→Etxebarri

Energia aurrezteko proiektua abian jarri dute eskualdeko zenbait eskolek

ugao leitoki eskola

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean, Ugaoko, Zaratamoko eta Etxebarriko ikastetxeetan abiarazi dute Euronet 50/50 Max proiektua 2017/2018 ikasturtean.

Ugaoko eskolako jolastokia // Geuria

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean, Ugaoko, Zaratamoko eta Etxebarriko ikastetxeetan abiarazi dute Euronet 50/50 Max proiektua 2017/2018 ikasturtean

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal Jasangarritasun Bulegoak jakinarazi duenez, eskualdeko Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeetan Euronet 50/50 Max proiektua jarri dute martxan. Hain zuzen ere, Ugaoko, Zaratamoko eta Etxebarriko eskoletan. Proiektuak ikastetxeetan energia aurreztea du helburu. Horretarako, pizgarri ekonomiko bat emango da helburua gauzatzeko. Hau da, ikasleek, irakasleek eta irakasleak ez diren langileek energia aurrezteko hartutako neurriei esker, aurreztutakoaren %50a hezkuntza-zentroari itzuliko zaio, finantza-ordainketaren edo konpentsazio-neurrien bidez. Gainerako %50a Udalaren fakturazio ekonomikoan igarriko da, Udalak berak ordaintzen baititu fakturak. Laguntza teknikoa emateko xedearekin, Galemys S.L. enpresa kontratatu du Udaltalde 21ek.

50/50 metodologiak bederatzi pauso planteatzen ditu. Horien bitartez, erabiltzaileek energia kudeatzeko prozesuan modu aktiboan parte har dezaten lortu nahi da, baita ingurumenarekiko errespetuzko jarrera izan dezaten ere. Hauek dira bederatzi puntuak: talde energetikoa sortzea; aurretiko ibilbide energetikoa egitea; ikasleen ezagutza handitzea eta sentsibilizatzea; ibilbide energetikoa; datu energetikoak eta inkestako datuak lortzea; eskolaren ekintza plana egitea; informazio kanpaina abiatzea; inbertsio txikia eskatzen duten neurriei buruzko txostena egitea; eta arrakastak eta aurreztutako dirua komunikatzea.

Proiektua 2017-2018 ikasturtean garatuko da Nerbioi-Ibaizabal eskualdean eta emaitzak 2018ko abenduan jakinaraziko dituzte. Proiektua zabalik egongo da, hurrengo ikasturteetan eskola gehiagok parte har dezaten.

Europar Batasunetik

Euronet 50/50 Max proiektua Europar Batasunak sustatzen du, Europarentzako Energia Adimendua programaren barruan. Programa Alemanian jarri zuten abian eta ondoren beste 13 herrialdetara hedatu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak ekimena sustatu du, eta Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia 2020 markoaren barruan sartu du. Orain arte, Euronet 50/50 Max proiektuari esker, energia aurreztea eta CO2 emisioak murriztea lortu da, 500 eskola baino gehiagotan jokamoldea aldatzeko ekintza zehatzen bidez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak