→Hego Uribe

Zuberoako ikastolen aldeko gabonetako otarreak salgai, Hego Uriben

euskarabila zuberoa eperra ikastola otarrea 2014

Zuberoako Eperra (Sohütako) eta Basabürüko (Aloze) ikastolen aldeko ekimena Hego Uribe eskualdera itzuli da beste urte batez.

Aurreko urteetan saldu dituzten produktuak // Euskarabila

Zuberoako Eperra (Sohütako) eta Basabürüko (Aloze) ikastolen aldeko ekimena Hego Uribe eskualdera itzuli da beste urte batez. Gabonetako otarreak saltzen dituzte Zuberoako bi ikastola horiek, bi helburu betetzeko asmoarekin: bi ikastola horien finantziazioan laguntzeko, eta tokiko ekoizleak ezagutarazteko.

Seme-alabek Zuberoan euskaraz ikasteagatik, gurasoek finantziazioaren %30 jartzen dute eta administrazioek, %20. Gainerako %50, hau bezalako gizarte ekimenen bidez eskuratzen dute. “Iazko salmentari esker, adibidez, irakasle baten kontratuaren %80 ordaindu ahal izan genuen eta liburutegi bat ireki genuen Eperra Ikastolan bertan”, diote antolatzaileek.

Modu horretan, Zuberoako etxalde eta enpresetako ekoizpenak dituzten bi otarre saltzen dituzte. Alde batetik 40 euroko otarrea eskaintzen dute: ardi gazta zatia (450 gramo), ahate gibela (125 gramo), gurinezko galleta paketea (150 gramo), eztia (500 gramo), txerriki patea (200 gramo) eta txerriki odolkia (200 gramo) aurki daitezke bertan. Besteak 52 euroko kostea du eta aurreko produktuez gain, berotu eta arrozarekin edo patatekin jateko prest dagoen txahalki kontserba piperrekin (640 gramo) eskaintzen du.

Otarreren bat erosteko eskaera egin nahi duenak epea zabalik du azaroaren 30era arte ondorengo lekuetan: Basaurin, Euskarabila elkartean (euskarabila@gmail.com) eta Arizko Ikastolan (posta@arizkoikastola.net); Arrigorriagan, Abarrak elkartean (abarrak@gmail.com); eta Galdakaon, Eguzkibegi Ikastolan (idazkaria@eguzkibegi.net). Otarreak abenduaren 18ko astean jasoko dituzte.

Gora