizitako hondakinen tona bat tratatzea baino % 60 gehiago kostatzen zaie Bizkaiko erakundeei. Diru hori gure herria eta bertako bizi-kalitatea hobetzeko erabili daiteke”.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean gaikako bilketa hobetzeko kanpaina hau OCR Branding enpresari esleitu zaio, lau eskaintza jaso zituen prozedura irekiko lehiaketa sinplifikatuaren irabazleari, alegia. Zenbatekoa 13.712,61 eurokoa izan da, BEZ barne.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak