→Hego Uribe

Ugao eta Basauri, odol emaileen bi muturrak

bizkaia odola emateko unitate mugikorra

Hego Uribe eskualdean Ugao eta Basauri dira odol-donazioen bi muturrak: Ugaok donazio gehien egiten dituen udalerria da eta Basaurik, gutxien.

Odola emateko unitate mugikorra Bizkaian // Argazkia: Galdakaoko Udala

Odol-emaileen kopurua behera doa uda garaian. Galdakaon dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik diotenez, % 30 eta % 50 artean murrizten dira odol-emateak udan. “Hilabete konplexuak dira guretzako. Beharrizanak ohikoak dira, baina odol-donazioek behera egiten dute udako hilabeteetan eta urtarrilean”, dio Miguel Angel Vesga Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko koordinatzaileak Radio Bilbaon egindako adierazpenetan, Hoy por Hoy Bilbao irratsaioan. “Kontuan hartu behar dugu odolak iraungitze-data duela: hematieek hilabete irauten dute eta plaketek 5 egun. Uztailean esfortzu gehiago egiten dugu odol-emaileen kopurua mantentzeko, eta horrela abuztua lasaitasunez hartzeko”.

Hego Uribe eskualdean odola emateko zenbait puntu daude urtean zehar, izan puntu finkoak zein mugikorrak. Gurean, Ugao eta Basauri dira odol-donazioen bi muturrak: Ugaok donazio gehien egiten dituen udalerria da eta Basaurik, gutxien. “Proportzioan, herri txiki batean odol-emaile gehiago daude. Bizkaia mailan, odol donazio gehien egiten dituzten udalerrien artean Ugao dago, baita Atxondo edo Derio ere. Bilbo, Basauri, Barakaldo edota Sestao bezalako herri handietan donazioak txikiagoak dira, eta zerrendan azkenengo postuetan daude”, adierazi du Anton Cabo Ortiz Bizkaiko Odol-Emaileen Elkarteko presidenteak Radio Bilbaon: “Herri txikietan mezua azkarrago eta errazago hedatzen da herritarren artean. Hiri handietan, ordea, zailagoa da”. Zeberioren kasuan, urtean behin dator Bizkaiko Odol Emaileen Elkartearen autobusa. Aurten, martxoan izan da autobusa eta bertara 15 lagun hurbildu ziren odola ematera.

Euskal Autonomia Erkidegoan Bizkaia da odol-emaile gutxien duen lurraldea. Araba da lehena, gero Gipuzkoa eta azkenik Bizkaia. Iaz 52.000 odol-donazio egin ziren EAEn, eta urte honetan, ekainera arte, dagoeneko 46.499 odol-donazio egin dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak