→Hego Uribe

[Sakonean] Elkartasun BOOMa!

galdakao merkatu solidarioa 2016 2017 mundu bat elkartea

Hego Uribe solidarioa dela erakusten dute hainbat ekimenek. Gabonetan, esaterako, merkatu solidarioak eta elikagai bilketak antolatzen dituzte herri batzuek.

Gabonak joan dira. Elkartasun keinu gehien erakusten duen garaia. Denok pertsona hobeak eta eskuzabalagoak bihurtzen garen sasoia. Krisialdiak eraginda-edo (2008an egin zuen eztanda krisi ekonomikoak eta badirudi oraindik ere aztarnak utzi dituela), inguruko lagunak, herritarrak edota ezezagunak laguntzeko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte munduko herrialde gehienek.

Gure lurraldean gehiago sakonduz, Hego Uribe eskualdearen kasuan, udalerri bakoitzak solidario izateko jarduera mordoa egiten ditu. Bertakoak zein kanpoak laguntzeko.

Elkartasuna eta aniztasuna

Hamaika jarduera antolatzen dituzte irabazi asmorik gabeko erakundeek edo herri elkarteek. Besteak beste, batzuk aipatzearren, ekintza hauek nabarmentzen dira urtean zehar: Arrigorriagan, inguruko beste udalerri batzuen antzera, Santa Ageda bezperan, (otsailaren 4an) Eperra, Elizalde eta Upo Mendi txokoko kideak kalerik kale ibiltzen dira dirua biltzeko asmotan. Ondoren, jasotzen duten diru guztia ongintzara bideratzen dute.

Era berean, kirolaren munduan ere elkartasuna adierazten duten zenbait jarduera prestatzen dituzte Arrigorriagan: Herri Krosa solidarioa eta Eguberri eguneko futbol partida solidarioa.

Basaurin, norbanako eta elkarte askok besteei laguntzeko ekintzak burutzen dituzte. Hala nola, Javi Conderen Maratoi Solidarioak, Herriko Taldeakek jaietan antolatzen dituen dirua biltzeko ekitaldiak, Mikelats Kultur Elkarteak San Migeleko auzotarrak babesteko egindako hainbat eta hainbat jarduera, Basauriko Udalak egiten dituen Kirol Jardunaldi Solidarioak, San Jose ikastetxea eta Serso erakundeak lankidetzan egiten duten azoka solidarioa, Kareagako Mendi Martxa eta Jorge Martinez auzotarraren elkarasun-ibilbideak, Eskubaloi Taldeak antolatutako Hondartza Eskubaloi solidarioa eta Basauriko futbol selekzioak Bolivian egin duen lana.

Halaber, enpresa pribatuek ere elkartasun seinaleak adierazten dituzte herritarrekiko. Horren adibide da Basauriko Bridgestone lantegiaren lasterketa solidarioa.

Galdakaon, bertako Boluntarioen Elkarteak (GBGE) urtean zehar milaka jarduera egiten ditu: afari solidarioa, Erdi Aroko Azoka, Greziako errefuxiatuei laguntza bideratzea eta nola ez, ezin ahaztu mundu osora hedatu duen Hozkailu Solidarioa.

Kirola sustatzen duten erakundeek ere elkartasunaren aldeko keinuak egiten dituzte. Esate baterako, Ibaizabal Saskibaloi Taldeak Gabonetan antolatu duen 12 orduko jardunaldia.

Ugaon, Arrigorriagan bezala, Herri Krosa solidarioa antolatzen dute. Eta, azaroko azken larunbatean, hainbat hiritan antolatzen den Fair Saturday delako fenomenoa burutzen dute: Artearen eta kulturaren bitartez mundua aldatzeko eguna.

Zaratamon, Enarria Elkarteak elikagai bilketa antolatzen du abenduan, Arkotxako Motorzaleen Elkarteak Motorock jaialdiaren bidez diru bilketa egiten du eta martxoan bigarren eskuko azoka solidarioa burutzen dute.

Merkatuen areagotzea

Gabonak orain egun batzuk atzean utzi ditugu eta aldi horretan ere solidaritateak bere lekua izan du. Alde batetik, Basaurin emakumeen talde batek antolatzen du urtero Merkatu Solidarioa. Aurtengoa seigarren edizioa izan da eta abenduaren 1etik urtarrilaren 5era bitartea egon da zabalik.

basauri merkatu solidarioa 2016 2017 emakumeak

Basauriko emakumeen taldeak antolatzen du urtero Merkatu Solidarioa / Geuria

Guztira 18.600 euro jaso dituzte, iazko kopurua baino apur bat gehiago. “Urtetik urtera lortzen dugun diru kantitateak goranzko joera du eta horren arrazoia da jendea gero eta kontzienteagoa dela inguruko jendeak behar dituen beharrizanei buruz”, dio Mariasun Bernaola merkatuko boluntarioak. Bernaolarekin batera aritzen da Basauriko emakumeen taldea eta orora hamarna boluntario biltzen ditu.

Biltzea lortu duten kantitate osotik, partida bat lokalaren alokairua, asegurua eta argindarra ordaintzeko erabili behar dute, “baina oso kantitate txikia da hori. Orotara 18.000 euro inguru emango ditugula dohaintzan aurreikusten dugu”, dio Bernaolak. Dohaintza hori Mugarik Gabeko Erakundera bideratzen dute: “Beti eman izan diegu eurei lortu dugun dirua. Izan ere, erakunde serioa da eta benetan larrialdia dagoen lekuetara bideratzen dute dirua”, dio Mariasunek.

Era berean, jendeak merkatura eraman dituen elementuak saldu barik geratuz gero, Basauriko Merkatu Solidarioko antolatzaileek Emaus fundaziora eta bestelako helburu solidarioak betetzen dituzten lekuetara bidaltzen dituzte: “Aurreko urteetan ere Saharako zein Greziako errefuxiatuen kanpamendura bidali ditugu saldu gabe geratu diren gauzak”.

Beste alde batetik, Galdakaon ere Azoka Solidarioa antolatzen du Mundu Bat elkarteak. Eskualdeko zaharrenetarikoa da merkatu solidario galdakoztarra, izan ere bi hamarkada baino gehiagoko historia du bere gain. “Orain dela 25 urte inguru hasi ziren garaiko Mundu Bat elkarteko boluntarioak merkatu solidarioa Gabonetan egiten eta orduz geroztik martxan dago”, dio Josu Grandibal Mundu Bat elkarteko kideak.

Galdakaoko Mundu Bat elkarteak antolatzen duen merkatu solidarioa eskualdeko zaharrenetarikoa da. 25 bat urte bete ditu.

Grandibalek lagun izan ditu Amaia Artaraz, Iker Barrenetxea, Omaira Gonzalez, Arantzazu Aurrekoetxea, Itziar Centeno eta Oihane Barrenetxea, baita Argizai Eskaut Taldeko zenbait boluntario ere.

galdakao mundu bat elkartea 2017 merkatu solidarioa

Galdakaoko Mundu Bat Elkartearen ekimena da Merkatu Solidarioa / Geuria

Abenduaren 22an ireki zituen ateak azken aldian Araba kalean kokatuta dagoen azoka txikiak eta urtarrilaren 4ra arte egon da zabalik. Batik bat, herritarrek dohaintzan eman dituzten jostailuak eta liburuak izan dituzte salgai eta guztira 3.400 euro batu dituzte. “1.500 euro emago dizkiogu Caritas Galdakaori, beste hainbeste Mosaik Grezian errefuxiatuekin lan egiten duen erakundeari, eta 400 euro Bidezko Merkataritza gizarte mugimenduari”, dio Grandibalek.

18.600 eta 3.400 euro lortu dituzte Basauriko eta Galdakaoko Gabonetako Merkatu Solidarioek, hurrenez hurren

Oro har, Hego Uribe eskualdeko herritarrak solidarioak gara. Ikusi besterik ez dago elkartasunaren alde egiten diren ekintza guztietan lortzen den dirua, baita Bizkaiko Elikagaien Bankuaren edukiera urtetik urtera”, bat datoz Basauriko zein Galdakaoko boluntarioek.

Gora