→Hego Uribe

Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egingo dute Hego Uriben

Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamenduetara eramateko elikagai bilketa ari dira egiten Hego Uribe eskualdean. Otsailaren 8an eta 9an bilketa berezia egingo dute Bilbondon.

Euskal Karabana martxoaren 2an aterako da Laudiotik Tindufeko kanpamenduetara // Argazkia: Munduaz Blai Elkartea

Urtero bezala, Euskadiko Frente Polisarioaren delegaritzak, Ilargi Gorriak eta Euskadiko Sahararen Aldeko Elkarteen Koordinakundeak antolatuta Piztu itxaropena, Sahararen aldeko euskal karabana burutuko da aurten ere Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Hego Uribe eskualdean ere.

Etxebarrin, Munduaz Blai Elkarteak bideratuta, hainbat tokitan ari dira elikagaiak eta produktuak biltzen, besteak beste, Etxebarriko BM eta Eroski supermerkatuetan, kiroldegian eta hainbat ikastetxetan. Horrez gain, otsailaren 8an arratsaldez eta hilaren 9an egun osoan zehar, bilketa berezia burutuko dute Basauriko Bilbondo merkataritza zentroan. Arroza, lekaleak, pasta, sardinak eta hegaluzea oliotan, azukrea, pardelak eta konpresak batuko dituzte.

Era berean, Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolan ere ari dira elikagaiak biltzen. EAEn bildutako guztia Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamenduetara eramango dute. Euskal Karabana martxoaren 2an aterako da Laudiotik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak