→Hego Uribe

[Sakonean] Autogestionatzen

galdakao ortuondo gaztetxea

Galdakaoko Ortuondo Gaztetxeak ateak itxi ditu, baina eskualdean gaztetxe berri batek ireki ditu: Arrigorriagakoak, alegia. Basaurin Txarraska Gaztetxeak 18 urte bete ditu aurten.

Galdakaoko Ortuondo Gaztetxeak ateak itxi ditu, baina eskualdean gaztetxe berri batek ireki ditu: Arrigorriagakoak, alegia. Basaurin Txarraska Gaztetxeak 18 urte bete ditu aurten

Plazatik Gaztetxera arteko saltoa egin dute hainbat eta hainbat gaztek 70eko hamarkadaren amaieraz geroztik. Herri kultura garatzeko guneak dira gaztetxeak eta oro har, eraikin bat okupatzean datza ekinbideak. Asanblada autogestionatu batek kudeatzen du, normalean Gazte Asanblada batek.

Gaztetxeen mugimendua Euskal Herrian indarra hartzen hasi zen Franco diktadorea hil eta gero, gazteria OJEren (Espainiako Gazte Antolaketa) lokalak okupatzen hasi zenean. Gaur egun, ehundaka gaztetxe daude Euskal Herrian euren Gazte Asanbladekin, baita Hego Uribe eskualdean ere. Eraikin hauek askotan pertsona fisiko edo juridikoen izenean daude legalki, eta ondorioz, desalojo mehatxuak normalak dira. Era berean, gaztetxerik gabeko Gazte Asanbladak ere badaude gurean.

Basaurikoa (Txarraska) eta Arrigorriagakoa dira momentu honetan bizirik dirauten gaztetxe bakarrak, Galdakaokoak (Ortuondo) apirilean ateak itxi ondoren. Gazte Asanbladei dagokienez, herri bakoitzak gutxienez bat dauka: Bagabiz Gazte Asanblada (Galdakao), Lamintxu Gazte Asanblada (Usansolo), Txarraska Gazte Asanblada (Basauri), Ugaoko Gazte Asanblada eta Arrigorriagako Gazte Asanblada, besteak beste.

ATE BAT ITXI, LEIHO BAT IREKI

Galdakaoko Ortuondo Gaztetxeak ateak itxi ditu apirilaren 2an. “Gaztetxea dagoen lursaila pribatua da eta apurka-apurka saltzen joan dira bertako eremuak”, dio Arkaitz Sagasti Ortuondoko kideak: “Jaureguizar enpresak azalera osoa erosi du eta luxuzko etxebizitzak eraikitzea da euren helburua”.

Udaletxearekin eta eraikuntza-enpresarekin elkarrizketak izan eta gero esan ziguten akordioak dagoeneko itxita zeudela eta martxoaren hasieran abiaraziko zituztela obrak”, dio Sagastik. Hala ere, Ortuondokoek adierazi zuten martxoan zehar ekitaldiak antolatuko zituztela eta hilabeteko epean gaztetxearen eraikina hustuko zutela jakinarazi zuten.

Balantzaren beste aldean Arrigorriagako gaztetxea dago. Gaztelaniazko esaldiak dioen moduan, “ate bat ixten denean leiho bat irekitzen da”. Kasu honetan, Galdakaoko gaztetxeko atea itxita, Arrigorriagako gaztetxeko leihoa ireki da berriki. “Orain dela 10 bat urte gazte batzuek gaztetxea eratzeko pare bat saiakera egin zituzten, baina berehala desalojatuak izan ziren”, diote Arrigorriagako Gazte Asanbladako kideek: “Gure kasuan, orain dela 3 urte herriko zenbait kidek gure jarduerak burutzeko espazio bat falta genuela sumatu genuen. Udaletxearekin batu ginen 2014an, baina airean gelditu zen proposamena. Orduan, udal-gobernuaren interes falta ikusita, gure planteamendua aldatu eta Kirolak eraikinean sartu gara. Orain, jabeen onespenarekin, eta itzelezko lana burutu eta gero, bertan jarraitzen dugu”, diote. Basauriko gaztetxearen kasuan, eskualdealdeko zaharrena da. Aurten 18 urte beteko ditu.

OKUPAZIOA, BIDE BAKARRA

Maiatzaren hasieran bost urte egingo lituzke Ortuondo Gaztetxeak. “Orain dela bost urte Plazakoetxeko beste eraikin bat okupatzea adostu genuen Gazte Asanbladakook. Izan ere, kalean elkartzen ginen bilerak egiteko eta hori ez zen bidea aurrera egiteko”, dio Jon Olea Ortuondoko beste kideak: “Orduan, saiatu ginen gazteriak zituen arazoei era zuzen batean aurre egiten eta gaztetxe bat sortzen”.

Ortuondoren aurretik beste gaztetxe bat zegoen Galdakaon, baina 10 urteko etenaldiaren ostean, eraikin berri bat okupatzeko ideia izan zuten asanbladakoek. “Athletic Kopako finaleko partidua jokatzen ari zen bitartean eraikina okupatzea erabaki genuen, tarte horretan kalean ez baitzen inor egongo. Baina, planeatutakoa ez zen ondo atera”, diote barrezka egun hartako anekdota gogoratuz. Hala ere, beste saiakera bat egin zuten eta leihotik sartzea lortu zuten. Behin tokia garbituta, Ortuondo proiektuaren hiru ardatzei eutsi zieten: etxebizitza, gaztetxea eta harreman sozialak lantzeko gunea eta baratzea.

Arrigorriagan frontoi zaharra okupatu dute. “Hamabost bat urte zeramatzan abandonatuta, belaunaldi ezberdinetako gazte askok pentsatu izan dute frontoi zaharra gaztetxe aproposa izan zitekeela, espazioak jarduera ezberdinak egiteko aukera paregabea ematen duelako”, diote. Gauzak horrela urte hasieran sartu dira Kirolak eraikinera: “Espazio zabal bat da, ekintza kulturalak burutzeko. Egia esan, zaila izaten da Arrigorriagan horrelako gauzak egitea, etengabe baimena eskatzeko burokrazia prozeduretan galdu egiten garelako; gainera toki egokiak aurkitzea zaila izaten da. Azken finean, herriko azpiegitura eta espazio gabeziari erantzutea da gure asmoa”.

Basauriko gaztetxeari dagokionez, Basconia lantegiko bulegoak eta Arizko Ikastola izan zenaren eraikina hartu zituzten orain dela 18 urte.

HAMAIKA PROIEKTU MARTXAN

Ortuondoek diote “eragile sozial eta kulturalik aktiboena” izan dela gaztetxea Galdakaon. Hasteko zenbait kolektibo sortu dira bere sorreratik. Besteak beste, Inizitu Musika Elkartea, Antzerki Taldea, Ortuondo irrati librea eta Komunala. Era berean, beste hainbat proiektu jarri izan dituzte martxan: ortu ekologikoa, plaka frankistak kentzeko kanpaina, Gazte Egunak, tailerrak, hitzaldiak edota beste okupazio batzuetan asistentzia ematea.

Ekimen hauetatik batzuek aurrera jarraituko dute nahiz eta Ortuondo gaztetxea bera desagertu: hala nola, irrati librea, Inizitu Musika Elkartea, Komunala eta Gazte Egunak.

Arrigorriagako gaztetxearen kasuan, mota guztietako ekintza kulturalak antolatzea da asmoa: “Herri bazkariak, tailerrak, solasaldiak, mintegiak, musika emanaldiak, antzerkiak, dantza ikastaroak, zine emanaldiak eta esku pilota partiduak prestatzeko proiektua dugu buruan”, diote Arrigorriagatik: “Honen adibide garbia dira inauterien harira egin zen txano tailerra eta herri bazkaria. Herrigintzarako beharrezkoa den jarduera horietarako gaztetxeko espazioa eskaini genuen eta gazteriaren erantzuna izugarria izan zen”.

Gaztetxearen inaugurazio ofiziala egin nahiko lukete, baina oraindik ez dute egunik zehaztu: “Otsailaren 10erako iragarri genuen Arrigorriagako gaztetxearen irekiera, baina Udalak ekitaldi publikorik egiteko lizentziarik ez geneukalakoan, eraikinaren jabeei ohartarazi zien, irekiera egitekotan, 5.000 eta 50.000 euro arteko isuna jasoko zutela. Ohar hori kontuan harturik, eta jabeekin geneukan konpromisoari eutsiz, bertan behera utzi genuen”, diote.

Txarraska Gaztetxean ere hamaika ekimen jarri dituzte martxan 18 urte hauetan. Esate baterako, teteria eta liburutegi zerbitzuak, grabazio-estudioak, skate pista, serigrafia tailerrak edota asanblada irekiak. Gainera, hainbat musika talde sustatu dira bertatik (Bajo Presión, Krimen&Kastigo, Lo Puto Peor eta Striknina) eta Azpikultura delako proiektua abiarazi dute. Azken horren helburua da CD, DVD eta grafikak ekoiztea eta presentzia ematea.

GAZTEAK, MODU PASIBOAN

Nahiz eta gaztetxeen mugimendua oso hedatua dagoen, gazteen errealitatea bestelakoa da gaur egun. Arrigorriagako Gaztetxeko kideen arabera, “alde batetik, milaka zeregin antzuen artean itotzen gaituzte: gure arteko lehia etengabean bizi gara, ea nork nota onena atera, curriculum hobea izan… Bestalde, daukagun denbora libre urrian modu pasiboan kontsumitzera gaude ohituta. Honek guztiak eta beste hainbat faktorek zaildu egiten dute gazteok proiektu kolektiboetan parte hartzea”.

Dena dela, egoera horri buelta emateko erronka hartuko du eskualdeko gaztetxe berriak: “Erakutsi nahi dugu eguneroko inposaketa hauek gainditzeko esfortzua egitea pena merezi duela eta gainera kapazak garela”, diote. Arrigorriagakoen kasuan, esate baterako, adin ezberdinetako jendea batzen da eta adierazi dutenez, “hemen gabiltzanok ikusi dugu taldean gauza asko egin daitezkeela. Gainera, oso atsegina da horrelako proiektu baten partaide izatea. Ea laster gure gaztetxea irekitzen dugun eta bertan elkar ikusterik dugun”.

Galdakaoko gazte mugimendukoek adierazi dute udalerriko gazteria erakartzeko ere zailtasunak izan dituztela: “Galdakaon jende asko Gaztetxearen alde egon arren, ikaragarri kostatzen zaigu gure ekintzetara jende berria erakartzea. Honekin batera, inguruko kolektibo lagunen arteko saretzean ez dela nahikoa sakondu, eta gure kolektiboetan ere, talde barruko harreman indibidualak zaintzerakoan ez dugula asmatu esan behar dugu”.

Hala ere, dena ez da negatiboa izan. Alde positiboa ere badago: urtarrilaren 5ean Galdakaoko Gazte Asanblada berria eratu zuten zenbait herritarrek eta “zerotik hasteko borondatea” agertu dute. Hortaz, gazteriak aurrera egin dezala bidean, gaztetxeen alde.


arrigorriaga gaztetxea 2017 datuak

galdakao ortuondo gaztetxea 2017 datuak

basauri txarraska gaztetxea 2017 datuak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak