→Hego Uribe

Haxotz eta Agian eskualdeko taldeak irabazle, Rockein lehiaketan

basauri rockein finala 2018 haxotz argazkia david mars

Tokiko talderik onenaren saria jaso du Haxotz taldeak eta euskarazko talderik onena Agian izan da. Rockein-en seigarren edizioaren sari nagusia The Owl Project talde markinarrak irabazi du.

Tokiko talderik onenaren saria jaso du Haxotz taldeak // David Mars

Tokiko talderik onenaren saria jaso du Haxotz taldeak eta euskarazko talderik onena Agian izan da. Rockein-en seigarren edizioaren sari nagusia The Owl Project talde markinarrak irabazi du eta Publikoaren saria Kimera taldeak irabazi du

Rockein lehiaketaren seigarren edizioko finala maiatzaren 12an ospatu da Basauriko Social Antzokian. Sari nagusi orokorra The Owl Project taldeak (Markina-Xemein) irabazi du, Moonshakers (Bilbo) eta Purple Vellocet (Bilbo) bandak gailenduta. Tokiko talderik onenaren saria jaso du Haxotz taldeak eta Agian taldea izan da euskarazko bandarik onena (tokiko talderik onenaren saileko finalista ere bazen). Publikoaren sarian 2.650 lagunek parte hartu dute eta 303 boto jaso ostean, Kimera taldeak (Oñati) irabazi du saria. Finalera 250 ikus-entzule baino gehiago hurbildu da Social Antzokira.

Talde irabazleak (The Owl Project), besteak beste, gutxienez bost kantetako EP profesional bat kaleratuko du eta bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztuko du. Eta, euskarazko talderik onenak abesti baten grabazioan eta ekoizpenean parte hartuko du. Era berean, saridun guztiek (talde irabazleak, tokiko talderik onenak, euskarazko talderik onenak eta publikoaren sariak) Bizkaiko areto nagusienetako batean edo 2019ko MAZ Basauri jaialdiaren barnean kontzertua eskainiko dute.

Finaleko epaimahaia osatu dute: Álvaro Fierro kritikari musikala, dokumental musikalen zuzendari eta kulturaren alorrean eragin ekonomikoak ikertzen dituen Cultumetría enpresako arduradunak; Amets Rodríguez Mundaka Festival-eko zuzendariak; Jon Hervás Shake klubaren eta Solifest eta Unisound jaialdien eragile eta Panorama promotorako kideak; Amaia Santana musikan berezitutako kazetariak (MondoSonoro, Rock In Bilbo); Iker Bárbara MondoSonoro aldizkari musikalaren Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzaileak; Joseba Vegas, BI FM-ko zuzendariak; Jon Aguirrezabalaga ekoizle musikala eta WAS musika taldeko kideak eta Igone Beloki, Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotziak.

Rockein Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen laguntzaz, bultzatutako Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da. 2018an hirugarren urtez jarraian bere parte hartze errekorra gainditzea lortu du, 135 artistek izena eman ostean. Rockein-en sari nagusiko aurreko irabazleak Los Cosméticos (2017), Albert Cavalier (2016), Grand Matter (2015), The Weapons (2014) eta Radiofunkens (2013) izan ziren.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak