→Hego Uribe

Parte-hartze errekorra lortu du laugarren urtez jarraian Rockein lehiaketak

Aurten 146 artistek eman dute izena Rockein lehiaketan, iaz baino 11 gehiagok. Laugarren urtez jarraian bere parte-hartze errekorra gainditzea lortu du.

Tokiko talderik onenaren saria jaso zuen iaz Haxotz taldeak // Argazkia: Rockein

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako Rockein lehiaketak parte hartze errekor berria lortu du bere zazpigarren edizioan. Hain zuzen ere, aurten 146 artistek eman dute izena, iaz baino 11 gehiagok. Zentzu horretan, laugarren urtez jarraian, 2016tik, bere parte-hartze errekorra gainditzea lortu du aurten ere.

Jasotako proposamenen artean 25 tokikoak dira, hau da, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat dute gutxienez, eta 18k euskarazko talderik onenari sarira hautagai izateko aukera dute. Partaide guztien artean epaimahaiak sei finalista hautatuko ditu, eta finala maiatzaren 11n, larunbatez, ospatuko da Basauriko Social Antzokian. Era berean, aurrekoetan bezala, publikoaren saria ere egongo da. Bozkatzeko epea apirilaren 22rarte egongo da irekita Rockein-en Facebook profilean. Parte hartzaileen artean MAZ Basaurirako bono bikoitza zozketatuko dute.

Talde finalistak aukeratzeaz arduratuko den epaimahaia osatuko dutenak dira: Arantzazu Pinto ‘Nara’ Madrileko Mad Cool jaialdiko artisten kontratazio agentea; Alvaro Fierro kritikari musikala; Amets Rodriguez Bay Of Biscay jaialdiko zuzendaria; Jon Aguirrezabalaga ekoizle musikala eta WAS taldeko kidea; Amaia Santana musikan berezitutako kazetaria; Iker Barbara MondoSonoro aldizkariko Euskal Herriko eta Errioxako koordinatzailea; Joseba Vegas BI FMko zuzendaria; Asier Arrieta Sormen publizitarioko irakaslea EHUn; Igone Beloki Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotzia; eta Fernando Nieva Rockeineko arduradun Basauriko Kultur Etxean.

% 70eko hazkundea

2013an lehen edizioa abiarazi zutenetik Rockein-en parte hartzea % 70 hazi da, ondorengo garapenarekin: 2013an 85 partaide, 2014an 105, 2015ean 95, 2016an 110, 2017an 129, 2018an 135 eta 2019an 146.

“Nerbioi-Ibaizabalen sortutako lehiaketa Euskal Herri mailan erreferentzia bilakatu da artista berrientzat, parte hartze datuei eta jasotako proposamenak berrizteko gaitasunari erreparatuz gero”, diote antolatzaileek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak