→Hego Uribe

Meridian eskualdeko taldea tokiko irabazlea, Rockein lehiaketan

Basauri eta Arrigorriagako Meridian taldeak irabazi du tokiko talderik onenaren saria 2019ko Rockein lehiaketan. Sari nagusia Sara Zozaya donostiarrak irabazi du, euskarazko talderik onena Cäctus izan da eta publikoaren saria Dukkha taldeak jaso du.

Tokiko talderik onenaren saria Meridian taldeak irabazi du // Argazkia: David Mars

Basauri eta Arrigorriagako Meridian taldeak irabazi du tokiko talderik onenaren saria 2019ko Rockein lehiaketan. Sari nagusia Sara Zozaya donostiarrak irabazi du, euskarazko talderik onena Cäctus izan da eta publikoaren saria Dukkha taldeak jaso du

Rockein lehiaketaren zazpigarren edizioak baditu irabazleak. Sari nagusia Sara Zozaya donostiarrak irabazi du, tokiko banadarik onena Meridian izan da (Basauri-Arrigorriaga), euskarazko talderik onenaren saria Cäctus talde bermeotarrak eskuratu du, eta publikoaren saria Dukkha hirukote gipuzkoarrak irabazi du. Finala maiatzaren 11n ospatu zen Basauriko Social Antzokian eta bertara 270 lagun bertaratu ziren, “iazko 250ak gaindituz”, diote antolakuntzatik.

Sara Zozaya The Roof edo Nerabe bezalako proiektuetan ibili da, eta Rockein-en sari nagusia irabazten duen lehen emakumea da. Besteak beste, gutxienez bost kantetako EP profesional bat kaleratuko du eta bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztuko du. Doña (Iruñea) eta Meridian (Basauri eta Arrigorriaga) taldeak ziren sari nagusia irabazteko beste hautagaiak.

Tokiko talderik onenaren saria Meridian taldeak irabazi du, Basauri eta Arrigorriagako kideek osatutako power-trio-a. Sari nagusirako hautagaia ere bazen eskualdeko taldea, baina lehen saria eskuratu ez zuenez, Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartu zuen epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek markatzen dutena jarraituz. Herio, Keniama eta Samoah ziren tokiko talderik onenaren kategoriako beste hautagaiak.

Cäctus, Bermeoko hard-rock laukotea, izan da euskarazko proposamenik onena eta Dukkha hirukote gipuzkoarrak irabazi du Publikoaren saria 188 boto jasota. Aurten 2.670 lagunek parte hartu dute bozkaketan, iaz baino 20 gehiagok. Euskarazko talderik onenak abesti baten grabazioan eta ekoizpenean parte hartuko du. Era berean, saridun guztiek (talde irabazleak, tokiko talderik onenak, euskarazko talderik onenak eta publikoaren sariak) Bizkaiko areto nagusienetako batean edo 2019ko MAZ Basauri jaialdiaren barnean kontzertua eskainiko dute.

Finaleko epaimahaiak “talde finalisten maila bikaina” azpimarratu du. Finaleko epaimahaia osatu dute: Álvaro Fierro, kritikari musikala, dokumental musikalen zuzendari eta kulturaren alorrean eragin ekonomikoak ikertzen dituen Cultumetría enpresako arduradunak; Jon Mikel García, Bay Of Biscay Festival-eko komunikazio arduradunak; Jon Aguirrezabalaga, ekoizle musikalak; Amaia Santana, musikan berezitutako kazetariak (MondoSonoro, Rock In Bilbo); Iker Bárbara, MondoSonoro aldizkari musikalaren Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzaileak; Joseba Vegas, BI FM-ko zuzendariak; Asier Arrieta, sormen publizitarioko irakaslea EHUn; Igone Beloki, Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotziak eta ‘Willy’, WAS musika taldeko kide eta sortzaileetariko batek.

Rockein Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen laguntzaz, bultzatutako Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da. 2019an laugarren urtez jarraian bere parte hartze errekorra gainditzea lortu du, 146 artistek izena eman ostean (iaz baino 11 gehiagok). Rockein-en sari nagusiko aurreko irabazleak The Owl Project (2018), Los Cosméticos (2017), Albert Cavalier (2016), Grand Matter (2015), The Weapons (2014) eta Radiofunkens (2013) izan dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak