→Hego Uribe

“Pentsioen sistemak gazte, heldu zein merkatariei eragiten die, ez guri pentsionistoi bakarrik”

Astelehenero kontzentrazioak egiten jarraituko dute pentsionistek Hego Uriben. Urtarrilaren 15ean urtebete bete da pentsionistek protestak hasi zituztenetik

Pentsionisten Mugimenduko kontzentrazio bat Basauriko udaletxearen aurrean // Argazkia: Geuria

Basauriko Pentsionisten Mugimenduak manifestazioak egingo ditu hilero. Era berean, astelehenero kontzentrazioak egiten jarraituko dute Hego Uribe eskualdean. Urtarrilaren 15ean urtebete bete da Bizkaiko pentsionistek protestak hasi zituztenetik

Gizarte Segurantza barruan sartzen den Pentsioen Sistema Publikoaren alde; Europar Gutun Sozialaren aholkuei jarraituz gutxienez 1.080 euroko pentsioa genero bereizkeriarik gabe; KPI errealaren araberako igoera legez bermatzea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; Jasangarritasun Faktorea baliogabetu; genero arrakalarik ez egotea (Hego Euskal Herriko emakumeek batez beste % 41 gutxiago kobratzen dute, gizonek baino); edota aurretiko jubilazioari zigorrik ez ezartzea aldarrikatzen du Pentsionisten Mugimenduak, baita Hego Uribe eskualdeko mugimenduek ere, “zahartzaro duina izateko”.

Dagoeneko urtebete igaro da pentsionistek protestak hasi zituztenetik, eta oraindik ere mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute, “pentsioak bermatzen dituztenera arte”, diote Basauriko Pentsionisten Mugimendutik. Astelehenero elkarretaratzeak egiten dituzte Hego Uribeko udaletxeen aurrean 12:00etan. Hala nola, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon eta Ugaon

Milaka herritar biltzen dira astelehenero Hego Uribe eskualdean, “pentsio duinen alde” // Argazkia: Geuria

Basauriren kasuan, gainera, manifestazioak hilero egiteko deia zabaldu dute. “Asmoa izango da Basauriko auzo ezberdinetara iristea”, diote. Abenduan Kalero auzorantz egin zuten ibilaldia, urtarrilean Pozokoetxerantz eta otsailean Arizerantz. “Hileko lehen astelehenetan egingo ditugu manifestazioak eta Basauriko auzo guztietara iristeko asmoa dugu: erdigunea, Urbi, Basozelai eta San Migel”, diote Basauriko pentsionistek. Manifestazioak udaletxetik abiatuko dira hileko lehen astelehenetan, 12:00etan. 

Oinarri sendoa

Hego Uribeko Pentsionisten Mugimendutik diotenez, “pentsio duinen markoan oinarri sendoa dago, sozialki zein ekonomikoki. Euskadiko Pentsionisten Taldeak 600.000 lagun baino gehiago ditu, eta Espainiakoak 9 milioi baino gehiago”, diote: “Aurretiaz egindako lanak beharrezko aurrezkia ekarri behar zuen, mantenu publikoarekin, pentsionista bakoitzaren bizitzako azken etaparako. Modu duinean bizitzeko aukera izan behar dugu, estutasunik gabe”, diote.

Ildo horretan gogorarazi dute pentsioen sistemak ez duela bakarrik eragina pentsionistengan: “Izan ere, pentsioen sistemak gazte, heldu zein merkatariei eragiten die, eta ez gaur egun pentsionista direnei soilik”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak