→Hego Uribe

Euskadiko eta Nafarroako musikari onenak bilatuko ditu zazpigarren urtez Rockein lehiaketak

Euskadiko eta Nafarroako musikariei zuzendutako lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute gaur, martxoaren 21era arte. Finala maiatzaren 11n izango da Basauriko Social Antzokian.

Agian taldea izan zen euskarazko bandarik onena 2018an, baita tokiko talderik onenaren saileko finalista ere // Argazkia: David Mars

Euskadiko eta Nafarroako musikariei zuzendutako lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute gaur, martxoaren 21era arte. Finala maiatzaren 11n izango da Basauriko Social Antzokian

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako Rockein lehiaketa martxan da zazpigarren urtez. Besteak beste, jokoan dauden sarien artean daude: EP baten grabazioa, ekoizpena, masterizazioa eta diseinu grafikoa, bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzea. Guztira, lau sari banatuko dituzte: talde irabazlea, tokiko talderik onena, euskarazko talderik onena eta publikoaren saria.

Lehiketan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute martxoaren 21era arte. Alorreko profesionalek osatutako epaimahaiak maiatzaren 11an, larunbatez, aukeratuko ditu Basauriko Social Antzokian joko duten sei finalistak jasotako proposamen guztien artean. Gau horretan bertan epaimahaiak erabaki eta jakinaraziko du 2019ko edizioaren irabazleak zeintzuk izango diren.

Iaz The Owl Project talde bizkaitarrak irabazi zuen talderik onenaren saria. “Rockein lehiaketak ateak zabaldu dizkigu. Erakusleiho ikaragarria da Euskadiko eta Nafarroako taldeentzako”, dio Gaizka Azcuenaga The Owl Project taldeko bateria-joleak: “Aukera ezin hobea da bakarlari zein taldeentzako”.

Parte-hartze errekorra

2018an Rockein-ek parte-hartze errekorra ezarri zuen hirugarren urtez jarraian: iaz 135 proposamen jaso zituen (horietatik 27 taldek Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan edo Laudion erroldatutako kide bat zeukaten, gutxienez) eta Social Antzokiko finalera 250 lagun hurbildu ziren. Lehiaketak % 58 igo du parte hartzea 2013ko lehen ediziotik hona.

Gaur aurkeztu dute Rockein lehiaketaren zazpigarren edizioa // Argazkia: Geuria

“Rockeinen parte-hartze datuak, antzeko beste ekimen batzuen testuinguruan, oso datu onak dira. Arrigorriaga, Galdakao, Laudio eta Aldundiaren laguntzaz, lehiaketa Basaurik musikaren alde egiten duen apustuaren engranajearen barneko beste pieza bat bezala ulertzen dugu. Agian piezarik garrantzitsuena, gehien behar dutenean proiektuei bitarteko profesionalak ematen dizkiena baita”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak.

Rockein lehiaketa antolatzen dute Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.

The Owl Project, azken edizioko irabazleak

2018ko Rockein lehiaketan The Owl Project talde bizkaitarra (Markina/Durango) suertatu zen garaile. Hori dela eta, sariaren ondorioz ekoiztutako lanak aurkeztu dituzte gaur Basaurin egin duten prentsaurrekoan: ‘Enea’ EPa (bost abestiz osatutako diskoa) eta ‘Lithium’ abestiaren bideoklipa (Borja Crespo zuzendari getxoztarrak filmatua).

Bai The Owl Project, bai 2018ko gainerako irabazleak (Haxotz, Agian eta Voltium -Kimera bezala parte hartu zuten, izena aldatu dute baina taldekide berberak dira-) konfirmatuta eta iragarrita daude jada MAZ Basauri 2019rako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak